• LAN ETA BIZI
  • Mamadou Bop: "Nire alabak ez du biziko nik bizi izan dudana, eta horrek lasaitasuna ematen dit"

Mamadou Bop: "Nire alabak ez du biziko nik bizi izan dudana, eta horrek lasaitasuna ematen dit"

Aberria utzi eta bizitza hobe baten bila abiatu zen senegaldarra da Bop. Arrantzale aritu zen hainbat urtez, baina itsasoa utzi eta Hondarribiko Abarka jatetxean egin du lan azken 17 urteetan

Mamadou Bop Hondarribiko Abarka jatetxeko sukaldaria da | Argazkia: EnpresaBIDEA
Mamadou Bop Hondarribiko Abarka jatetxeko sukaldaria da | Argazkia: EnpresaBIDEA
Joanes Marquet Lopetegi
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko uztailaren 10a - 05:30

21 urte Senegalen eta beste 21 Euskal Herrian egin ditu Mamadou Bopek. Dakarretik ehun kilometro pasatxora kostaldean kokatutako Joal Fadiouth herrian jaio zen orain 42 urte, eta 15 urtetatik arrantzale aritu ostean, Euskal Herrira etortzea erabaki zuen, Orion (Gipuzkoa) zuen osaba baten bide bera egin asmotan. Kaiukoan iritsi zen Tenerifera, 2005aren hastapenetan, eta gero Euskal Herriraino igo zen. Hondarribian topatu du bere aberrian ikusten ez zuen etorkizuna: etxea, lana, familia, alaba... biziraun baino, bizitzea lortu du. Itsasoa utzi zuen, eta Abarka jatetxean egin du lan azken ia hamazazpi urteetan. Hondarribiko jatetxean bertan mintzatu da bere bizitzari buruz EnpresaBIDEArekin.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Nolako bizitza zenuen Senegalen? Zer gogoratzen duzu?

Joal Fadiouth-en jaio nintzen, Dakarretik gertu kostaldean kokatuta dagoen arrantzaleen hiri batean, Thies izeneko probintzian. Han bizitza ona nuen, eskolara joateko aukera baikenuen. Gero, eskolatik ateratzean arrantzatzera joaten ginen. Arratsaldean, denok hondartzan elkartzen ginen, batzuk borrokan aritzen ziren, beste batzuk entrenatzen. Hondartzek balio digute lan egiteko eta entrenatzeko.

 

Zertarako entrenatzen zenuten hondartzetan?

Jende asko hondartzan entrenatzeagatik hainbat kiroletan profesional izatera iritsi da, borroketako kiroletan, boxeoan...

Non bizi zinen?

Nire gurasoekin bizi nintzen hona etorri arte. Orain hara joaten naizenean, nire gurasoen etxera noa, nahiz eta nire etxea eduki. Hiru arreba ditut, eta bigarrena naiz ni.

Behin eskola amaituta hasi al zinen lanean?

Ez. Senegalen hemen bezainbeste aukera ez ditugunez, edozein adina izanda ere ikasten aritzen zara, eta 15 urtetik aurrera ere lanean hasten zara. Kaiukoak ditugu arrantza egiteko. Beraz, 14-15 urtetik aurrera arrantzaleekin arrantza egitera joaten gara.

Batzuek ikasketak uzten dituzte ordurako, eta jada lanean hasten dira. Beste batzuek, gurasoek diru gehiago badute, ikasten jarraitzeko aukera dute, lan egiten duten bitartean.

Zure kasua izan zen bigarrena.

Nire kasuan ikasten jarraitzeko aukera izan nuen, nik nahi izan nuen arte. Nire gurasoek ordaindu ahal zutelako. Nire aitak Frantzian egin zuen lan urte askotan. Bost anai ziren, eta denek Frantzian egiten zuten lan. Senegaletik joan eta etortzen ziren. Arrantzaleak ziren. Familia guztia izan da arrantzalea, eta atunontzietan joaten ziren.

Hala ere, nire aita gazteagoa zenean, tapizeria ikastaro bat egin zuen, sofak egiteko. Eta bere tailer propioa ere izan zuen Ganbian. Nire aita anai gazteena da, eta bere anaiek itsasoan lana lortu zutenean, esan zioten tailerra utzi eta Frantziara joateko beraiekin.

Zure aitak lana izateak aukera eman zizun zuri ikasten jarraitzeko. Noiz arte?

18 urte arte. Baina 14 urtetatik jada lanean ere ari nintzen. Nire aitak ez zuen nik lan egitea nahi, baina ez zen gurekin egoten; urtean bi edo hiru hilabete egoten zen soilik gurekin. Nik, beraz, nahi nuena egiten nuen. Ikasi eta arrantza egitera joaten nintzen. Ama etxean geratzen zen. 18 urterekin jada ikasketak amaitu eta lanean hasi nintzen arrantzale gisa.

