Zertarako pentsatu, erantzunak klik bakarrean izan baditzakegu? Zertarako pentsatu, mugikorra begiratuta behar duguna lor badezakegu batere hausnartzeko beharrik gabe?
Zertarako pentsatu?
Galdera horrexek eman zion hasiera atzo Donostiako Tabakaleran egin zen Kutxa Fundazioaren Jakingura Jaialdiari. Ekitaldiaren hasiera mamitsua izan zen, Remedios Zafra filosofo, idazle, unibertsitateko irakasle eta ikertzailearen hitzaldiak zer pentsatu eman baitzien bertaratutakoei. “Ez naiz robot bat, eta robota ez izateak eskatzen du atentzioa, denbora eta sakontasuna”, aitortu zuen Zafrak. Haren ustez, gaur egun inoiz baino informazio gehiagorekin eta konektatuago bizi bagara ere, gero eta zailagoa da pentsatzeko denbora eta arreta aurkitzea. Sare sozialek eta plataforma digitalek "ulertu aurretik epaitzera" bultzatzen gaituztela ohartarazi zuen, eta zera azpimarratu zuen: “Arreta da gaur-gaurkoz lehia handiena sortzen duen ondasuna”.
Idazlearen esanetan, teknologiek eta adimen artifizialek aukera asko eskaintzen dituzte, baina arriskuak ere badituzte. Bereziki kezkagarria iruditzen zaio pentsamendua eta jakin-mina makinen esku uzteko joera. "Jakin-mina are ezinbestekoagoa da adimen artifizialak hari uko egitea errazten duen garai honetan", adierazi zuen. Izan ere, haren aburuz, "makinek guztiari erantzuten badiote, jakin-min handia duten pertsonak behar ditugu galderak egiteko".
Zafra: "Kultura autoritario orok beharrezkoa du galderak egiteko aukerak ixtea, eta horren ordez kontsignen espazioa irekitzea"
Pentsamendu kritikoa lantzeko beharrezko baldintzak ere aipatu zituen: arreta, denbora eta sakontasuna. "Ez da izango pentsamendurik, pentsatzeko denbora izan ezean", gogorarazi zuen. Deseroso sentitzeko prest egotearen garrantzia azpimarratu zuen Zafrak, hausnarketak askotan zalantza, ziurgabetasuna eta aurrez ezarritakoa kolokan jartzea eskatzen dituela berretsiz.
“Zalantza da jakin-minaren bihotza, eta baita tresna demokratikoa ere”. Horregatik, diskurtso sinplistak eta erantzun azkarrak nagusitzen diren garai honetan, Zafrak galderak egiteko gaitasuna zaintzearen alde egin zuen. "Kultura autoritario orok beharrezkoa du galderak egiteko aukerak ixtea, eta horren ordez kontsignen espazioa irekitzea", ohartarazi zuen.
Galderak egitea da hazteko modurik onena
Zafraren hausnarketen ostean, César Bona irakasle eta dibulgatzaileak hartu zuen hitza. Hark ere jakin-mina jarri zuen erdigunean, baina ikuspegi praktikoago batetik: nola sustatu jakin-min hori ikasgeletan, enpresetan eta lan-taldeetan. Bonaren ustez, haurrek berezkoa duten galderak egiteko joera ez da galtzen urteak pasa ahala, baina helduaroan “moteldu” egiten da, besteak beste, gizakiak ez duelako gustuko besteek ezjakintzat hartzea; Bonak, ordea, kontrakoaren alde egiten du: “Gehien galdetzen duten pertsonak izaten dira gaitasun handienak dituztenak”.
Hizlariak bere haurtzaroko eta irakasle gisa izan duen ibilbideko hainbat pasadizo ekarri zituen gogora. Gertakari horien bidez erakutsi zuen galderak egitea ez dela beti ongi ikusia izan, ez eskolan, ezta enpresen munduan ere. Txikia zenean, literaturako klase batean, esaterako, Bonak eskua altxa eta irakasleari zera galdetu zion: “Nola dakizu Gustavo Adolfo Bécquerrek zer esan nahi izan zuen poema horrekin?”. Irakasleak zigortu egin zuen. Ordutik, denbora luzez ikasgelan ez zuen berriz eskua altxatu.

Bonaren arabera, bai eskolan, bai enpresetan, galderak egiteko aukera ematen ez bada, pertsonak behartuta egongo dira geldirik egotera. “Jakin-mina baloratzen ez duen eskola bat erantzunak memorizatzen diren leku bat bihurtuko da; eta galderak onartzen ez dituen enpresa, berriz, lehendik dakiena errepikatzen duen erakundea”. Horren aurrean, haurrek duten begirada berreskuratzeko deia egin zuen, gauza arrunten aurrean harritzeko gaitasunaren alde, alegia. Hala ere, helduek ere jakin-minari eusten diotela erakutsi asmoz, eguneroko hainbat adibide erabili zituen hizlariak: serie baten amaieran zer gertatuko den jakin nahi izatea, eleberri bat irakurtzen jarraitzea edo ustekabeko mezu baten atzean zer dagoen asmatu nahia.
Bona: “Hitz egiten dakien pertsona ez da etengabe hitz egiten duena, ondo entzuten dakiena baizik”
Jakin-min handia duten pertsonen ezaugarriak ere zerrendatu zituen: ez dira konformatzen lehenengo aukerarekin, xehetasunei erreparatzen diete, ezagutzen ez dituzten gauzekiko erakarpena sentitzen dute, eta alboan dutena entzuten jakiten dute, “hitz egiten dakien pertsona ez delako etengabe hitz egiten duena, ondo entzuten dakiena baizik”. Gainera, arreta, jakin-mina eta sormena estuki lotuta daudela nabarmendu zuen: “Arretarik gabe ez dago jakin-minik; eta jakin-minik gabe ez dago sormenik”.
Entzuleei galderak erantzunak bezainbeste baloratzeko gonbita egin zien: “Galderak dira haziak, eta emaitzak fruituak. Askotan fruituak miresten ditugu, baina ez diegu nahikoa garrantzirik ematen fruitu horiek sortu dituzten galderei”. Horixe izan zen bere mezu nagusietako bat: galderak balioestea hazten eta ikasten jarraitzeko modurik onenetako bat dela.
Azkartasuna, pentsamendu kritikoaren kaltetan
Teknologiaren, hezkuntzaren eta jakin-minaren arteko harremanean sakondu zuten Zafrak eta Bonak, alboz albo eseri zirenean bien arteko solasaldi laburrean. Bakoitzak bere esparrutik hitz egin izanagatik, biek ala biek nabarmendu zuten galderak egiteko gaitasuna dela gaur egungo gizartearen erronka nagusietako bat.
Zafraren ustetan, jakin-mina sustatzea ez da soilik kontu indibiduala; garrantzitsua da baldintza egokiak sortzea motibazioa, komunitatea eta pentsamendua elikatzeko. Bonak, berriz, "probokatzearen" garrantzia azpimarratu zuen, ohiko inertzietatik ateratzeko eta pertsonei inguruan dutenari buruz galdetzera bultzatzeko. Hain zuzen, baieztatu zuen jakin-mina bizirik mantentzeko moduetako bat dela eguneroko errutinak haustea eta ohiko gauzak behatzea beste begirada batekin, esaterako, "autobusean, musika entzun beharrean, jendearen elkarrizketak entzunez, edota etxera bueltatzean ezagutzen ez duzun bide berri bat aukeratuz".
Bonak egunerokoan “gutxienez bost aldiz” egin beharreko galdera proposatu zuen: “Nola funtzionatzen du honek?"
Solasaldian, gaur egungo gizartearen abiadurak eta berehalakotasunak pentsamendu kritikoari egiten dizkioten kalteez ere hausnartu zuten. Zafrak ohartarazi zuen dena "azkarra, erabilgarria eta neurgarria" izan behar duen testuinguruetan zailagoa dela hausnarketarako tartea aurkitzea, eta horrek sormena zein pentsamendu kritikoa ahultzen dituela. Bonak, berriz, norberaren ezjakintasunaz jabetzearen balioa aldarrikatu zuen, galderak egiteak ikasteko ateak zabaltzen dituelakoan. Biek nabarmendu zuten, halaber, jakin-mina loratzeko ezinbestekoak direla konfiantzazko eta adeitasunezko giroak, non naturala den zalantzak partekatzea eta besteen ikuspegietatik ikastea.
Amaitzeko, entzuleei galdera bana utzi zieten hausnarketarako. Bonak egunerokoan “gutxienez bost aldiz” egin beharreko galdera proposatu zuen: “Nola funtzionatzen du honek?”. Zafra, aldiz, jaialdiaren hasierara itzuli zen, eta hausnarketarako galdera hau hautatu zuen: “Zergatik pentsatu?”
