Ekonomiaren tokenizaziotik 'oikos eta nomos'-era: 2023a hamar titularretan

Automozio sektorea, kripto-industria edota supermerkatu inklusiboak. Hauek dira 2023an irakurleek gehien irakurritako gaiak

Muntaia: EnpresaBIDEA Muntaia: EnpresaBIDEA

Aurtengo EnpresaBIDEAren artikulu irakurrienen artean, ekonomiak barnebiltzen dituen tankera guztietako gaiak aurki daitezke. Ekonomiaren azken tendentziak erakarri ditu irakurleak (berrikuntza, teknologia, tokenizazioa...), baina baita ekonomia beraren sorrerara eramaten gaituzten kontzeptuak ere, hala nola, "oikos" eta "nomos". Euskal Herri osoko ekonomiaren ekosistema osatzen dute hainbat pertsonen elkarrizketak ere interesekoak izan dira.

1. Autogintza eta software industriak, bateragarriak?

Joseba Lakaren iritzi artikuluak zeresana eman du. Automozio sektoreak pisuzko garrantzia du ekonomian, eta haren "Teslafikazioa" du artikulu honetan mintzagai. Tesla konpainiaren ereduari so eginez, sektoreko balio katearen kontrol integralerako joeraz dihardu Lakak. Hemen 2023ko artikulurik irakurriena.

2. Ekonomiaren tokenizazioa

Xele Olaizola Kutxabankeko Behatoki digitaleko arduradunak ekonomiaren tokenizazioa fenomeno eraldatzailea dela dio, eta hein handi batean, blockchain teknologiaren eta kriptomoneten aurrerapenak bultzatuta, aktibo fisikoak edo birtualak token digital bihurtzea dela. Fenomeno honek finantza merkatuetan eragindako paradigma aldaketa xehatzen du Olaizolak artikuluan.

3. MiCA: Europako kripto-industria arautzeko lehen urratsa

2023ko hirugarren artikulu irakurriena ere Xele Olaizolak idatzitakoa da. Oraingoan, kriptodirua erregulatzeko Europako Batasunak ondutako lehen neurri multzoa aztertzen du. MiCA Markets in Crypto Assets, kripto-aktiboen igortzea, zaintza, erosketa, salmenta eta merkataritza arautzea du helburu. Lege aitzindaria izan da mundu mailan.

4. Supermerkatu inklusiboen arrakasta

Zortzi urte bete dira aurten desgaitasunen bat duten pertsonek osorik kudeatutako Euskal Herriko lehen supermerkatua ireki zenetik. Eroski eta Gureaken arteko lankidetzaren ondorioz sortu zen 2015ean Azpeitian, eta eredu arrakastatsua izan denez, beste hainbat ireki dira azken urteotan. Hemen, Iraia Oteizak supermerkatu inklusiboei buruz egindako artikulua.

5. Joseba Lekube: "Datozen bost urteetarako ditugun helburuak oso potenteak direla esango nuke"

Joseba Lekube Teknei taldeko zuzendari nagusia da. Pasa den udaran, Maite Reizabalek eta Niko Cuencak egindako elkarrizketa duzu hemen. Teknei zerbitzu konpainia lau proiektuk osatzen dute (Teknei, Merkatu, Keytek eta Datua). Informazio teknologien EAEko erreferente bilakatzea du xede Tekneik. Urtebetan bikoiztu egin du fakturazioa, azken urtean 100 milioi eurora iritsiz.

6. Amaia Jugo Abasolo: "Tamaina derrigorrezkoa da. Geroz eta gehiago"

Maiatzaren 1az geroztik, Artizarra Fundazioaren zuzendaria da Amaia Jugo. EnpresaBIDEAn urrian elkarrizketa egiteko aukera izan genuen. Lurralde garapen ekonomiko jasangarria sustatzeko asmoz jaio zen fundazioa 2021ean. Enpresa txiki eta ertainei finantzazioarekin laguntzea ere badu xede, betiere, lurraldearen errotzea alboratu gabe. Zuzendaritza karguaren erronkak, nahiz Artizarra Fundazioaren nondik norakoak azaltzen ditu elkarrizketan Jugok.

7. Ana Goyen: "Plan globala behar dugu, kate-begi guztietan fokua jar dezagun, errentagarriak izateko"

Enerclusterreko presidente izendatu zuten Ana Goyen 2023ko hastapenetan, eta Ingeteam taldeko Energia Eolikoko arloko zuzendari gisa ere lanean dihardu. Nafarroako energia berriztagarrien klusterra da Enercluster, eta Nafarroako industriak beregan jarritako konfiantzaz eskertutako ekin zion kargu berriari. Energia merkatuaren baitan, helburuez, erronkez eta proiektuez aritu zen hizketan Goyen.

8. Mathieu Haristoy: “Gure haize-errotak guztiz aldatzen du orain arteko eredua”

Donibane Lohizuneko E-Taranis enpresak neurri txikiko haize-sorgailu bat asmatu du aurten, norberaren etxean jarri eta haize-energia erabiltzeko. Irailetik aurrera ikusi ahal dira Ipar Euskal Herriko hainbat teilatutan. Aitor Sagarzazuk proiektuaren zuzendari nagusiari, Mathieu Haristoyri egin zion elkarrizketa ekainean.

9. Xabier Pagola Balda: "TicketBAI betebeharraren atzetik dauden betebehar nagusiak OCDEtik datoz"

TicketBAIren auziak zeresan handia eman du 2023an. Horri buruz hitz egiteko, 'TicketBAI: euskal lurralde historikoen zerga betebehar berria' Gradu Amaierako Lanagatik Ituna Saria jaso zuen Xabier Pagola elkarrizketatu zuen Maite Reizabalek. TicketBAI sistemaz harago, bere Gradu Amaierako Lanaz, Itun Ekonomiaz eta bestelako gai batzuei buruz aritu zen Pagola.

10. 'Oikos' eta 'nomos': ekonomiaren oinarriak ulertzen

Zeintzuk dira ekonomiaren sustraiak eta zutabeak? Zergatik du berebiziko garrantzia gure bizitzetan eta gizartean? Halako galderak botatzen ditu Arkaitz Urdapilletak artikulu honetan. Ekonomiaren sustraietara jotzen du, beren oinarriak ulertu eta xehatzeko. Ekonomia hitzak "etxearen kudeaketa" edo "etxearen administrazioa" esan nahi du literalki.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK