Futboleko gizonezkoen Munduko Kopa ez da sekula izan kirol ekitaldi soila. 1934ko Italia faxistan eginikoa, 1978ko Argentinaren diktadura militarrekoa edo 2022ko Qatar eta giza eskubideen gaineko polemikak horren adibide dira; eta aurtengoa ere hala izango da. Aipaturiko ekitaldia bakoitza ezberdina izan da, ordea, testuinguru geopolitiko zein gizarte eta aldi ezberdinetako errealitateak islatzen baititu.
Gaur bertan abiatuko den hitzordua Estatu Batuetan, Kanadan eta Mexikon jokatuko da. Gaueko 21:00etan hasiko da lehen partida, Mexikoren eta Hegoafrikaren artekoa. Uztailaren 19ra arte luzatuko den txapelketak, halaber, hainbat marka hautsiko ditu. Lehen aldiz 48 selekziok hartuko dute parte, historiako txapelketa luzeena izango da eta hiru herrialdek antolatuko dute aldi berean. Eta, noski, horrek ere badu bere testuinguru geopolitikoa: Donald Trumpen eta FIFAren arteko harremana, Estatu Batuetan herrialde jakin batzuetako jokalariei ezarritako gehiegizko kontrolak, AEB eta Iranen arteko gatazka...
Trump eta Infantinoren arteko erlazioa, gako
1994ko Mundiala Estatu Batuetan jokatu zenean, futbolarekiko kultura eta zaletasuna areagotzeko prozesuan zebilen herrialdea, biztanleen artean ez baitzegoen oso zabalduta. Gaur egun, ordea, egoera ezberdina da oso: soccerrak (AEBn horrela deitzen diote futbolari) inoiz baino indar handiagoa du. Estatu Batuetako liga, Mayor League Soccer (MLS) deritzona, hazkunde betean dago eta kapital estatubatuarra gero eta handiagoa Europako elitezko klubetan.
Testuinguru hori kontuan izan behar da Donald Trump AEBko presidentearen eta Gianni Infantino FIFAko presidentearen arteko hurbiltasuna ulertzeko. Hori nolakoa den ezagututa, argi geratzen da Munduko Kopa zergatik jokatzen den AEBn, herrialdeak egun bizi due momentua aintzat hartuz gero batez ere. Azken urteetan, FIFAk bi egoitza berri ireki ditu Estatu Batuetan: bata New Yorkeko Trump Tower eraikinean eta bestea Miamin, Trumpen Mar-a-Lago egoitzatik kilometro gutxira. Harreman instituzional hutsetik harago, FIFAk keinu politiko argiak egin dizkio Etxe Zuriari. 2025ean, esaterako, Infantinok Bakearen FIFA Saria eman zion Trumpi, Nobel Saria eskuratu ez izanaren ondoren. Keinu sinbolikoa baino gehiago izan zen, bi instituzioen arteko harreman estuaren erakusle garbia, hain zuzen.
2025ean, Infantinok 'Bakearen FIFA Saria' eman zion Trumpi, Nobel Saria eskuratu ez izanaren ondoren
Trumpek ere etekin politikoa atera nahi dio txapelketari. Munduko Kopa bat dator bete-betean AEBko independentziaren 250. urteurrenarekin, uztailaren 4an izango dena, eta gainera, presidenteak 80 urte beteko ditu laster. Aukera paregabea izango da berak nahi duen irudia munduari erakusteko: Estatu Batuak berriz ere munduaren erdigunean daudela eta bera dela lidergo horren ordezkaria.
Gainera, Munduko Kopak beste onura politiko bat ere ekar diezaioke. Inflazioak, bizi-kostuaren garestitzeak eta ekonomiarekiko kezka sozialak markatutako testuinguruan, kirol ekitaldi erraldoiak arreta publikoa beste gai batzuetara bideratzeko gaitasuna izan dezake, azaroan egingo diren Kongresurako hauteskundeak —mid term delakoak— ate joka daudenean.
Hiru herrialde, hiru intentzio
Mundiala, ordea, ez da soilik Estatu Batuetan jokatuko. Arestian aipatu bezala, Kanadak eta Mexikok ere euren interes propioekin heldu diote txapelketari. Kanadaren kasuan, aukera bat da bere burua Estatu Batuen alternatiba gisa aurkezteko: herrialde irekiagoa, anitzagoa eta demokratikoagoa. Trumpen mehatxu espantsionistek eta nazioarteko ordenarekiko mesfidantzak baldintzatutako testuinguruan, Ottawak irudi hori indartu nahi du.
Kanadaren kasuan, aukera bat da bere burua Estatu Batuen alternatiba gisa aurkezteko: herrialde irekiagoa, anitzagoa eta demokratikoagoa
Mexikok, berriz, historia egingo du, hirugarren aldiz Munduko Kopa antolatuko duen lehen herrialdea bilakatuko baita. Claudia Sheinbaum presidenteak txapelketaren inaugurazioan ez egotea erabaki du, aurreko presidenteek jasandako txistuak saihesteko. Hala ere, txapelketa baliatu nahi du Espainiarekiko harremanak normalizatzeko, Felipe VI. erregea izango den Espainia eta Uruguairen arteko partida baliatuta. Segurtasunaren gaia, ordea, ezin izango du bazterrean utzi. Narkotrafikoaren aurkako borroka eta kartelen jarduera izango dira txapelketaren testuinguruko kezka nagusietako batzuk.
Iran, gatazkaren ispilu, futbolarena baino
Hala ere, jakina denez, Munduko Koparen inguruan bueltaka dabilen kezka edota gai nagusia beste zerbaitetan dago: Iranen eta AEBren arteko gatazkak zer sortu dezakeen. Teheranek txapelketa hasi aurretik bertatik bertara pairatu du Estatu Batuek herrialde asiarrari ezarritako murrizketa politika. Irango herritarrentzako bisen inguruko zalantzak, eta Washingtonen eta Teheranen arteko gatazkak kezka eragin dute selekzioaren inguruan.
Eta, are gehiago, txapelketa hasi baino egun gutxi batzuk lehenago aditzera eman zen Irango selekzioa gehienez egun batez izan ahalko zela AEBko lurretan. Hau da, sartuko dira, baina soilik partidak jokatzeko. Irango Federazioaren hasierako ideia Arizonan geratzea zen, bertatik gertu jokatuko dituelako txapelketako lehen faseko hiru partidak, ligaxka fasekoak, alegia.
Mexikok historia egingo du, hirugarren aldiz Munduko Kopa antolatuko duen lehen herrialdea bilakatuko baita
Baina AEBren ideia ez zen hori, inolaz ere, eta Irango selekzioa Tijuanara (Mexiko) mugitu behar izan da. Bertatik bidaiatu behar izango du ligaxkako hiru partida horiek jokatzera (Los Angelesera lehen bi partiden kasuan, eta Seattlera hirugarrengoan). Noski, Arizonan geratzea entrenatzen, lo egiten, bazkaltzen afaltzen, edo dena delakoa egiten askoz ere erosoagoa izango litzateke iraniarrentzat, hori guztia Tijuanan egitea baino, partidak jokatzeko bidaian igaro beharreko kilometro kopuruarengatik, batez ere.
Hala ere, aipatu bezala Los Angeles hirian jokatuko ditu Iranek bere lehen bi partidak, munduko diaspora irandarrik handienetako bat bizi den hirian. Zaleen bultzada izango dute, beraz, jokalariek. Horrela, ikur nazionalak errespetatzeko bermeak eskatu dizkiete Irango agintariek FIFAri eta AEBri, baita bisatuen ingurukoak ere.
Mundiala hasi baino egun gutxi batzuk lehenago aditzera eman zen Irango selekzioa gehienez egun batez izan ahalko zela AEBko lurretan
Argi dagoena da bi herrialdeen arteko tentsioa handia dela. Kaleetan islatuko da hori, protestekin besteak beste, eta futbol zelaian ere ikusi ahal izango da akaso; izan ere, aukera dago final hamaseirenetan Estatu Batuak eta Iranek elkarren kontra jokatzeko.
Ez litzateke lehen aldia izango. 1998an Frantzian izandako Munduko Kopan Iranek 2-1 irabazi zion AEBri. Tentsio handiko partida izan zen hura, eta aurtengo testuingurua askoz ere sutsuagoa dela kontuan izanda, kanporaketa faseko partida hori ere halakoxea izatea ez litzateke sorpresa izango.
FIFAren poltsikoak, bitartean, beteta
Munduko Koparen beste dimentsio nagusia ekonomikoa izango da. FIFAk aurreikusi du 2023-2026 zikloa (aurreko mundialetik aurtengorainoko denbora tartea, alegia) 13.000 milioi dolarreko diru-sarrerekin ixtea, historiako kopururik handiena. Horietatik 8.900 milioi 2026ko ekitalditik bertatik etorriko lirateke; gainontzekoa txapelketarako sailkatzeko jokatutako partidetatik.
Munduko Kopa negozioa da erabakitzeko ahalmena duten horientzat
Paradoxa da, ordea: gisa honetako txapelketak erakundearentzat (FIFArentzat) negozio biribila diren bitartean, etxeko herrialdearentzat sarritan emaitza ekonomikoak ez dira hain oparoak izaten. Azpiegitura berriak eraikitzea (estadioak, garraioa, etab.), segurtasun gastuak eta antolakuntza kostuak gero eta handiagoak dira, FIFAk berak ezartzen dituen baldintzak ere zorrotzagoak direlako, eta askotan, herrialdera bertaratzen diren zaleek gastatutako diruak ez du negozioa errentagarri bilakatzen, antolakuntzan inbertitutakoa kopuru handiagoa izaten delako.
Munduko Kopa, azken finean, futbola baino askoz gehiago da: negozioa da erabakitzeko ahalmena duten horientzat, FIFA bezalako instituzioentzat, alegia. Eta gainera, historikoki eta batez ere azken bi txapelketetan, haien irudia zuritzeko beharra duten herrialdeentzako baliabide ezin hobea da. Estatu Batuentzat boterea erakusteko tresna da; Qatarrentzat 2022koa bere herrialde izaera ezkutatzeko tresna izan zen modu berean. Aldiz, nazioarteko tentsioen ispilu ere izango da aurtengoa, eta horrenbestez, 2026ko udan milioika pertsona zelaira begira ariko diren bitartean, zelaitik kanpo beste partida handi bat jokatuko da, boterearena.