Nola gogoratzen duzu arrantzale lana?

Leku batetik bestera ibiltzen ginen. Zuk ulertzeko, arraina jarraitzen genuen. Mauritaniaraino joaten ginen, Nuadhiburaino. 2-3 hilabete egoten ginen bertan, eta gero Senegaleko iparraldera jaisten ginen, eta hor ere hilabete batzuk egoten ginen. Jarraian, Dakarrera joaten ginen, ondoren, beherantz segitzen genuen ni bizi nintzen herriraino (Joal Fadiouth), eta hortik Djiffereraino. Gero, Ganbiara, Tanjeh izeneko herri batera. Ganbian hilabete batzuk egon eta Senegal hegoaldera jaisten ginen, Casamassera. Kafountine izeneko hirian egoten ginen. Guinea Bisauko mugara iristen ginen, Cap skirring herriraino. Arrantzan ibiltzen ginen arkumearen festa edo Ramadan iritsi arte, eta orduan nire hirira itzultzen ginen. Ohitura dugu etxean ez egoteko.

Arrantzatutako arrain hori non saltzen zenuten?

Tanjehn (Ganbia) arrantzatzen bagenuen, gero herrira joaten ginen, bertako salmenta puntura. Salmenta promotore bat zegoen herri bakoitzean. Arrantzatutakoa aztertu eta hornitzaileekin hitz egiten zuen. Prezio bat adostu eta arraina deskargatzen genuen gero. Guk diru bat jaso eta gero promotoreak herrian saltzen zuen.

Nolako itsasontzietan ibiltzen zineten?

Handiak ziren. Itsaso handira joaten ginenean, itsasontzian lo egiten genuen. Baxuran joan eta etorri ibiltzen ginenean ez genuen itsasontzian lo egiten, gau osoan arrantzatzen aritzen baikinen. Arratsaldean joan eta goizean bueltatzen ginen. Beste batzuetan, gauaren erdian egiten genuen buelta.

"Itsaso handira joaten ginenean, itsasontzian lo egiten genuen. Baxuran joan eta etorri ibiltzen ginenean ez genuen itsasontzian lo egiten, gau osoan arrantzatzen ibiltzen baikinen"

Zer oroitzapen dituzu? Lan gogorra zen?

Bai, oso gogorra. Itsas zabalean zaude eta egur baten menpe soilik. Ez da burdina, egurra da, eta edozein momentutan hautsi daiteke. Beldurra ez genuen pasatzen, ohitzen zarelako, baina badakizu bizitza zure esku ez dauden faktore batzuen menpe dagoela. Oso gogorra da, batez ere, gauetan, ez dagoelako argirik. Soilik bonbilla gorri batzuk genituen, sarearen kokapena jakiteko, eta linterna batzuk.

18tik 21 arte aritu zinen arrantzan eta orduan Euskal Herrira etortzea erabaki zenuen. Nola sortzen da aukera hori?

Gu Djifferen ginen, eta nire lehengusu batek deitu zidan, kaiuko batzuk Tenerifera zihoazela esanez, eta horietako bat antolatzen ari zirela. Denak marinelak ginen, beraz, bagenekien ez genuela arazorik izango. Nik baietz esan nion, hurrengo egunean bertan ateratzeko prest izango nintzela.

Ez zenuen zalantzarik egin.

Nire aitari deitu nion. Nire gurasoek ez zuten ni joatea nahi. Baina nik nahi nuena egin nezakeen. Orduan “konbatea” antolatzen hasi ginen. Izan ere, han herrialdetik ateratzeko bidea prestatzen hasten direnean, ez dizute esaten Espainiara goazela, esaten dizute "konbate bat" prestatzen ari garela. Hitz gakoekin aritzen gara, han debekatuta baitago kaiukoan alde egitea. Harrapatzen bazaituzte, kartzelan sei hilabete sar zaitzakete.

Ez zenuen aukerarik ikusten Senegalen zure bizitza aurrera ateratzeko?

Badakizu zer gertatzen den gurea bezalako herrialdeetan? Daukatenek asko daukatela eta ez daukatenek ez dutela ezer ere ez. Orduan, gurasoekin egongo zara bizitzen hil arte edo oso zaharra zaren arte, ez baitaukazu aukera zure etxe propioa erosteko. Ez duzu goserik pasatzen, baina ez duzu aukerarik pertsona bezala hazteko. Ikusten duzu lanean ari zarela, urteak aurrera doazela, eta ez zarela hazten. Beraz, etorkizun hobea bilatzen duzu. Etorkizuna non dago? Espainian. "Bada goazen zorte bila", esaten diozu zure buruari.

