EH Bilduk eta Geroa Baik gutxieneko soldata propioa ezartzeko lege proposamena aurkeztu dute gaur Nafarroako Parlamentuan. Hainbat sindikatuak azken hilabeteetan eginiko eskaerarekin egin dute bat bi alderdi politikoek. Proposamena ostegunean erregistratu zuten, eta gaur foru erkidegoko parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzordeak tramitera onartu du eskaera.
ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek Hego Euskal Herrirako Lanbidearteko gutxieneko soldata propioa eskatu dute azken hilabeteetan, eta Herri Ekimen Legegile bana aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan. Eskaera horiek, ordea, ez ziren tramitera onartu. Nafarroaren kasuan, 80.000 sinadura bildu zituzten sindikatuek. Egoera hori ikusita, sindikatuek greba orokorrera deitu dute martxoaren 17an.
Behin eskaera onartuta, datozen asteetan eztabaidatuko da parlamentuan proposamena. EH Bilduko Laura Aznalek adierazi du gutxieneko soldata propio bat ezartzeak 80.000 langile ingururi egin diezaiekeela mesede. Era berean, Geroa Baiko Pablo Azconak salatu du egungo Lanbidearteko gutxieneko soldata "motz" geratzen dela, eta lurraldeko beharretara egokitu beharko litzatekeela.