
Ziurgabetasuna da modako hitza ekonomian. Ekhi Atutxa Ordeñana Deustuko Unibertsitako ekonomia irakasle eta ikerlariaren ustez, lau "makro-joera" nagusik sortzen dute ziurtasun eza: politikak, digitalizazioak, klima aldaketak eta demografiaren bilakaerak. Ekainaren 18an, Gasteizko Goiuri jauregian, Geopolitika eta enpresa: arriskuak eta erabakiak ziurgabetasunean lelopean egindako topaketan parte hartu zuen Atutxak. Nazioarteko merkataritza gerraren atzean, sektore estrategikoak bereganatzeko lehia dagoela dio. Garapen bidean dauden herrialdeak ez ezik, potentzia hegemonikoak ere nazioarteko erakundeak zalantzan jartzen hasi dira, Bigarren Mundu Gerra ostean ezarritako nazioarteko egitura desegonkortuz.
Nazioartean ziurgabetasun handia sortu duen AEBren muga-zergak izan ditugu lerroburu azken hilabeteetan. Topaketan aipatu zenuen muga-zergen politika hori lehenago garatu dela historian zehar, Britainia Handiak egin zuen Industria Iraultza baino lehenago, esaterako.
Historia ondo ulertzea garrantzitsua da gaurko egoerak hobeto aztertzeko. Industria Iraultza Britainia Handian gertatu zela azaltzen da eskolan, baina ez da argitzen zergatik gertatu zen. Industria Iraultza baino lehen ezarri zen merkataritza politikaren diskurtsoa sofistikatu behar da. Britainia Handiak ez zituen muga-zergak igo soilik, politika desberdinen konbinazio bat egin zuen, ikuspuntu teknologiko batetik hegemonia batean bihurtzeko. Euren manufakturak etxeko ekonomian mantendu nahi zituzten, gero beste ekonomia batzuetan kontsumituak izateko. Horretarako, manufakturak ekoizteko behar zituzten kanpoko input-ei muga-zergak jaitsi zizkien. Euren manufakturak beste herrialde batzuetan saldu nahi zituztenez, esportazioei laguntzak eman zizkien. Ondoren, beste herrialdeetako manufakturak Britainia Handian garatu ahal izateko, horiei muga-zergak igo zizkieten.
Muga-zergetan gakoa da ikustea zein produkturi igo zaizkion muga-zergak eta zeini jaitsi. Erreparatu beharra dago zein beste instrumentu erabiliko diren sektore estrategikoak zure ekonomian mantentzeko. Ingalaterrak hori egin zuen eta garai hartan hegemonia teknologiko bat bihurtu zen. Krugmanek esaten zuen merkataritza elkarlana dela, ez dela lehiaketa bat, ekonomiako eredu rikardianoan oinarrituta. Berak dio herrialde bat beti zentratuko dela eraginkorren egiten duen produktu edo zerbitzuan, eta beste herrialdeei utziko diela beste produktu eta zerbitzuen ekoizpena. Eztabaida da herrialde bakoitzak zer ekoitziko duen, ez baita berdina adimen artifiziala ekoiztea edo sofistikazio txikiko beste produktu bat. Gaur gertatzen ari dena zera da: herrialde bakoitza borrokatzen ari dela zer produktu eta zerbitzuetan izango duen, eredu rikardianoaren arabera, abantaila konparatiboa. Nork ekoitziko du eta esportatuko du adimen artifiziala munduan? Nork egingo ditu auto elektrikoak?
Lehia, finean, herrialde bakoitzak mundu mailan sektore estrategikotzat jotzen direnak bereganatzean datza.
Hori da. Asiako lau tigreen kasuan ere antzeko zerbait gertatu zen. Hego Koreak, Singapurrek, Taiwanek eta Hong Kongek sekulako garapen ekonomikoa izan zuten denbora gutxian. Hemengo ikerlari asko hara joan ziren ikustera ea zer egin zuten. Konturatu ziren Britainia Handiak egin zuena egin zutela, baina modu sofistikatuago batean. Hezkuntza eta industria politikak uztartu zituzten eta merkataritza politiketan euren herrialdeetan nahi zituzten sektore estrategikoen kontra lehiatzen zuten produktuei muga-zergak igo zizkien, behar zituzten inputei muga-zergak jaitsi eta sektore estrategikoen esportazioei laguntzak eman.
Estrategia honek, ordea, ez du beti funtzionatzen. Herrialde asko saiatu dira sektore estrategiko bat sortu eta garatzen, baina ez dute lehiakortasun maila batera heltzea lortu eta nazioarteko merkataritzara zabaldu direnean, ez da nahiko lehiakorra izan eta desgertu egin dira.
Trump-en muga-zergen helburua, beraz, AEBrentzat estrategikoak diren merkatuak defendatzea edo konkistatzea da?
Bere errelatoa hortik doa. Make America Great edo Wealth Again dionenean, berreskuratu ditzagun historikoki gureak izan diren sektoreak esaten ari da, ez dituztela merkatu horiek galdu behar. Sektore estrategiko sofistikatuak izanez gero, langileak egoera hobean egongo dira, baldintza hobeak izango dituzte.
"Urteetan zehar nazioarteko instituzioak kritikatuak izan dira, normalean, garapenean dauden herrialdeetatik, sentitu dutelako instituzio horiek ez direla izan guztiz demokratikoak, herrialde hegemonikoen zerbitzura egon direla. Zer da bereizgarria orain? Instituzio horien kritikak herrialde hegemonikoetatik datozela"
Ziurgabetasuna sortzen duten lau "makro-joera" aipatu zenituen Gasteizen egin zen Etekin solasaldian. Joera horietako bat politika da. Zer ziurgabetasun sortzen du?
Oso agendan dugu geopolitikaren terminoa, eta ondo dago, zeren maila geopolitikoan gertatzen ari diren gatazkak badituzte efektuak gure tokiko errealitatean, goitik beherakoak, baina, aldi berean, behetik gora doazenak ere aztertu behar ditugu. Bigarren Mundu Gerrak izan zituen ondorioengatik, mundu mailan joko arau batzuk ezarri ziren, Bretton Woods akordioa, besteak beste. Nazioarteko instituzio berriak sortu ziren: NBE, Nazioarteko Diru Funtsa, Munduko Bankua... Erakunde horien helburua zen Bigarren Mundu Gerra bezalako zerbait ez gertatzea. Urteetan zehar instituzio horiek beti jaso dute kritika bat, normalean, garapenean dauden herrialdeetatik, sentitu dutelako instituzio horiek ez direla izan guztiz demokratikoak, herrialde hegemonikoen zerbitzura egon direla. Zer da bereizgarria orain? Instituzio horien kritikak herrialde hegemonikoetatik datozela. Orain ez dira garapen bidean dauden herrialdeak soilik kritikatzen ari direnak, AEB ere kritikoa izaten ari da. Txinak bere instituzio propioak sortu ditu. Ziurgabetasun askoz handiago sortzen du kritika herrialde hegemonikoetatik datorrenean.
Beti azpimarratu ditugu globalizazioaren onurak, eta itzalean geratu dira globalizazioaren galtzaileak. Mendebaldeko herrialde garatuetan demokrazia zalantza jartzen ari dira asko. Eredu honetan sinistu duten askok ikusten dute euren gurasoak baino okerrago bizi direla eta euren oinarrizko beharrizanak ez daudela asetuta. Herrialde bat sektore estrategiko batzuetan zentratuko da, eta hori egiten badu beste sektore batzuk ez ditu landuko. Zer gertatzen da landuko ez dituen sektoreetan dauden langileekin? Gai izango gara sektore estrategikoetan lana emateko? Edo ez dute lanik izango? Globalizazioak, espezializazioaren bitartez, ekonomia guztietan garaile eta galtzaile batzuk sortzen ditu. Garrantzitsua da gure gizarte eta ekonomia eraikitzeko momentuan gizarteko segmentu guztietan arreta jartzea, bestela korronte autoritarioek gatazka pizteko osagaiak izango dituzte.

Aldaketa klimatikoa ere ziurgabetasuna sortzen duen beste "makro-joera" bat da. Nola eragiten ari da munduko ekonomian eta gure enpresetan?
EBZk, 2022an, aldaketa klimatikoak Europako finantza sisteman eragin lezakeen efektuei buruzko txostena aurkeztu zuen. Txosten horrek esaten du gaur egun aldaketa klimatikoak sor dezakeela 2008ko krisiak sortutako efektu bera. Horrek ziurgabetasuna sortzen du, baina kasu zehatz honetan ziurtasuna izateko mugimendu bat ere bada. Europako banku nagusiei arrisku klimatikoak euren erabaki prozesuetan sartzea eskatzen die orain EBZk. Etxe bat erosi nahi izanez gero, betiko galderak egiteaz gain (soldata, zorrak…). 2024ko amaieratik aurrera bankuek galdetuko dute ea etxea non erosiko den. Lekua klimatikoki arriskutsua dela uste badu, agian mailegua ez du emango edo ematekotan garestiago emango du. Hau da, klimaren ikuspuntutik aktibo toxikoak egon daitezke sistema finantzarioan.
Enpresekin gauza bera gertatuko da. Produkzio kate bat ezartzeko mailegua eskatzean, enpresaren jarduera aztertu ahalko du bankuak. Klimatikoki arriskutsua dela ikusiz gero, garestiagoa izango da mailegua, arriskutsuagoa delako konpainia. Sakoneko elementu etikoak izan arren, egunaren amaieran enpresaren lehiakortasunaren aurka doaz. Finantza sistemako baldintzak aldatzen badira, merkatua eraldatu egingo da. Arrisku klimatikoekin gertatzen ari da, eta laster bankuak arrisku geopolitikoak ere barneratzen hasiko dira euren erabakitze prozesuetan.
Prest ikusten dituzu euskal enpresak aldaketa klimatiko edo geopolitikoaren faktore hori kontuan hartzeko euren egunerokotasuneko kudeaketan?
Lehenengo ikusi beharko da finantza sistemak nola gauzatzen duen EBtik datorren lan lerro hori, nola eskatuko dien informazioa enpresei. Enpresekin gaudenean konturatzen gara ziurgabetasun handia dutela. Lehengo pausoa da egoera ondo ezagutzea. Nik uste dut enpresaren gainetik badaudela beste eragile batzuk, klusterrak adibidez, adimen estrategikoak garatzeko gaitasuna dutenak. Erronka horiek ezin dira bakarka erantzun, mekanismoak definitu behar ditugu elkarlanari bultzada bat emateko. Automotive Intelligence Center, 4gune klusterra... enpresak bakarrik ez sentitzeko lekuak baditugu. Dena ez da enpresen ardura eta norabidea zehazten lagundu behar diegu.
Digitalizazioari dagokionez, datuen jabetza eskuratzeko ere lehia bortitza dago munduan. Zein puntutaraino da garrantzitsua datuen kudeaketa gure eskua izatea?
Gure ekonomietan ondasun eta zerbitzu ugari ditugu, baina batzuk bene-benetan oinarrizkoak dira, ondasun digitalak eta energia, esaterako. Zein ondasun eta zerbitzuren kontsumo eta kudeaketa da beharrezkoa gure gizarteak eraiki eta sostengatzeko? Badakigu energia gure bizitzako portaera guztien atzean dagoela, denetarako behar dugu. Digitalizazioarekin apur bat berdina gertatzen da. Digitalizazioa eta energiaren kasuan, ezin gara konformatu soilik kontsumoarekin, oso oinarrizkoak direlako gure gizartearen biziraupenerako.
Energiari dagokionez, hornikuntzan ipintzen dugu fokua. Energia berriztagarria sortu behar dugula Europan eztabaida inportantea da, baina gakoa ez da soilik nola hornitu autonomia gehiago izateko, baizik eta energiaren kontsumo eredua zein izango den zehaztu behar dugu. Gutxiago kontsumitzeko gai bagara, geroz eta autonomoagoak izango gara, bai industria sektoreak bai norbanakoak ere. Gai gara gure ongizate estatuak mantentzeko energia kontsumo gutxiagorekin?
Digitalizazioaren kasuan, mundu mailan korporazio teknologiko oso boteretsuak daude, eta EBk bere tokia topatu behar du. Ez da erraza, merkatuan sartzeko oztopoak daude, eta inbertsio handiak behar dira. EB gai al da digitalizazioaren munduan sektore estrategiko bat sortu eta tokia egiteko dagoeneko beste batzuk daudenean? Hain oinarrizkoa den ondasun bat izanda, Europan ezin gara kontsumitzaile soilak izan, hau da, sektorea garatu behar dugu, baina jakinda apustu hori egiterakoan arriskuak daudela.
"Ekoizpen materialetan hain intentsiboa ez den industria sektore bat behar behar dugu, ezagutzaren zerbitzuak barneratzeko kapazagoa dena"
Energiari dagokionez, aipatu duzu asko zentratzen dugula eztabaida hornikuntzan, baina kontsumo eredua ere kontuan hartu behar dela, kontsumoa murriztea abantaila izan daitekeela. Baina industria herria izanda, asko kontsumitzen dugu. Arazoa da hori?
2008ko krisia iritsi zen arte, zerbitzuen sektorera igaro behar ginela esaten zen, hor zeudelako balio handiko zerbitzuak eta lehiakorrak izateko tokiak. Alde batetik, egia da, baina onartu behar dugu industria sektoreak badituela bere abantailak, eta ados nago industria sektore bat izatea garrantzitsua dela, krisien aurrean erakusten duelako gai dela jasotzen ditugun inpaktuak leuntzeko eta enplegua sortzeko eta mantentzeko sektore kritikoa delako.
Ekoizpen materialetan hain intentsiboa ez den industria sektore bat behar behar dugu, ezagutzaren zerbitzuak barneratzeko kapazagoa dena. Askotan esaten da industria enpresak jada ez dituztela produktuak saldu behar, baizik eta produktu horietara lotuta dauden zerbitzuak. Hori egiten dugun neurrian, gure industria berrasmatzen badugu, kontsumo energetikoa hain handia ez izatea lortuko dugu.
Demografiaren bilakaerak ere sortzen du ziurgabetasuna. Aldaketa klimatikoak eta nazioarteko gatazkek migrazioa areagotzen dute. Euskal Autonomia Erkidegoan 26.000 migrante izatetik 300.000 baino gehiago izatera igaro gara 25 urtetan. Nola kudeatuko dute hau enpresek?
Familia edo pertsona migratuen fenomenoa ez da soilik enpresek landu behar duten zerbait. Enpresak eraikuntza sozialak dira, eta gizarte batean garatzen dute euren jarduera. Lehenengo lortu behar dena da gizarte hori prest egotea kanpotik datozen pertsonei harrera egokiena emateko. Testuinguru hori edukita, enpresak jada lan handi bat eginda izango du. Gizartearekin bat eginda badago enpresaren esfortzua askoz ere txikiagoa izango da. Harrera eta integrazio politika aktiboak behar ditugu.
Euskadin badugu immigrazioaren aldeko itun soziala. Askotan argudiatzen dugu kanpotik datozen pertsonak beharrezkoak ditugula gure ekonomiak sostengatzeko. Zaharkitze prozesu batean gaudenez, eskulana behar dugula. Batzutan ekonomiako input moduan tratatzen ditugu. Modu instrumentalean ondo dago, baina gainditu behar dugu eztabaida hori.
Talentuaren definizioari ere buelta bat eman behar diogu. Nork dauka talentua? Edo zer talentu nahi dugu ekarri? Goi mailako unibertsitatetan ikasi duena edo Sillicon Valleyko norbait ekartzea ez dago gaizki, talentu sofistikatu hori behar dugu. Baina badago beste talentu bat askotan eztabaida hauetan sartzen ez duguna, zaintzaren sektorean dagoen talentua. Agian, formakuntzarik ez duena, baina gure sistema sostengatzen duena. Nork zaintzen ditu gure nagusiak? Kanpotik datorren pertsona migratu batek. Hor ez dago talenturik? Bizitzatik hurbilen dauden sektoretan badago talentu bat ezin dena neurtu instituzio formaletatik, baina errealitatean sistemak bizirauteko guztiz beharrezkoa da. Uste dut garrantzitsua dela talentuaren definizioan begirada apur bat zabalagoa hartzea.

Solasaldian enpresetan arriskuen kudeaketa sistematikoa ezartzearen premiaz eztabaidatu zenuten. Arrisku finantzarioez gain, arrisku ez-finantzarioak (ingurunekoak) kudeatzen ikasi behar dute konpainiek. Aurrerantzean ekonomia eskoletan arrisku horiek ere ikasi beharko al dira?
Enpresa eta ekonomia formakuntzetan testuinguruko arriskuak edo arrisku ez konbentzionalak sartu behar dira. Deusto Business School-en Ukrainako gerraren aurretik jada zenbait master eta gradu-ondoetan hainbat ikasgai eskaintzen hasi ginen. 2008ra arte puntu egonkor baten geundela sentitu dugu, globalizazioak emango zigula behar genuena eskatzen genion momentuan. Orain, enpresa askoren zalantza da ea ziurgabetasun egoera hau momentukoa den edo iraungo duen. Tira, gaur egun esaten dena da ziurgabetasun hau mantenduko dela denboran.
Arrisku konbentzionalak, kreditu, hornitzaile edo merkatuen arriskua dira beti erakutsi direnak. Klima arriskuak, zibersegurtasunarekin zerikusia dutenak, arrisku geopolitikoak, horiek guztiek txertatu behar ditugu orain. Arriskua baloratzen dugun zerbait galtzearen aukera da, gure bizitzako edozein egoeretan. Enpresa moduan zer baloratzen dugun aztertu behar dugu. Enpresen barnean, erosketetara dedikatzen diren pertsonei normalean ez zaie arrisku asko hartzea gustatzen, baina salmentetan daudenei, aldiz, bai. Arriskuaren pertzepzio desberdinak daude enpresa barruan eta horiek kudeatzen ikasi behar dira. Lerrotzea. Inpaktu eta probabilitate matrizeren bat egin behar da. Nire ustez, hor badago lan egiteko kontu bat, nola txertatu sistematikoki arriskuen kudeaketa enpresetan.
"Ziurgabetasuna beti egon da eta egongo da, baina, orain, mundu globalizatu batean, inpaktua azkarragoa eta handiagoa da"
Ziurgabetasun hau luzaroan mantendu daiteke. Euskal enpresek egoera honi aurre aurre egiteko zer egin behar dute?
Ulrich Beck soziologoak 80ko hamarkadan esaten zuen arriskuaren gizartean bizi ginela. Ziurgabetasuna beti egon da eta egongo da, baina, orain, mundu globalizatu batean, inpaktua azkarragoa eta handiagoa da. Ziurgabetasuna haize bolada bat izango balitz, ez da zuhaitzik altuena hobeto mantentzen dena, baizik eta errotuen dagoena, sustraiak sakonean sartuta dituena. Nik uste dut euskal enpresak baduela ezaugarri hori.
Lehen esan bezala, arriskuen kudeaketa sistemikoa sartu behar dugu enpresetan, arrisku ez konbentzionalei aurre egiteko. Eta, azkenik, elkarlana behar dugu. Publiko – pribatua, baina baita publiko – komunitarioa ere. Askotan enpresa batek arrisku baten inpaktua jasotzen duenean, arrisku horri aurre egiteko erabiltzen duen baliabide nagusia izaten da bere kapital soziala. Bere inguruan dauden interes taldeekin duen konfiantza, konplizitatea, erlazioa, ekarpena... hor egoten da askotan arriskuari aurre egiteko giltzarria.