Ikusten duzu biziraun dezakezula, baina ezin duzula ganoraz bizi.

Hori da. Orain auto bat eros dezaket edo ez dakit zenbat balio duten oinetako batzuk. Zergatik? Orain lana egiten dut, kobratzen dut... aukera hauek ez ditut Senegalen. Askok badituzte, baina beste askok ez. Harrapatuta geunden. Gurasoak edo arrebak gaixotuz gero, ezin nuen lagundu. Kaosa da. Ezin duzu medikuen errezeta ordaindu.

Mota horretako pobrezia asko dago herrialdean, baina jateko pobreziarik ez dago. Pertsona bezala haztearen pobrezia da.

"Ez duzu goserik pasatzen, baina ez duzu aukerarik pertsona bezala hazteko. Ikusten duzu lanean ari zarela, urteak aurrera doazela, eta ez zarela hazten"

Nolakoa izan zen Kanarietarainoko bidea?

Senegal eta Mauritaniako mugatik abiatu ginen, Saint Louisetik (Mauritania) eta sei eguneko bidaia izan zen. Bost egunen ondoren, argiak ikusten hasi ginen gauetan. Denak kapitainak ginen, bagenekin nondik joan. Cabo Verderuntz abiatu ginen lehen egunean, eta, gauean irlako argiak ikustean, iparralderantz biratu eta Kanarietarantz joan ginen.

Ibilbidea ezagutzen dutenek ez dute arazorik, baina ezagutzen ez dutenek bai. Cabo Verderuntz joan beharrean, zuzenean gorantz joanez gero, arriskutsua da, Afrika eta Europako urak elkartzen diren puntu bat baitago hor, eta olatuak norabide guztietan mugitzen dira. Hor sartuz gero ez zara ateratzen. Kaiuko asko bertan geratzen dira.

Zenbat pertsona joan zineten pateran?

Ez ginen asko. 40 bat lagun. Kaiuko handia zen, baina ezin ginen etzan lo egiteko. Eserita egoten ginen eta nekatuta geundenean zutitu.

Kanarietarako iritsiera nolakoa izan zen? Arazoak izan zenituzten?

Ez. Gurutze Gorria guregana etorri zen gu jasotzera. Zentro batera eraman gintuzten, eta hor dutxatu, lo egin, afaldu eta deskantsatu genuen. Hurrengo egunean Guardia Zibilak galdera batzuk egin zizkigun, jakiteko zer motibogatik etorri ginen. Gurutze Gorriaren marka zuen txartel bat eman ziguten zenbaki batekin.

Espainiako autonomia erkidego bakoitza nahiko desberdina denez, txartel horrek leku askotan balio zidan, baina Euskal Herrian ez. Hona iritsi eta 2-3 urte hemen nengoela, oinez nindoan hondartzatik eta poliziak gelditu ninduen, paperak eskatu eta esan zidaten txartel horrek ez zuela balio. Beste paper bat egin zidaten zenbaki berarekin. Sei hilabeteko indarraldia zuena. Soilik galderak egiten dizkizute, besterik ez. Legezko paperak izateko garai hartan erroldatuta izan behar zinen hiru urtez.

IMG 2930
Bop bere lanpostuan, Abarka jatetxeko parrillan | Argazkia: EnpresaBIDEA

Kanarietatik Euskal Herrira zuzenean etorri al zinen edo lehenago beste nonbaiten aritu zinen lanean?

Dokumentua jaso eta denbora batez beraiekin geratzen zara. Ondoren, zure hemengo familiari deitzen diote eta abisatu zu jada iritsi zarela. Jakinarazten diete bidaliko zaituztela egun jakin batetan hara. Billetea hartu eta diru pixka bat ematen dizute, zuk ez diezaiozun bidean beste inori eskatu.

Zuk, beraz, bazenuen familiaren zati bat Euskal Herrian?

Bai. Nire aitaren anai bat hemen zegoen. Orain erretiratu egin da, eta Senegalen bizi da, baina Orion egiten zuen lan. Oriora iritsi nintzen egunean, nire osabak itsasora atera behar zuen, eta beste pertsona bat etorri zen nire bila Donostiako geltokira.

Kanarietara iritsi nintzenetik Donostiara ailegatu arte hilabete pasatxo igaro zen. Kanarietarik Madrilera joan ginen, eta hiriaren kanpoaldean zaldi asko zituen finka batean egon ginen. Astebete baino gehiago egon ginen bertan. Gero, trenez Donostiara etorri nintzen. Bi egun izan nintzen Orion, eta Hondarribira joan nintzen. Gaur arte.

Nola lortu zenuen lana Hondarribian?

Hondarribira bizitzera etorri ginen, izan ere, nire osabak ni hona iritsi nintzen garai berean etxe bat topatu zuen herrian. Osaba eta nire lehengusu batzuekin bizi izan nintzen hasieran.

Nola izan ziren lehen egun horiek? Zer egin zenuen?

Iristen zarenean esku bat aurrean eta beste bat atzean duzu. Ez daukazu ezer ez, ezta jateko ere. Baina hemen nuen familia senegaldarra janariaz eta arropaz arduratu zen lana aurkitu nuen arte. Lanean hasten zarenean, hasten zara antolatzen, baina lana ez duzunean, ahal heinean laguntzen dizute. Nire osaba itsasora joaten zenean, dirua uzten zigun janaria eros genezan, kalean dirua eskatzen egotea saihesteko edo egin behar ez dituzun gauzak egiten ez aritzeko.

Gurutze Gorrikoek ere lagundu zidaten, eta hainbat ikastaroren berri eman zidaten. Gaztelania ikasten ere hasi nintzen.

"Iristen zarenean esku bat aurrean eta beste bat atzean duzu. Ez daukazu ezer ez, ezta jateko ere"

Lehen lana zein izan zen?

Lan solte txiki batzuk egiten hasi nintzen. Egun bat bai, beste bat ez… eta horrela ari nintzela Mari Carmen izeneko emakume bat ezagutu nuen. Emakume hori nire ama, nire arreba... niretzako dena izan zen. Dena erraztu zidan. Dena egin zuen ni aurrera atera nendin.

Lana aurkitzen lagundu al zizun?

Ez zidan soilik lana aurkitzen lagundu, beste gauza askotan ere bai. Bera aipatzen dudanean, barruak mugitzen zaizkit. Ezagutu eta gutxira, nik oraindik ez nuen errolda lortu nire osabarenean, bi urte igaro nituen erroldatuta egon gabe; Mari Carmenek bere etxean hartu ninduen bere semea izango banintz bezala, ia ezagutu gabe. Horrek aukera eman zidan herrian erroldatzeko. Berak lagundu zidan errolda egiten.

Ondoren, behin bere etxean erroldatzea lortu nuenean, Hondarribiko gizarte zerbitzuak etorri ziren galdezka ea etxean zer baldintzatan ninduen. Logela bat utzi zidan eta etxeko giltza eman. Irten eta sar nintekeen nahi nuenean.

Nire alaba jaio zenean, berak ez zuen nahi nik bere etxetik alde egitea. Alokairuan bizitzera joan nintzen, baina egunean zehar berarekin egoten nintzen, eta lo egiteko orduan etxera joaten ginen.

Behin erroldatuta egonik, zure egoera asko aldatu al zen?

Bai, ate guztiak irekitzen hasi zitzaizkidan. Ikastaro bat egin nuen Errenterian. Ikastaroa bukatzean Irungo Agirre gozotegian lan egin nuen urtebetez, eta gero, Colindresera joan nintzen, Kantabriara (Espainia), itsasoko lana bilatzera. Kalean lo egin nuen gau batez, motxila bizkarrean nuela. Lana lortu nuen eta bi denboraldiz aritu nintzen bertan.

Orduan, txipa aldatu behar nuela pentsatu nuen. Pastelgintza ikastaro bat eta esperientzia pixka bat nuenez, nire buruari esan nion: "Familia guztiak izan behar al dugu marinela? Ez. Aldatuko dut lanez eta bilatuko dut itsasoa ez den beste zerbait".

IMG 2898
Bop Abarka jatetxearen barrualdean | Argakia: EnpresaBIDEA

Eta itsasoa utzi zenuenean, Hondarribira bueltatu eta nola topatu zenuen lana?

Itzuli nintzenean opil garaia hastekoa zen eta Agirren aritu nintzen lanean berriro ere. Orduan ezagutu nuen Nacho hemengo (Abarka jatetxea) nagusia dena, Hondarribiko taberna batean Reala eta Real Madrilen arteko partidu bat ikusten ari ginela. Galdetu zidan ea zein taldekoa nintzen, eta nik esan nion Realekoa nintzela. Berak esan zidan arraroa zela hori, ezagutzen zituen atzerritar guztiak Real Madril edo Bartzelonakoak zirela. Hor ezagutu eta handik gutxira ekarri ninduen jatetxera. Arraskan hasi nintzen lanean sei hilabetez, ondoren, sukaldean sartu ninduten, gaur arte, 17 urte, 18 egiteko bidean.

Gustura al zaude jatetxean? 

Pozik nago bidean topo egin dudanekin, batez ere Mari Carmenekin. Dena eman didan pertsona da.

Sukaldari lana ere gogorra da, baina itsasokoa baino nahiago duzula imajinatzen dut.

Diferentzia da hemen lurra zapaltzen dudala. Edozer gauza gertatzen dela lurra zapaltzen dut. Itsasoan egurrezko, plastikozko edo burdinazko itsasontzi baten menpe zaude. Segurtasun handiagoa duzu hemen.

Abarkan hainbeste urtez lan egiteak aukera eman dizu Senegalen zaila ikusten zenuen bizi-proiektu bat aurrera ateratzeko?

Hori da. Nire familia sortu nuen eta etxe batean bizi naiz, Hondarribiko alde zaharrean. Mari Carmen hil zen, baina bere ahizpa gazteek lagundu didate eta seme bat bezala tratatu naute. Familia horri oso eskertuta nago. Etorkizunean edozein gauza egiten dudala ere, berekin zorretan nagoela sentitzen dut. Nire alaba iloba bat gehiago da beraientzat, eta behar duen guztia ematen diote.

"Badakizu zer gertatzen zaigun guri? Ez garela, ez hemengoak, ez hangoak. Senegalera noanean atzerritar bezala ikusten naute, eta hemen oraindik ere bai. Gure herrialdeetan esaten digute ez garela bertakoak, bere garaian joan egin ginelako "

Mantentzen al duzu harremana zure Senegaleko familiarekin?

Bai, bertara joaten naiz urtean hilabete edo hogei bat egun, baina hemen dut lana eta familia. Nire sustraiak hemen ditut.

Familiaren zati batek Joal Fadiouthen jarraitzen al du?

Bai, bertan jarraitzen du. Baina badakizu zer gertatzen zaigun guri? Ez garela, ez hemengoak, ez hangoak. Senegalera noanean atzerritar bezala ikusten naute, eta hemen oraindik ere bai. Gure herrialdeetan esaten digute ez garela bertakoak, bere garaian joan egin ginelako. Behartuta ikusten duzu zure burua uneoro bertakoa den norbaitekin ibiltzera. Nire ama, arrebak, ilobak... han daude, ni bizi nintzen etxean bizi dira oraindik.

Senegalgo egoerak hobera egin al du? Jarraitzen al duzu herrialdearen egunerokoa?

Dezente hobetu da orain dela urte batzuekin alderatuta. Jende asko atera da atzerrira, eta askok bere etxe propioak egin dituzte. Hara noan bakoitzean gauza asko aldatuta ikusten ditut. Kanpora joan diren gehienek bere etxeak eraiki dituzte gero herrialdean. Kalea ez dago errepideez eginda, baina etxeak ondo daude. Bakoitzak bere etxea du orain eta lehen ez zen horrela.

Zure familia lehen baino hobeto bizi al da?

Bai. Nire aitak kanpoan lan egin duenez, asko lagundu digu. Orain ni nago kanpoan, eta nire arrebaren alaba gazteena Frantzian bizi da. Ikasten bukatu du, eta lanean hasi da. Ateak irekitzen ari da, eta familia hazten doa ekonomikoki eta arlo pertsonalean.

Zure asmoa Euskal Herrian bizitzen jarraitzea da edo noizbait Senegalera itzuli nahiko zenuke?

Etorkizuna ondo ikusten dut. Nire alabak ni baino bizitza hobea izango du, ez baitu sufrituko nik sufritu dudana, eta ez du biziko nik bizitu dudana, orain nagoen lekura iritsi ahal izateko. Horrek lasaitasuna ematen dit. Lan egonkorra izateak, jende zoragarria ezagutzeak... ematen dizu indarra eta gogo gehiago aurrera segitzeko bizitzarekin.

Jainkoak ez baditu gauzak aldatzen, hemen jarraituko dut. Nagusiak esango balit ezin didala lan gehiago eman hemen, joan egingo naiz. Baina hemengo lantaldea ere familia bat gara eta urte asko daramatzagu elkarrekin. Hau bukatuko balitz, ez dakit zer egingo nukeen, baina nire etorkizuna Senegalen ez dut argi ikusten. Hemendik telefonoz hitz egin dezaket haiekin, baina ez dut gauza askorik soluzionatzen. Egia da hilero laguntza ekonomikoa bidaltzen diedala. Norbait gaixotzen bada, badakite ez dutela arazorik izango, eta horrek ere lasaitasuna ematen dizu.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain