Burrunba etengabea entzuten da BEC pabiloietan, Makina-Erremintaren Biurtekoan. Standetan erakusketariak berriketan ari dira ikusminez entzun eta galdetzen duten bisitariekin. EnpresaBIDEA ere bertan da eta BRTAk antolatutako bisita gidatuan parte hartzeko aukera izan zuen Biurtekoaren hirugarren egunean.
Tecnalia, Ibarmia, Siaweld, Ideko, Tekniker, Danobatgroup, Zayer, Glual Hidraulics, Ceit eta Grupo Unceta erakundeetako soluzioak bertatik bertara ikusi ahal izan zituzten bisitan parte hartutako kideek. Bertan izan ziren, besteak beste, Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Spri edota Ikerlaneko kideak izan diren.
Siaweld
Lortek teknologia zentrotik sortutako start-upa da Siaweld eta soldadurari loturiko soluzioa aurkeztu du aurtengo Biurtekoan. Edorta Sagardui konpainiako zuzendari nagusiak azaldu zuen euren teknologiaren bidez soldaduren kalitatearen inspekzio eta kontrola modu automatikoan egiteko aukera dutela. Bere hitzetan, euren sistemak barne zein kanpo akatsak hauteman eta industria prozesuetarako eraginkortasuna areagotzen du, gizakiaren esku-hartzerik gabe. Horretarako, laser eskaneatua, software aurreratua eta adimen artifiziala baliatzen dute.
Ideko
Bisitaren bigarren geldialdia Idekoren standean antolatu zuen BRTAk. Bertan Harkaitz Urreta teknologia zentroko merkatu zuzendariak teknologia zentroak fabrikazio aurreratuan eginiko azken garapenak azaldu zituen. Idekok, funtsean, aerospazio sektorerako soluzioak eskaini ditu aurtengo Biurtekoan, baina bere standa hainbat eremutan banatuta dago: manufakturaren digitalizazioa, ikusmen artifizialaren bidezko akatsen inspekzioa, amortiguadoreak dituzten makinen bibrazio-soluzioak eta zehaztasunen gaineko errektifikazioak lantzen dituzten azken espazio bat.

Tekniker
Teknologia zentro batetik bestera, Teknikerreko standean Jon Mabe merkatu arduradunak hartu gintuen eta Eibarreko zentroaren azken soluzioak azaldu zizkigun, bai sentsorika kuantikokoak eta baita robotikakoak ere. Besteak beste, robotika kolaboratiboko zelula bat sortu du Teknikerrek. Pieza horrek ikusteko eta eusteko gaitasuna ematen dio robotari, berak lan autonomoa egin dezan.
Osasun arlora bideratutako soluzioa ere azaldu zuen Mabek. Teknologia “berritzaile” horrek aukera emango du sentsoreen bidez molekula biologikoak hauteman eta biomarkatzaileen neurketa hobetzeko.
Sentsore kuantikoei dagokienez, Teknikerrek diamante materialak erabiltzen ditu eta sentsore zehatz batzuk sortzen ditu horien bidez. Mabek atzo azaldu zuenez, espero dute bi urtetan teknologia hori merkatuan izatea.
Tecnalia
Tecnaliak du Biurtekoan standik handienetako bat eta ez da gutxiagorako, industria sektorera bideratutako teknologia esanguratsua garatu baitu. The Proactive Factory izenpeko espazioan, robot bat ikusi daiteke dantzan alde batera eta bestera, eta bisitarien artean ikusmina sortu du. Agustin J. Saenz Tecnaliako estrategia, merkatu eta teknologia zuzendariak azaldu zuen euren standean ikus zitekeen teknologia hurrengo urteetako Biurtekoan parte hartzen duten enpresek erakutsiko duten teknologia izango dela.
Hala, bertan robotika aurreratu eta adimenduna, optimizazio maila altuko hainbat gailu eta industria prozesuak modu autonomoan hobetzeko soluzioak topa daitezke. Aipatutako robotaz gain, sentsorizazioa eta AA txertatuta duten ekipoak eta soldatura eta fabrikazio auditiboko teknologia ikusi zitezkeen. “Teknologia hauen guztien gakoa barneko inteligentzia kapa ahalik eta garatuena izatea da, ondoren, teknologia hori erabilgarria izan dadin”, zioen Tecnaliako arduradunak.

