Ez da kasualitatea Global Innovation Dayren aurtengo edizioa Donostian egin izana. IBMren ordenagailu kuantikoa abiatu dute orain gutxi Gipuzkoako hiriburuan, eta atzo jakin zen Europako Berrikuntza Kontseiluak 2025eko Berrikuntzaren Europako Hiriburu izateko hautagai aukeratu duela. Topaketaren lekua ere ez da ausazkoa izan, Groseko auzoan orain aste batzuk inauguratutako Basque Culinary Centerren GOe eraikin berrian egin baitzen berrikuntza ardatz duen jardunaldia.
Innobasquek antolatuta, topaketak hamalaugarren edizioa zuen atzokoa, Zientziatik berrikuntzara lelopean, eta Euskal Autonomia Erkidegoan azkenaldian garatutako proiektu berritzaileak azaldu nahiz adituen arteko solasaldiak egin ziren. Imanol Rego Innobasqueko presidenteak nabarmendu zuen EAE berrikuntzaren alde egiten ari den apustua, gogoratu baitzuen 2023ko azken datuen arabera, %11,6 handitu dela I+G eginiko inbertsioa.
Urtero gisa, XIV. edizio honetan ere hainbat kasu praktiko aurkeztu zituzten. Lehena, uraren eskasiaren aferari aurre egiteko Surphase konpainiak ondutako soluzioa izan zen. Iliane Rafaniello enpresaren sortzaileak ohartarazi zuen hemendik bost urtera Europako biztanleriaren erdia ur eskasia pairatzeko arriskuan egon daitekeela. Bada, horri soluzioa eman nahi dio EHUko kimika fakultatetik sortu den konpainiak; itsasoko ura baliatuz, ur edangarria ekoitzi nahi baitute.
Nanoteknologia eta sentsorika aurreratuaren bidez, ura edangarri bihurtzeko plantetako mintzak noiz ari diren zikintzen aurreikus dezakete, eta modu horretara, energia kontsumoa murriztu. Nolabaiteko gailu bat sortu dute, eta datorren urtean produktua merkaturatzen hasteko asmoa dutela azaldu du Rafaniellok.
Nanoteknologia eta sentsorika aurreratuaren bidez, ura edangarri bihurtzeko plantetako mintzak noiz ari diren zikintzen aurreikus dezake Surphasen teknologiak
Garai ilunak bizi dituen automozio industriak ere berrikuntzari nola hala heldu beharra dio norabide egokia bilatu nahi badu. Hala egin du Bizkaiko Gestamp enpresak, teknologia digital eta interaktiboak baliatzen baititu autogintzako ekoizpen prozesuak eraldatzeko eta eredu jasangarriago, autonomoago eta eraginkorragoak sortzeko.
Aloña Auzmendi Gestamp enpresako Advanced Manufacturing saileko zuzendaria izan zen atzoko jardunaldian, eta azaldu zuen robotikaren eta adimen artifizial aplikatuaren bidezko soluzio “malgu, adimendu eta konektatu” bat garatu dutela, zeina gai den aginduak bidaltzeko ibilgailuei. Azterlan erakundearekin lanean aritu dira proiektua garatzeko. Vicomtechek biki digitalak garatzeko laguntza eskaini die. Tecnalia eta Ikerlanen laguntza ere jaso dute.
Osasun sektoreko berrikuntza
“Minbizien bidezko heriotzen %90 metastasiak eragindakoak dira”. Pedro Esnaola Oncomatryx Biopharma enpresako kontseilariaren hitzak dira. Bizkaiko enpresa honetan, orain urte dezente ekin zioten minbiziak ikertzeari, pankreakoa nagusiki. Farmako biologikoetan espezializatutako konpainia da, eta zehaztasun handiko farmako bat garatu berri du minbizi metastasikoa “garaitzeko”.
Dagoeneko ehun paziente baino gehiagotan frogatu dutela azaldu zuen Esnaolak, eta “emaitza oso interesgarriak” lortu dituztela nabarmendu. Proiektuak biologia molekularra, biomarkatzaile bidezko diagnostikoa eta tumorearen mikrogiroan eragitera bideratutako terapia uztartzen ditu, eta pankreako, biriketako edo koloneko minbizi metastasikoetan esku hartzea ahalbidetuko du.
Oncomatryx Biopharmak zehaztasun handiko farmako bat garatu du minbizi metastasikoa “garaitzeko”
Osasunari lotutako beste berrikuntza kasu bat ere taularatu zuten atzo. Andrea Gabilondo Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko zuzendari gerenteak Bizi programa aurkeztu zuen, zeinak osasun mentala, eta zehazki, suizidioa, dituen oinarri. "Urtero EAEn 165-170 bat pertsonek egiten dute bere buruaz beste. Heriotza ez naturaletan lehenengo kausa da”, gogoratu zuen.
Kasu horietan gehienetan, pertsona horiek ez zirela artatuak izan nabarmendu zuen. Horren aurrean, ingurune komunitarioetan suizidioaren prebentziorako jakintza zientifikoa eta teknologikoa uztartzen ditu Bizik. Ikastaro interaktibo bat da, online eta doakoa, arriskuan egon daitezkeen pertsonak antzematen ikasteko eta haiei laguntzeko. “Aurreratu egin nahi dugu, suizidioa ekidin. Ahalik eta sare zabalena osatu nahi dugu horretarako”, gehitu zuen Gabilondok.

Hidrogenoaren garraioa
Berrikuntzak aldaketa klimatikoan izan dezakeen eragina ere izan zuten aztergai atzoko topaketan. Maria Jose Sanz, Basque Centre for Climate Change (BC3) zentroko zuzendari zientifikoa eta Ikerbasqueko ikertzailea eta Humberto Llavador, Pompeu Fabra Unibertsitateko ekonomia irakaslea eta Bartzelonako School of Economics zentroko afiliatua aldaketa klimatikoaren egungo erronkez aritu ziren hizketan.
Horren aurretik, ordea, azken kasu bat aurkeztu zuen H2SITEk, Gorka Hermoso finantza zuzendariaren eskutik. Aldaketa klimatikoari aurre egiteko energia berriztagarriak gako dira, eta horien artean, hidrogenoak geroz eta pisu handiagoa du. “Fokua jartzen dugu hidrogeno berdea ekoiztean, baina garraioa ere oso garrantzitsua da. Azken prezioari %80 gehitzen baitio”, zehaztu zuen.
H2SITEk erakutsi du materialen zientziaren bidez nola garatu daitezkeen mintzezko erreaktore berritzaileak hidrogenoa ekoizteko eta garraiatzeko
Alternatiba interesgarria da hidrogenoa, baina baditu hainbat erronka eta horietako bat da garraioa. Kantitate handiak behar dira, eta energia mota hori garraiatzea ez da erraza. Bada, H2SITEk erakutsi du materialen zientziaren bidez nola garatu daitezkeen mintzezko erreaktore berritzaileak hidrogenoa ekoizteko eta garraiatzeko. Tecnalia eta Eindhovengo (Herbehereak) unibertsitatearen elkarlanean industria produktu bat ondu dute, “sistema modular bat” zeinak ahalbidetzen duen hodien eta bestelako azpiegituren bidez hidrogenoa garraiatzea.
Aldaketa klimatikorako giltzarri
Sanz eta Llavador ordu erdi pasatxoz aritu ziren klima aldaketaren gainean solasean, eta, besteak beste, nabarmendu zuten fenomeno hori "arazo globala" dela, eta elkarlanean soilik egin ahalko zaiola aurre. “Krisiak aukerak dira”, esan zuen Pompeu Fabra Unibertsitateko ekonomia irakasleak, eta krisi horiek aprobetxatu behar direla zehaztu. “Zientziak orain hogeita bost uste aurreratu zuen aldaketa klimatikoaren arazoa, eta ekonomiaren bihotza ukitu zuen, energia produzitzeko dugun modua”, gaineratu zuen Sanzek.
Aldaketa klimatikoaren ondorioak dagoeneko pairatzen ari garela nabarmendu zuten bi adituek, eta bat etorri ziren instituzio globalak falta direla egoerari aurre egiteko. “Osagaiak baditugu, baina errezeta falta zaigu”, argitu zuen BC3ko zuzendari zientifikoak. “Diagnostiko garbi bat dugu, instituzioak behar ditugu orain”, gehitu zuen Llavadorrek.
Gazteentzako tartea
Ekitaldia amaitzeko EHUko Kimika, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza fakultateetatik eta Ingeniaritza Eskolatik etorritako zortzi ikaslek halako ariketa bat egin zuten, non bi taldetan banatuta, iritzi kontrajarriak defendatu behar zituzten, Gaizka Ormaetxea moderatzailearen gidaritzapean. "Plastikoak ba al du etorkizunik garapen jasangarrirako bidean?" galderaren gainean aritu ziren eztabaidan.