• BERRIKUNTZA
  • Vicinay Marinek eta Tecnaliak sentsore bat sortu dute ur azpiko osagaien korrosioa monitorizatzeko

Vicinay Marinek eta Tecnaliak sentsore bat sortu dute ur azpiko osagaien korrosioa monitorizatzeko

Sentsorea gai da uneoro ainguratze-lerroak monitorizatzeko; hala, posible da osagaien degradazio-prozesuak kontrolpean izatea

Argazkia: Tecnalia
Argazkia: Tecnalia
2026ko maiatzaren 11 - 13:41
Eg. 2026ko maiatzaren 11 - 15:34

“Sentsore aitzindari bat” garatu dute Tencaliak eta Vicinay Marinek elkarlanean, zeina gai den urrutitik monitorizatzeko itsaso zabalean kokatutako ainguratze-lerroen korrosioa.

 

Korrosioa “faktore gakoa” izaten da halakoetan, itsasoko plataformetan (itsas parke eolikoetan, esaterako) erabiltzen diren kateek kalte handia jasaten dutelako muturreko baldintzen eta aldaketa termikoen ondorioz. Horregatik, garrantzitsua izaten da kate horien korrosio maila zein den jakitea, baina orain arte ikuskapenen mende egoten ziren.

Sentsore berritzailearekin, ordea, etengabe monitorizatuta egongo dira ainguratze-lerroak, unean uneko egoera zein den jakiteko aukera izanik eta degradazio-prozesuak kontrolpean edukita. Era berean, horrek hobekuntzak egitea ahalbidetuko du, bai osagaien diseinuan, bai mantentze-lanetan, kostuak modu eraginkorragoan baliatuko baitira. Sentsorea erabilgarria izango da “uneoro ingurune agresiboetan murgilduta” dauden sistema eta egitura metalikoentzat: itsas energia eolikoan, ontzigintza-sektorean, portuko instalazioetan…

Proiektua Vicinay Marine eta Tencliak lankidetzan egin dute, batak bestearen laguntza izatea ezinbestekoa izan baitute sentsoreak sortzerako orduan. Vicinay Marinek 250 urte baino gehiagoko historia du eta offshore industriako ainguratze-sistemen osagaiak fabrikatzen ditu; Tecnalia zentro teknologikoa, bestalde, ikerketa teknologian espezializatzen da. “Vicinay Marinerekin elkarlanean jarduteak aukera eman digu materialei eta haiek muturreko baldintzetan duten portaerei buruzko ezagutza aplikatzeko industrian garrantzitsua den egoera batean", nabarmendu du Tecnaliako kide Rául Caracenak.