Ibarmia
Ibarmia enpresa azkoitiarrak mekanizazio-zentroak ekoizten ditu, pertsonalizatuak eta balio erantsi handikoak. Koldo Arandia zuzendariak eta Arrate Olaiz berrikuntza zuzendariak konpainiak sortutako azken mekanizazio-zentroa aurkeztu zuten atzokoan. Azaldu zutenez, automatizazio maila areagotu dute azken soluzio honen bidez, eta azokan zehar harrera ona izaten ari da. Zehazki, piezen kargarako automatizazio integratua du soluzio berriak, Tecnalia zentroarekin lankidetzan ondu dutelarik.
Danobatgroup
Danobatgroupen standa ere ez da batere txikia, Danobat eta Soraluceren azken produktuak ezagutu baitaitezke bertan. Nerea Aranguren taldeko buruak azaldu zuen azken urteetan berrikuntza teknologikoaren aldeko apustua egin dutela, eta Idekorekin duten elkarlana nabarmendu zuen. Halaber, beste zentro nahiz erakundeekin lankidetzan aritzeko “irekita” daudela ere esan zuen.
1.400 metro karratuko espazioan 12 makina ikus daitezke egunotan, tartean, CGX artezteko makina, MDM 100 neurketa sistemarekin eta FLP80 fresatzeko eta mandrinatzeko makina.
Arangurenek Dbot robota ere erakutsi zien bisitariei. Robotaren azken garapenei esker, fabrikazio prozesuetan zehaztasun handiagoz jarduteko gaitasuna duela azaldu zuen, eta merkatuaren eskaera zorrotzak betetzen dituela.
Zayer
Elgoibarko taldearen ondoan, parez-parez Zayer konpainia gasteiztarraren standera hurbildu ziren bisitariak. 70 urte baino gehiago dituen enpresak bere azken makina aurkeztu zuen, Teknikerrekin lankidetzan sortutakoa. Fernando Arocena zuzendari nagusiak eta Maite Ercilla arduradunak azaldu zuten fresatzeko makina berria gai dela bai torneatzeko bai artezteko ere. “Fresagailu normal batek 30 KWko gaitasuna badu, hau 104 KWtera iritsko gai da”, azaldu zuten.
Biurtekoan aurkeztu badute ere, oraindik garatze bidean dute produktua. Atzo adierazi zutenez, hurrengo hilabeteetan proba gehiago egin behar dituzte eta aurreikusten dute hurrengo urtearen hasierarako Teknikerri lagatzea, teknologia zentroa beste hainbat aurrerapen egin ditzan.
Glual Hidraulics
Sektore hidraulikoan diharduen enpresa gipuzkoarrak errendimendu altuko industria aplikazioak lantzen ditu. Besteak beste, zilindroak egiten ditu, eta produktu mota horren azken bertsioak ikus zitekeen bere standean. Itxaso Rodriguez konpainiako ordezkariak zioen pieza hidrauliko handiak mugiarazten dituen "bihotza" dela eurek egiten dutena. Izan ere, zilindroak ez ezik, bloke hidraulikoak edota pistoi akumulatzaileak egiten dituzte.
Aeronautika aeroespaziala eta industria auxiliarrerako piezak izan ohi dira, eta konpainiaren merkatu nagusiak Alemania, Frantzia eta AEB dira.

Ceit
Iñaki Diaz Ceiteko zuzendari nagusiak eta ikerketa zentroko beste zenbait arduradunek Laser Cladding teknologian oinarritutako soluzioak azaldu zituzten. Industria osagaien fabrikazioa ahalbidetu eta kaltetutakoen erreparazioa azkartzen duen teknologia da, hain zuzen.
Halaber, NDT non destructive testing entseguetan oinarritutako teknologia ere garatu du ikerketa zentroak, inspekzio eta kalitate kontrol prozesuko gaitasunak handitu asmoz.
Grupo Unceta
Bisitaren azken geldialdia Grupo Unceta eta Sariki konpainien standean egin zen. Bertan Alvaro Morquecho Sarikiko berrikuntza zuzendaria taldearen azken berritasunak azaldu zituen. Uncetak erremintak eta ondasun ekipoak ekoizten ditu industria sektorerako. Sarikik, aldiz, metrologiaren automatizazioan dihardu eta neurketa teknologiak garatzen ditu.
Elgoibarko taldeak industria auxiliarra eta aeronautika ditu merkatu nagusi, eta Espainian, Portugalen eta Marokon du presentzia handiena.