• EKONOMIA
  • ELAk eta LABek gutxieneko soldata propioa lortzeko konpromiso handiagoa eskatu diote Jaurlaritzari

ELAk eta LABek gutxieneko soldata propioa lortzeko konpromiso handiagoa eskatu diote Jaurlaritzari

Bi sindikatuetako ordezkariak Imanol Pradales lehendakariarekin eta Mikel Torres lehendakariordearekin bildu dira

Sindikatuen bilera Lehendakaritzan | Argazkia: Irekia
Sindikatuen bilera Lehendakaritzan | Argazkia: Irekia
2026ko urriaren 21a - 13:54
Eg. 2026ko urriaren 21a - 13:54

ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntza eta LABeko koordinatzaile orokor Garbiñe Aranburu Imanol Pradales lehendakariarekin eta Mikel Torres lehendakariordearekin bildu dira gaur. Bi sindikatuek eskatu dute Eusko Jaurlaritzak urrats zehatzak egin ditzala Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa ezartzeko. Horretarako, Jaurlaritzak Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) erabakitzeko eskumenak lortzeko lan egin behar duela defendatu dute biek.

 

ELAk, gainera, Jaurlaritzari eskatu dio bertan behera uzteko Confebaskek Elkarrizketa Sozialaren Legearen bidez jasotzekoak dituen dirulaguntza gehigarriak, patronalak bere eginkizunak betetzen ez dituela argudiatuta. Lakuntzaren arabera, Confebaskek hiru aldiz uko egin dio sektorearteko akordio bat negoziatzeari, eta jarrera horrek eta Jaurlaritzaren jarduerarik ezak eragotzi dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gutxieneko soldata arautzeko akordioa lortzea.

LABek, bestalde, Jaurlaritzaren inplikazio handiagoa eskatu du, langileen artean babes zabala duen, bidezkoa eta bideragarria den proposamen bat aurrera eramateko. Sindikatuaren ustez, erakundeak Confebaski presio egin behar dio negoziazio mahaia ireki dezan, eta ezin du patronalaren jarrera ontzat eman. Halaber, Espainiako Estatuko gutxieneko soldata baino handiagoa ezartzeko eskumenak lortzearen aldeko konpromiso argia eskatu du.

 

Bi sindikatuek martxoaren 17ko greba orokorra eta gutxieneko soldata propioaren aldeko aurreko ekimenak izan dituzte hizpide. LABek iragarri du presioa egiten jarraituko duela Jaurlaritzaren eta patronalaren aurrean, baita aldarrikapen hori negoziazio kolektibora eramango duela ere.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain