• EKONOMIA
  • Arratiako IV. Enplegu Azoka azaroaren 6an egingo da

Arratiako IV. Enplegu Azoka azaroaren 6an egingo da

Goizeko 10:00etatik 14:00etara egingo da azoka, Arteako frontoian

2024ko Arratiako Enplegu Azoka | Argazkia: Errota Fundazioa
2024ko Arratiako Enplegu Azoka | Argazkia: Errota Fundazioa
2026ko irailaren 16a - 16:28

Arratiako IV. Enplegu Azoka antolatuko du Errota Fundazioak azaroaren 6an, goizeko 10:00etan hasi eta 14:00etara bitartean, Arteako frontoian. Fundazioak inguruko enpresak, merkatariak eta erakundeak bildu nahi ditu lan bila zein lan-aukera berrien bila ari diren pertsonekin harremanetan jartzeko. Hala, bertaratutakoek euren curriculuma zuzenean eman ahal izango diete enpresei; era berean, konpainiek behar dituzten profil profesionalak aurkitzeko parada izango dute.

 

Lan esparruan murgilduta dauden pertsonak ez ezik, ikasleek ere izango dute bere lekua azokan: "unibertsitateko ikasleek eskualdeko enpresetan praktikak edo Gradu Amaierako Lana egiteko aukerak ezagutu ahal izango dituzte; eta Lanbide Heziketako ikasleek, berriz, beren prestakuntzarekin lotutako praktikak egiteko enpresak eta aukerak ezagutzeko astia izango dute", azaldu dute antolatzaileek.

Laugarren aldia da enplegu-azoka hau antolatzen dena, eta berrikuntza bi ekarriko ditu: batetik, azokaren sarreran lan-eskaintzen iragarki-taula jarriko da, azokan zuzenean parte hartu ezin duten enpresek euren iragarkia jar dezaten; bestetik, azoka baino lehen Errota Fundazioak topaketan izango diren lan-aukerei buruzko informazio xehea zabalduko du. 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain