Etxebizitza erostea biziki katramilatsua bihurtu da. Alokairuak gero eta garestiagoak dira. Laguntza ekonomikoak hor daude, baina izapidetze burokratikoek bidea zaildu besterik ez dute egiten. Etxebizitza hutsa nola kudeatu ez dakiten jabeak ere zalantzaz lepo daude. Tentsio handiko eremuak, etxebizitza turistikoak, zerga-hobariak... etxebizitza krisiaren mahai-jokoan hamaika pieza izanik ere, ez aurrera ez atzera dabiltza —gabiltza— jokalariak.
Errealitate gordin horri erantzun bateratu, humano eta hurbil bat emateko asmoz jaio da Oarsoaldeko Etxebizitza Bulegoa. Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udalek Oarsoaldea Garapen Agentziarekin batera abian jarritako egitasmo honek paradigma berri bat ezarri nahi du eskualdean: administrazioa bulego itxietan herritarra noiz etorriko zain egon beharrean, zerbitzua bera herriz herri mugituko da, bide-lagun izateko eta burokraziaren zirrikituak argitzeko prest. Bertako teknikariek izapideak egiten laguntzeaz gain, arreta pertsonalizatua eskainiko dute bulegoan; etxe hutsak alokairu sozialera bideratzea ere sustatuko du egitasmoak, eta halaber, baliagarria izango da eskualdeko etxebizitza beharrak hobeto ezagutzeko.
Lau udalerriren elkarlana premiazko erronkari erantzuteko
Etxebizitzaren gaineko zalantza, kezka eta arazoek ez dute udal-mugarik, nola edo hala leku guztietan eragiten baitu krisiak. Oarsoaldeko lau herriek argi identifikatu zuten hori, eta horrexegatik batu zituzten indarrak, Garapen Agentziarekin elkarlanean arazoari erantzun bateratua eman asmoz. “Gaur egun etxebizitza kezka handia bihurtu da herritzarrentzat, batez ere gazteentzat eta zailtasun-egoeran dauden pertsonentzat”, azaldu du Aitziber Zinkunegi Etxebizitza teknikariak. Bi oinarri nagusik bultzatu zuten etxebizitza bulegoaren sorrera: izapidetzeen sare korapilatsua sinplifikatzea eta herritarrari arreta pertsonalizatua bermatzea.
Sarri, burokraziaren zama oztopo gaindiezin bihurtzen da herritarrentzat. Informazio asko izaten da eskura, baina sakabanatuta eta ulergaitz agertzen da. “Herritarrok informazio asko daukagu dirulaguntzei eta programei buruz, baina gehienetan ez dakigu nora joan, ez zer egin; askotan ez dakigu ezta laguntza horiek norberarentzat diren ere”, ohartarazi du teknikariak. Bulego berriak hutsune hori bete nahi du, administrazioen hizkera teknikoa eta informazio nahaspila herritarren eskura jarriz era ulergarrian.
Zinkunegi: “Herritarrok informazio asko daukagu dirulaguntzei eta programei buruz, baina gehienetan ez dakigu nora joan, ez zer egin"
Lau udalerriek bide hori elkarrekin egitearen arrazoia ere oso argia da: baliabideak partekatzea eta herritar guztiei erantzun bera ematea, bizi diren herrian bizi direla. “Etxebizitza krisia ez da udal konkretu baten arazoa. Eskualdeko lau herriek pairatzen dute, baita eskualde kanpokoek ere”, nabarmendu du Zinkunegik. Elkarlanak, gastuak optimizatzeaz gain, arreta ekitatibo eta integrala ziurtatzen du eskualde osoan zehar.
Arreta ibiltaria, herritarrengandik hurbil egoteko
Bulegoa ibiltaria izango da. Horixe da, hain zuzen ere, egitasmoaren ezaugarri bereizgarrienetako bat. Bulego finko eta bakar bat sortu ordez, zerbitzua herriz herri lekualdatuko da, astean zehar Errenteria (Madalen kalea 3), Lezo (udala, Gurutze Santuaren plaza 1), Oiartzun (Doneztebe plaza 1) eta Pasaia (Euskadi Etorbidea, Merkatuko eraikina) txandakatuz. Udalek harreman-kanal finkoak ireki dituzte herritarrek hitzorduak erraz eskatu ahal izateko.
Eredu ibiltari hau hautatzeak arrazoi psikologiko eta praktiko bati erantzuten dio: alferrikako atzerapenak saihestea. “Herritarrak, askotan, etxebizitzaren arloan arazo, kezka edo zalantza bat duenean, beste egun baterako uzteko joera izaten du; izan ere, ezjakintasuna dago eta esaten du: «ondoko udalerrira joan behar dut, eta joango naiz, baina beste egun baterako utziko dut»”, aitortu du teknikariak. Hala, Zinkunegik iritzi dio zerbitzua norberaren herrian bertan edukitzeak tramiteak hastera animatzen duela herritarra, hurbiltasun fisikoak konfiantza ematen duelako.
Herri bakoitzak arazo orokor berak izan arren, behar zehatzak oso ezberdinak izan daitezke, eta bertan egoteak zerbitzua dinamikoki egokitzea ahalbidetuko du
Baina distantzia fisikoa laburtzeaz gain, administrazioari aurpegia jartzea ere bada helburua. Internet bidezko izapideek sortzen dituzten buruhausteen aurrean, pertsonen arteko hartu-emana berreskuratu nahi dute Oarsoaldean: “Herritarrak webguneetan programa eta dirulaguntza pila bat ikustera ohituta daude, baina ez daukate informazio zuzenik, aurpegia jartzen dion pertsona bat, eta momenturen batean zerbait kudeatu behar duenean behar hori dauka. Zerbitzua humanoagoa izango da horrela”.
Gainera, eredu ibiltariak udal bakoitzaren idiosinkrasia eta berezitasunak bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen dio lantalde teknikoari. Herri bakoitzak arazo orokor berak izan arren, behar zehatzak oso ezberdinak izan daitezke, eta bertan egoteak zerbitzua dinamikoki egokitzea ahalbidetuko du.

Arazoaren aurrean irtenbideak eskainiz
Etxebizitza bulegora hurbiltzen direnen artean talde oso nabarmen bat egotea espero da: gazteak. Emantzipatzeko adina gero eta gehiago atzeratzen ari den garaian, alokairuen prezioek eta lan-baldintzek amildegi baten ertzean uzten dituzte asko eta asko. Arazoarekin etsita dagoen gazte bat bulegora iristean zer egingo den galdetzean, teknikariak argi du prozesua: “Lehenengo egingo nukeena da bere sentimendua balioztatu, ez gutxietsi. Egoera gordina da, hor dago, ezin dugu gezurrik esan. Baina, era berean, aukerarik ikusten ez duen gazte horri esango niokeena da jarraitu egin behar dela, eta etxebizitza bat izan dezan aukerak bilatuko ditugula”.
Enpatia horretatik abiatuta, bulegoak bide praktikoak irekiko dizkio gazteari —eta herritar orori—. Alor ekonomikoa izaten denez kezka nagusia, martxan dauden laguntza publikoei (Gaztelagun, Emantzipa eta GazteAval) buruzko informazioa azalduko zaio. Gaztearen egoera ekonomikoa xehe-xehe aztertuko da, eta izapideak bertatik bertara egiten lagunduko zaio. Etxebideko zerrendetan inskribatzeko eta babes ofizialeko zein udal-etxebizitza tasatuen deialdietan parte hartzeko orientazioa ere eskainiko zaio hala behar duenari.
Etxe hutsak mobilizatzearen garrantzia
Etxebizitza bila dabiltzanak ez dira izango, ordea, bulegoko atea joko duten bakarrak. Beste aldean etxejabeak daude, eta haien papera ezinbestekoa da egungo krisia baretzeko. Oarsoaldea Garapen Agentziak eta lau udalek aurreikusten dute eskualdean etxebizitza huts ugari daudela, eta horiek alokairu sozialera bideratzea izango da bulegoaren erronka handienetako bat.
Haatik, bulegoaren zeregina ez da izango jabeei aginduak ematea, baizik eta aukera publikoak azaltzea, zeintzuek segurtasuna eta bermeak eskaintzen dizkieten. “Animatu baino gehiago, etxejabe bati esango nioke bulegora hurbiltzen denean informazioa emango zaiola eta orientatu egingo dugula. Ez diogu esango zer egin behar duen, hori argi dago, baina erakutsiko diogu Eusko Jaurlaritzak kudeatzen dituen programak zeintzuk diren”, zehaztu du teknikariak. Zinkunegik bi programei egiten die erreferentzia: Bizigune eta ASAP (Alokairu Segurua, Arrazoizko Prezioa).
Finean, bulegoaren helburua izango da jabeek ikustea errentagarriagoa eta lasaiagoa dela, hutsik izatea baino, etxebizitza programa publikoetara bideratzea
Martxan diren zerga-hobariak ere azalduko zaizkie jabeei. Izan ere, etxebizitza bat alokairu sozialean jartzen duen jabeak abantaila fiskalak izan ditzake udal-zergetan. Finean, bulegoaren helburua izango da jabeek ikustea errentagarriagoa eta lasaiagoa dela, hutsik izatea baino, etxebizitza programa publikoetara bideratzea.
Tentsio handiko eremuak, turismoa eta etorkizuneko diagnosia
Egungo etxebizitza krisia aztertzean, pieza berriak aurki daitezke mahai-jokoaren gainean, duela urte gutxi batzuk horrenbesteko pisurik ez zutenak. Horietako bat tentsio handiko eremuen izendapena da, horrek dakarren araudi aldaketarekin. Gaiaren inguruan zalantza asko sortu(ko) direla aurreikusten du bulegoak, bai maizterren, bai jabeen aldetik.
Etxebizitza turistikoen gorakadak ere kezka ugari sortu ditu. Udalerri askotan lizentzia berriak ematea debekatu da, behin-behinean bada ere, etxebizitza turistikoak ohiko etxebizitzen eskaintza murrizten dutelako. Gauzak horrela, legedi berriari buruzko argibide zehatzak ere eskainiko dira bulegoan.
Etorkizunera begira, zerbitzuak beste helburu estrategiko bat ere izango du: eskualdeko egoeraren erradiografia zehatza egitea
Era berean, Oarsoaldea Garapen Agentziak lehendik ere egina dauka ibilbide sendo bat etxebizitzen birgaitzean, irisgarritasunean eta eraginkortasun energetikoan. Lehendik martxan dauden birgaitze bulegoak eta energia bulegoak zerbitzu berri honekin koordinatuta arituko dira, herritarrak arreta integrala jaso dezan eraikinaren hobekuntzetatik hasi eta kudeaketa legaleraino.
Etorkizunera begira, zerbitzuak beste helburu estrategiko bat ere izango du: eskualdeko egoeraren erradiografia zehatza egitea. Gaur egun zaila da jakitea zehatz-mehatz zenbat etxe huts dauden Oarsoaldean. Uraren edo argindarraren kontsumoaren bidezko neurketek muga teknikoak dituzte, eta udalerri batzuek diagnosiak hasi badituzte ere, ez dago datu homogeneorik. Horregatik, bulegoaren lana kualitatiboa ere izango da: "Nik pertsonari eta alderdi kualitatiboari ematen diot garrantzi handia, ez soilik kuantitatiboari. Ez diot hainbeste garrantzi ematen bulegora zenbat jende etorriko den jakiteari, baizik eta zerbitzuaren kalitateari eta jendearen beharrak zein diren jakiteari". Horrez gain, urtean behin, lau udalerriek eta Garapen Agentziak osatutako Etxebizitza Mahaia bilduko da. Bertan, jasotako datuak, beharrak eta oztopoak aztertuko dira, etorkizuneko politika publikoak hobeto bidera daitezen.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta