EAEko erakundeen %87k adimen artifizialean (AA) inbertitzen du, BAIC Adimen Artifizialaren Euskal Zentroak egindako hirugarren diagnostikoaren arabera. Azterlanak erakusten du teknologia horren erabilera handitzen ari dela, eta inbertsioa emaitzak ematen hasi dela: aztertutako lau erakundetatik batek urtebete baino gutxiagoan berreskuratzen du AA proiektuetan jarritako dirua.
Hazkundea erabilera-datuetan ere ikus daiteke. Hamar langile edo gehiago dituzten establezimenduen %21ek erabiltzen ditu AA sistemak, eta iaz, aldiz, %17,4k. Gainera, aztertutako erakundeen herenak AA sistemen funtzionamendua gainbegiratzeko tresnak ditu. Diagnostikoaren arabera, manufaktura-industria bigarren sektorea da teknologia hori erabiltzen, eta horrek industria-jardueran AA txertatzeko aukerak existitzen direla erakusten du.
Hala ere, BAICek jasotako datuek erakusten dute aurrerapena ez dela "intentsitate berean gertatzen erakunde guztietan". Enpresa handien %35,5 ari da Adimen Artifizialaren Europako Erregelamendura egokitzeko lanean; ETEetan, berriz, %13koa da ehunekoa. Datuen estrategiari dagokionez ere aldeak daude: enpresa handien %57,6k badu martxan edo garapen-fasean estrategia hori, eta ETEetan %44,3k. Talentua lortzea ere erronka da, EAEn AAko profesionalen beharra %58 handitu baita.
Txostenak, beraz, AA zenbat erakundek erabiltzen duten neurtzetik harago joateko beharra azpimarratu du, teknologiak produktibitatean, lehiakortasunean eta lan egiteko moduetan duen eragina ezagutzeko. Jaione Ganzarain Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuorde eta BAICeko presidenteak azaldu duenez, "orain, adopzio-maila neurtzetik harago joan behar dugu, zein eraldaketa bultzatzen ari den eta Euskadiren aurrerapen ekonomiko eta sozialean nola laguntzen duen ulertzera".
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta