FIFAren azken jokaldia

Gianni Infantino buru duen erakundeak Munduko Koparen merkataritza eskubideak kudeatuko dituen enpresa berri bat sortu nahi du, eta konpainia berri horren partaidetzak inbertsore pribatuei saldu nahi dizkie, 10.000 milioi dolarreko diru-sarrerak eskuratzeko asmoz

Argazkiak: iStock
Argazkiak: iStock
Joanes Marquet Lopetegi
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko uztailaren 30a - 05:30
Eg. 2026ko uztailaren 30a - 10:04

Futbola izango da ziurrenik kapitalismoaren aurpegi bortitzenetakoa azaleratzen duen industrietako bat, eta FIFA behin eta berriz tematzen da aurpegi hori erakutsarazten. Orain pare bat aste amaitu den Munduko Txapelketak agerian utzi du beste behin aberastasuna pilatu eta poltsiko gutxi batzuk betetzeko negozioa dela futbola, denari ateratzen baitzaio zuku ekonomikoa. Futbolariak eta entrenatzaileak produktu bilakatu dira, zeintzuek dirutza irabazten duten beren irudia marka eta multinazionalei salduz; kirol txapelketak ere diru gehien jartzen duen eskaintzailearen esku dira aspalditik, eta futbolaren antolaketaz arduratu beharko liratekeen nazioarteko erakundeak, kirola babestu baino, hura ustiatzen dute inolako errukirik gabe, klientelismo ereduari jarraiki.

 

FIFA bera da klientelismo eredu hori inork baino hobeto jarraitzen duen erakundea. Lau urtean behin egiten duen Munduko Koparen antolatzaileak 5.769 milioi euroko diru-sarrerak izan zituen 2022an Qatarren eginiko txapelketan, eta kalkulatzen da 2022-2026 aldian 12.900 milioi euro baino gehiagoko diru-sarrerak bilduko dituela.

Gezurra badirudi ere, FIFAren hasierako urratsak ez zuten zerikusi handirik irabazi ekonomikoekin. Erakundea 1904an sortu zen Parisen, helburu nagusia zuelarik garai hartan hainbat herrialdetan jokatzen zen kirol haren joko-arauak bateratzea, ondoren, nazioarteko joko-zelaia zehaztuta, herrialdeetako selekzioen arteko lehiaketak antolatu ahal izateko.

 

Helburuok bete zituen FIFAk, arrakasta handiz gainera. Futbola herri-masa handi baten kirola zen, eta erakundeak jakin izan zuen kirolaren hedapen azkarra kudeatzen eta lehen nazioarteko txapelketak antolatzen. XXI.mendean aurrera egin ahala, ordea, gizartean inpaktu handiko kirola zela erreparatu zuten gizon boteretsu askok, politika egin eta dirua irabazteko instrumentu bilakatzeraino. Horren lehen erakusle izan zen 1934an Italia faxistan antolatutako munduko txapelketa, Benito Mussolini diktadoreak bultzatuta.

Baina futbolaren merkantilizazio geldiezina mendearen bigarren erdian abiatu zen, hain zuzen, Joan Havelange brasildar abokatuak 1974an FIFAren hauteskundeak irabazi eta erakundearen presidente bihurtu zenean. Futbolak sor zezakeen aberastasunaz jakitun, Havelangek nazioarteko telebista eskubideen salmentak handitu eta mundu osoko multinazionalekin babesle akordioak itxi zituen. Hogei urte baino gehiagoko agintaldian futbola merkataritza produktu global bilakatu zuen.

Havelange bera izan zen FIFAren klientelismo eredua abian jarri zuena; hots, munduko kopa diru gehien eskaintzen zionari ematen ziona. Ez da kasualitatea bere agintaldiko lehen txapelketa, 1978koa, Argentinan jokatu izana, diktadura garaian.

2022-2026 aldian 12.900 milioi euro baino gehiagoko diru-sarrerak izatea aurreikusten du FIFAk

Havelange 1998 arte izan presidente, ordura arte bere zuzendari taldeko kide zen Joseph Blatter suitzarrak lekukoa hartu zion arte. Blatterrek brasildarraren klientelismo ereduari jarraipena eman zion, harik eta 2015ean hainbat ustelkeria kasuren karietara, kargua utzi behar izan zuen arte. Gianni Infantino iritsi zen orduan, erakundearen egungo presidentea, ustelkeriarekin bukatuko zuenaren promesa haizatuz iritsi zen abokatu suitzarra.

Suitzarraren agintaldian, baina, ustelkeriarekin akabatu ez eta FIFAren aberasteko desira itsua areagotu egin dela dirudi. 2018an Errusian, 2022an Qatarren, eta aurten AEBn, Mexikon eta Kanadan egindako txapelketek sortu duten aberastasuna ez omen da nahikoa futbolaren garapena eta etorkizuna bermatzeko, eta orain Munduko Kopa bera enpresa pribatuen esku uztea aztertzen ari da Infantino. Hau da, txapelketaren eskubide komertzialak salgai jarri nahi ditu, inbertsoren pribatuak kapitalean sar daitezen, 10.000 milioi dolarreko diru-sarrerak gainditzeko.

Eroskeria kasu bat

The Times egunkari britainiarrak aste honetan aurreratu duenez, Infantino buru duen entitatearen asmoa da eratu berri duen FIFA Forward Enterprise (FFE) izeneko filialak kudeatzea Munduko Koparen merkataritza eskubideak. Operazio honek aukera emango lieke inbertsore pribatuei enpresa berri horretako akzioak erosteko, hau da, Munduko Txapelketaren zati bat bereganatzeko.

Finean, FIFAk aurreikusten du enpresa berri horrek gizonezkoen eta emakumezkoen Munduko Kopa eta kluben arteko Munduko Koparen kudeaketa komertziala bere gain hartzea, milaka milioi euroko inbertsioa erakartzeko eta txapelketa horien balio ekonomikoa handitzeko helburuarekin.

The Timesen arabera, FIFAk FFEko partaidetzaren gehiengoa izango luke, eta inbertitzaile pribatuek hasiera batean kapitalaren %20 eta %30 artean eskuratuko lukete. Gainera, FIFA osatzen duten 211 herrialdeetako federazioek akzio-partaidetza txiki bat jasoko lukete, guztira, enpresaren %20 inguru izango litzatekeena.

" Infantinok 53 eguneko epea eman die herrialdeetako futbol federazioei Munduko Koparen salmentan izena emateko "

Federazio horietako bakoitzak 17 milioi euro baino gehiagoko balioa duten akzioak izango lituzke; hots, nazioarteko federazio txiki askorentzat ondare hori beren urteko aurrekontua baino handiagoa izango litzateke.

Gauzak horrela, hainbat inbertsore publikok Munduko Koparen eskubide komertzialak eskuratzeko interesa azaldu dute dagoeneko, eta hainbat iturriren arabera, Donald Trump AEBetako presidentearen inguruko zenbait enpresaburu proiektua aztertzen ari dira.

Infantinok 2031n amaituko du bere agintaldia FIFAn, eta dirudienez paper garrantzitsua izan dezake enpresa berri horretan. The Timesen arabera, konpainia berriaren burua izango litzateke kontseilari delegatu gisa. Suitzarrak 53 eguneko epea eman die herrialdeetako futbol federazioei Munduko Koparen salmentan izena emateko. Martyn Ziegler The Timeseko kazetariak argitu du herrialde bakoitzak 40 milioi dolar jarri beharko lituzkeela enpresa berri horren parte izateko, eta konpainiaren parte izan ez nahi badute, 10 milioi dolar jasoko lituzketela FIFAren partetik, hau da, eroskeria kasu bat.

Lehen erreakzioak

Dagoeneko zukututa dagoen industriari, are zuku gehiago ateratzeko mugimendua litzateke FIFAk egin asmo duena, futbolaren pribatizazio mailan beste urrats bat ematea, mundu mailako inbertsio funts askorentzat Munduko Kopak duen potentzial ekonomikoa aktibo bereziki erakargarria dela probestuta.

Mugimendu horren aurrean, baina, lehen erreakzioak iritsi dira. UEFAk, Europako futbol federazioak biltzen dituen elkarteak, Munduko Txapelketari boikot egitearekin egin dio mehatxu Infantinori, eta salatu du badirela erakundeek gainditu ezin dituzten muga batzuk.

Munduko Txapelketaren ehuneko bat merkatura ateratzeak FIFAri botere gehiago eman dionaren beldur da Europako futbol elkartea, eta urgentziazko bilera egitea erabaki du erakundea osatzen duten 55 herrialdeetako futbol federazioekin.

UEFA Europako futbol federazioak biltzen dituen elkarteak Munduko Txapelketari boikot egitearekin egin dio mehatxu Infantinori

FA Ingalaterrako futbol federazioa ere kezkatuta azaldu da. Federazioak ohar bidez zera adierazi du: "Ez genuen proposamen honi buruzko inolako informaziorik, eta ez dugu funtsezko xehetasunik, ez proposamena zein den, ezta zein diren baldintzak ere. Hain informazio gutxirekin, oso kezkatuta gaude gobernantza, funts eta printzipiorik ez baitago. Proposamena erabateko gardentasunez partekatzen denean, FIFAk agindu bezala, gure iritzia emango dugu".

Football Supporters Europe, Europako futbol jarraitzaileen elkarteak bere aldetik gogor kritikatu du FIFAren azken mugimendua. Munduko Kopa ez dagoela salgai diote, eta Infantinoren dimisioa eskatu dute. Agerikoa da, baina, futbola aspalditik dela salgai, eta FIFAk beste behin hala gogorarazi digu.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain