Etxebizitzaren afera hausteskundeen atarian

Etxebizitza legearekin gora eta behera ari dira alderdiak hauteskunde kanpainan. Alokairurei mugak ezartzea proposatu dute zenbaitzuk eta etxebizitza berriak eraiki behar direla uste dute gehienek

Arma gisa erabili dute alderdiek etxebizitza legea hauteskunde kanpaina honetan | Argazkia: iStock Arma gisa erabili dute alderdiek etxebizitza legea hauteskunde kanpaina honetan | Argazkia: iStock

Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina ez-ohikoa izaten ari dela ezin da ukatu. Aldea dago, halere, duela lau urteko egoerarekin. Koronabirusak bozak baldintzatu zituen, hautestontziak uda partera eramanda. Aurtengo egoera, hori bai, erabat ezberdina da.  Bozka eskatzeko egunak futbolak zurigorriz margotu baditu, kanpainari lehen astea lapurtuta, Jose Antonio Ardanza lehendakariaren heriotzak dolua ekarri dio kanpainari. Kanpainak, baina, badu aurrekoekin ezberdin egiten duen testuingurua, politika sozialek hartu duten garrantzia hain zuzen ere. Pandemiak eraginda, osasun zerbitzuak kezka iturri nagusi bilakatu ziren, eta salerosketa zein alokairuen prezio altuek etxebizitza politikak lehentasun bihurtu dira. Hauteskundeak, gainera, Eusko Jaurlaritzak Diputatuen Kongresuak onartutako etxebizitza legeari jarritako helegitea jarri eta hilabetera, gutxi gora behera, izango dira.

Alderdi Sozialista, Unidas Podemos (Sumar eratu gabe zegoen oraindik) eta EH Bilduren aldeko bozek atera zuten aurrera estatu mailako etxebizitza legea, tentsionatutako eremuetako alokairuen prezioak mugatzeko aukera ematen duena. Arrazoi ezberdinak tarteko EAJk eta PPk legearen kontra bozkatu zuten. Popularrek legeak merkatuari trabak ezartzen zizkiola argudiatuta egin zuten kontra. EAJk, aldiz, EAEko eskumenen aurka egiten duelako, Eusko Legebiltzarrak 2015ean onartutako legea hustuz. Arrazoi horretaz, hain zuzen, baliatu da Eusko Jaurlaritza estatuko legearen aurkako helegitea aurkezteko, Jaurlaritzan bertan etxebizitza politikak kudeatzen dituen alderdi sozialistaren iritziaren kontra. Euskal legea PSE, EH Bildu eta UPyDk babestuta onartu zen, PP eta EAJren kontrako bozkekin (Elkarrekin Podemosek ez zuen ordezkaritzarik). Korapiloz josita hartu ditu, beraz, etxebizitzaren aferak legebiltzarrerako hauteskundeak, eta alderdiek hari muturrei tiraka ekin diote botoa eskatzera.

Etxebizitza legeekin gora eta behera

Arma gisa erabili dute alderdiek etxebizitza legea hauteskunde kanpaina honetan. Alderri popularrak estatu mailako legea babestu zuten alderdiei alokairura bideratutako etxebizitzak murriztu izana leporatu zien, jabeen beldurragatik. Ildo berean solastu zen Imanol Pradales EnpresaBIDEAri emandako elkarrizketan. Hala, Espainiako lege berriak eskaintzaren desagerpen puntu bat ekarri du jeltzaleen ustez, alokatzeko eskaintza murriztuz. Ezkerreko alderdiek, aldiz, balioan jarri eta urrats gehiago ematea eskatu dute.

Espainiako lege berriak eskaintzaren desagerpen puntu bat ekarri du jeltzaleen ustez, alokatzeko eskaintza murriztuz. Ezkerreko alderdiek, aldiz, balioan jarri eta urrats gehiago ematea eskatu dute

Euskal legea ere hizpide izaten ari dira alderdiak, hautagaien arteko eztabaidetan agerian gelditu den bezala. EAJk legearen aurka bozkatu eta bere garapena oztopatzea leporatu diote EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta Sumarrek. 2015eko legea izanik zortzi urte behar izan du Jaurlaritzak eskubide subjektiboa eta etxebizitza hutsena bezalako alderdiak jorratzeko. Antzeko kritika egin diote EH Bilduk, Sumarrek eta Podemosek alderdi sozialistari. Legearen bultzatzailea eta etxebizitza sailaren arduraduna izanda ere, EAJri men egitea egotzi diote PSEri, legea izozkailuan sartuta.

