267,2 milioi euro kudeatuko ditu Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, “balio-kateak indartzeko, belaunaldien erreleboa bultzatzeko eta funtsezko egiturak modernizatzeko”. Hala jakinarazi du gaur Amaia Barredo sailburuak, zeinak zehaztu duen “berrikuntzaren aldeko apustua” egingo duela aurrekontuak, betiere, “nortasun-ezaugarriak galdu gabe eta milaka pertsonaren lanari balioa ematen”.
Gauzak horrela, belaunaldien arteko erreleboan jarri du fokua Barredok. Estrategia integrala garatuko dela jakinarazi du, eta 1,5 miloi euroko zuzeneko laguntza izango dela esan du, landa-eremuan ekin nahi duten gazteei bideratuta. I+G+b programa guztiek %6ko aurrekontu igoera izango dutela ere esan du sailburuak, orotara, 32 milioi euro erabilita digitalizaziorako, iraunkortasunerako, automatizaziorako eta prozesuak hobetzeko proiektuetarako. Ikertalent beka-programak, teknologoei eta doktoreei zuzendutakoak, 1,6 milioi euro izango ditu.
Landa garapenean Berosi ekimenean jarri du fokua Jaurlaritzak, zeinaren bidez inbertsioa egingo den herrietako kutxazain automatikoetan eta cashback zerbitzuetan, “lurralde-berdintasunaren aldeko apustua” eginda.
Arrantzari dagokionez, duela egun batzuk iragarri zituzten Bermeoko eta Ondarroako izotz-fabrikak dira aipagarriak, 6 milioi euro bideratuko baitira bi lonjetara. Halaber, sektoreko erakundeen artean bat egiteak sustatzeko “laguntza aktiboa” eskainiko du Jaurlaritzak, eta 8,4 milioi eurorekin Lehiatu Arrantza programa indartuko da. Bide batez, Ondarroako Egidazu kaia handitu eta birzolatuko da (2,5 milioi eurorekin) eta Orioko zein Getariako kaiak konponduko dira (3,5 milioi eurorekin); Mutrikuko portuko babes-dikea ere finkatuko da, horretarako 11 milioi euro erabilita.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo saila
Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak bere saileko aurrekontuaren berri ere eman du: 56,6 milioi euro izango ditu, 2025ean baino %4,7 gehiago.
Turismoaren sektoreak aurrekontu osoaren erdia hartuko du, 23,1 milioi eurorekin (+%9,6). Aurrekontu horren ia erdia (10,2 milioi) Basquetour Turismoaren Euskal Agentziarentzat izango da, zeinak bi berrikuntzetan inbertituko duen, besteak beste: lehenik, zortzi langile gehiago kontratatuko ditu, “erabilera turistikoko etxebizitzen eta online plataformen kontrola areagotzeko” lana izango duten ikuskariak, hain zuzen ere. Bigarrenik, “sektore turistikoaren lehiakortasuna eta jasangarritasuna bultzatzeko zuzkidura” izeneko partida du, 1,5 milioi eurokoa, EAEko egonaldi turistikoen gaineko zerga kudeatzeko.
Bestalde, ekintzailetza eta sektoreko enpresen lehiakortasuna bultzatzeko laguntzetara 1,3 milioi euro bideratuko dira, eta 2,9 milioi euro erabiliko dira “Euskadi helmuga sustatzeko ekintzetara”. Halaber, Basquetourren beste egiteko bat turismo jasangarriaren eredua bultzatzea izango da, horretarako 2,2 milioi euro izanik.
Merkataritzaren arloak 22,1 milioi izango ditu (+%1,8), hala nola, Hirigune programak sustatzeko (2,2 milioi), Merkasaretza sarea indartzeko (2,2 milioi), ekintzailetzako laguntzen programetarako (1,7 miloi) eta saltokiak modernizatzeko programetarako (4,6 milioi).
Azkenik, Kontsumobiderentzat 8,6 milioi euroko aurrekontua onartu dute (+%5,9), prestakuntza-ekintzak garatzeko, sentsibilizazio kanpainak egiteko eta kontsumitzaileen elkarteak laguntzeko.