• EKONOMIA
  • Azken 17 urteetako langabezia tasa txikiena izan du EAEk apirilean

Azken 17 urteetako langabezia tasa txikiena izan du EAEk apirilean

Lanbideren datuek diote langabezia jaitsi egin dela hiru lurraldeetan, hiru hiriburuetan, sektore guztietan eta adin tarte guztietan

Alfonso Gurpegui enplegu sailburuordea | Argazkia: Irekia
Alfonso Gurpegui enplegu sailburuordea | Argazkia: Irekia
2026ko maiatzaren 5a - 10:32

Bai 2025eko apirilarekin alderatuta, bai martxoarekin alderatuta, langabeziak behera egin du EAEn. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak eguneratu berri dituen datuen arabera, orotara 103.805 langabe daude egun EAEn, martxoan baino 3.368 (-%3,14) gutxiago; era berean, iazko apirilean baino 3.006 langabe gutxiago (-%2,81) zenbatu dira. Gauzak horrela, langabezian azken hamazazpi urteetako kopururik txikiena erregistratu da 2025eko apirilean.

 

Beherakada hori, ordea, ez da berbera izan gizonen eta emakumeen kasuan: gizonen langabezia tasa %4,1 txikitu da urtebetean, eta emakumeena, aldiz, %1,87. Sektoreka, nabarmen gutxiago dira eraikuntzako zein nekazaritza eta arrantzako langabeak, %7,46ko eta %7,02ko jaitsierarekin. Bestalde, Araban beheratu da gehien langabeen tasa, urte arteko %4,60ko jaitsierarekin. Hala ere, Bizkaian eta Gipuzkoan ere langabe gutxiago zenbatu dira, hurrenez hurren, iaz baino %2,24 eta %2,85 gutxiago.

“Langabeziak behera egin zuen lurralde historiko guztietan, hiru hiriburuetan, adin tarte guztietan, sektore guztietan eta gizonen zein emakumeen artean”, azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak datuak aurkeztean.

 

Kontratazioari erreparatuta, apirilean 59.068 kontratu berri sinatu sinatu dira, horietatik %23,9 (14.127) kontratu mugagabeak izanik. Afiliatu kopurua ere igo egin da (%0,24), eta apirila 1.035.867 kotizatzailerekin itxi zuen EAEk. “Oro har, apirileko datuek euskal lan merkatuaren bilakaera positiboa berretsi dute”, laburbildu dute Lanbidetik.