Alokairuei muga

Alokairuaren prezioa jomuga izaten ari da hainbat alderdiren programetan. Errenteria izan da gune tentsionatu gisa izendatzeko eskatu zuen EAEko lehen udalerria, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen koalizioaren gidaritzapean. Bi alderdiek neurri horren aldarria egin dute, eta bestelako udalerrietan ere aplikatzeko eskatu dute. Alokairuaren prezioaren erreferentzia Espainiako Gobernuak kalkulatzeak euskal eskumenen kontrako erasotzat hartu zuen EAJk, legearen aurka eginez. Popularrek, aldiz, legeak alokairuaren eskaintza murriztu duela dio.

Errenteria izan da gune tentsionatu gisa izendatzeko eskatu zuen EAEko lehen udalerria, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen koalizioaren gidaritzapean

Alokairuen prezioaz gain, bada alderdiek mugatu nahi duten beste faktore bat, alokairu turistikoena. Gune turistikoak gogor astindu ditu azken urteotan ugaldu den alokairu modalitate berriak, prezioak are gehiago tentsionatuz. Alba Garciak moratoria turistikoa defendatu zuen egunkari honetan egindako elkarrizketan. EH Bilduk ere arazoari heldu beharra aldarrikatu du bere hauteskunde programan.

Eraiki beharra, agerian

Zifra dantza bilakatu da hauteskunde kanpaina eraiki beharreko etxebizitzei dagokionez, nork baino nork are eta zifra altuagoak emanez. Alderdi popularrak, eraikuntza errazteko neurriak eskatu ditu, eta ezkerreko alderdiek eskaintza publikoaren aldeko hautua nabarmendu dute. EAJk ere bultzada publikoa egin nahi du, gazteentzako eskaintza kopurua handituz. Jeltzaleek, baina, etxea erosi nahi dutenentzako laguntzak defendatu dituzte. Alde batetik, hipoteka mailegua izateko Jaurlaritzaren berme programa proposatu dute. Finantza erakundeek tasazio balioaren % 80ra bitarteko finantziazioa baino ez dutenez ematen, % 20 gehigarri horretarako bermea eskainiz. Neurria ez da berria, dagoeneko alderdi popularrak gobernatutako erkidego askok abian dituzte antzeko programak, eta Pedro Sanchezen gobernuak berriki iragarri du ildo bereko proposamena. Etxebizitzaren garestitzeari ekitea baino, etxea behar dutenek are gehiago zorpetzea leporatu diote EAJri EH Bilduk eta Sumarrek.

Zifra dantza bilakatu da hauteskunde kanpaina eraiki beharreko etxebizitzei dagokionez, nork baino nork are eta zifra altuagoak emanez

Eraikitzeaz gain Sumar eta EH Bilduk parke publikoa handitzeko bestelako neurriak proposatu dituzte, hala nola babes ofizialekoak izanda, merkatura atera diren etxeak Jaurlaritzak berriro erostea, legeak onartu bezala, modu horretan alokairuko etxebizitza parke publikoa handitzeko.

Zerga kenkariak, ezbaian

Zerga eskumenak foru ogasunen eta batzar nagusien esku badaude ere, EAJk bere diskurtsoaren muinera eraman ditu. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa dira estatu osoan etxebizitza erosteko kenkari fiskalak mantentzen dituzten lurralde bakarrak. EH Bilduri kenkariak kendu nahi izatea leporatu diote jeltzaleek, familiak kaltetuz. Nafarroak kenkari horiek 2018ra mantendu zituen, urte horretan, Geroa Baik gidatzen zuen gobernuak kendu zituelarik.

Informazio gehiago
Pello Otxandiano: "Oso eraldaketa bortitzak datoz, eta industria politika proaktibo bat behar dugu"
Miren Gorrotxategi: "Pentsio-sistema propioa ezartzea bideragarria izan liteke"
Eneko Andueza: "Trantsizio energetikoa aukera bat izan daiteke gure enpresentzat"
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK