Estatu Batuen, Iranen eta Israelen arteko gerra hasi zenetik, zonaldeko merkataritza gune garrantzitsuetatik igarotzen ziren hainbat produktuek ezin dute betiko bidea normaltasunez egin. Hori mundu osoko ekonomian ari da eragiten, baita gurean ere. Gasolinaren prezioa pil-pilean egon den gaia izan da azken asteetan, eragin nabarmenena bertan ikusi dugu eta. Baina gutxiago nabaritzeaz gain, gure poltsikoetan eragina izaten ari diren eta izango duten beste faktore batzuk ere badaude.
Zeintzuk dira faktore horiek? Zergatik eragiten digu hain urrun dagoen herrialde batean gertatzen ari denak? Prest gaude gatazkaren ondorio ekonomikoei aurre egiteko? Noiz amaituko da gatazka? Noiz arte jasan beharko dituzte ondorioak gure poltsikoek? Horiek guztiak aztertzeaz gain, ezjakintasun testuinguru honen aurrean agertu daitezkeen eszenatoki ezberdinak azalduko ditugu.
Gatazkaren jatorria
Hori guztia ulertzeko, funtsezkoa da gatazkaren hasieraren arrazoiak jakitea. Karlos Pérez de Armiño Nazioarteko Harremanetako irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean, baita Hegoako (garapen eta lankidetza institutua) ikerlaria ere. Dioenez, gatazkak bultzatzen dituzten hainbat interes egoten dira jokoan normalean, herrialde bakoitzak bere interes propioak izaten dituelako. Baina gerra honen kasuan ez daude hain argi.
Lehenik eta behin, Perez de Amiñok dio AEBk ez duela guztiz ondo kalkulatu zertarako sartu den gerra honetan. Hainbat azalpen eman ditu herrialde amerikarrak, hala nola, erregimen teokratikoaren aldaketa, Iranek terrorismoa bultzatzen duela nazioartean, petrolioa, emakumeen eskubideak urratzen dituztela edota Iraneko programa nuklearra suntsitu nahi duela. Ikerlariak argi duena da giza eskubideak eta demokrazia ez direla arrazoiak: “Besteak beste, zonaldean AEBetako aliatua denak, Saudi Arabiak, giza eskubideak zein emakumeen eskubideak ere urratzen ditu, eta ez da inolaz ere erregimen demokratiko bat”.
Karlos Perez de Armiño: “Israelek eta Netanyahuk bultzatu dituzte amerikarrak gerrara, konbentzitu egin dituzte”
Bestalde, AEBren nazioarteko egoera ere testuinguratu beharra dago gerra honen hasiera ulertzeko. Perez de Armiñok esan du AEB gainbeheran dagoela munduko superpotentzia gisa, eta Txina, aldiz, hazkundean. Horren aurrean, AEB lehen lerroan mantentzeko, Txina petrolioz hornitzen duen herrialdea suntsitu nahi du, hau da, Iran. Iranek esportatzen duen petrolioaren %90 Txinara joaten da. Bestalde, AEBk beste nazioarteko antolaketa bat nahi du. Orain arte “zuzenbidean eta multilateralismoan oinarritutako ordena genuen”; hori alboratzen ari da, eta “indar militarrean eta superpotentzien eraginpean dauden zonaldetan oinarritutako” bat nahi du. Horrela azaldu daiteke Venezuelan egindako esku-hartzea ere. Amerika osoko eta Ekialde Hurbileko kontrola nahi dute Estatu Batuek.
Eta, hirugarrenik, petrolioa kontrolatzeak oraindik ere “garrantzia geopolitiko handia” du. AEBk petrolioa esportatu arren, inportatu ere egiten du. Bere industriarako behar duen petrolio mota ez da ustiatzen duena, eta, beraz, inportatu egin behar du energia iturri mota hori.
Israelek eta Netanyahuk, ordea, badituzte argi gerra egiteko interesak. Perez de Armiñoren aburuz, horiek bultzatu dituzte amerikarrak gerrara, “konbentzitu” egin dituzte. Israelentzat Iran “mehatxu” bat da, bere botereari aurre egin diezaiokeen potentzia bakarra zonalde horretan. Nazioarteko Harremanetako irakasleak nabarmendu duenez, Iran bonba nuklearra garatzeko nahiean zegoen, programa nuklearra zuten. Energia elektrikoa produzitzeko zela zioten irandarrek, baina nazioartean pentsatzen da bonba nuklearra lortu nahi zutela. Hori lortzekotan, Ekialde Ertaineko orden geopolitikoa “erabat aldatuko litzateke”, eta Israelen nagusitasuna “desagertu egingo litzateke”. Gainera, “Netanyahuk gerra etengabea behar du”, horrek populazioaren sostengua eman ez ezik, ustelkeriagatik dituen kasu judizialak ere fokutik alboratzen dituelako. Hori gutxi balitz, Gaza eta Zisjordanian sarraskiekin eta kolonizazioarekin jarraitzeko “erraztasuna irabazten du”.
Globalizazioaren alde negatiboa
Estatu Batuak, Israel eta Iran gugandik urrun dauden herrialdeak dira, baina horien arteko gatazka bete-betean ari da eragiten gure ekonomian, baita gure poltsikoetan ere. Massimo Cermelli Deustoko Unibertsitateko ekonomia eta finantzako irakasle titularrak horixe bera azaldu du. Gauza da ekonomia “interkonektatuta” dagoela, eta “azken hamarkadetan zehar garatu den globalizazioa” da arrazoia. Ez da globalizazioaren efektu txarrak sufritzen ditugun lehen aldia: pandemia garaia edota 2021ean Suezko kanalean barku bat gurutzatuta geratu zen unea ditugu adibide gisa, horiek nazioarteko ekonomian inpaktua izan baitzuten.
Massimo Cermelli: “Persiar golkoko petrolioaren hornikuntza jaisten bada, nazioarteko prezioa gora doa eta guretzat ere kaltegarria da”
Kasu honetan, Ormuzeko itsasartean dago gakoa. Iranen kontrolpean dago pasabide hori, eta gerra hasi zenetik, bertatik igarotzen diren itsasontziak erasotu ditu Iranek. Horrenbestez, erasotuak izateko arriskuaren aurrean, nahiz eta AEBk babestu, itsasontzi gehienak ez dira bertatik pasatzen ari. Pasatzekotan flete aseguruak kontratatu beharko lituzkete, “askoz garestiagoak direnak”. Azken finean, Ekialde Hurbiletik edo Persiar golkotik Europara edo Mendebaldera datorren petrolioa eta gasa “askoz eskasagoa izango da”, eta beraz, garestiagoa. Nahiz eta Espainiako Estatuak zonalde horretatik lehengai askorik ez esportatu, petrolioaren prezioa nazioartekoa da. Beraz, “Persiar golkoko petrolioaren hornikuntza jaisten bada, nazioarteko prezioa gora doa eta guretzat ere kaltegarria da”.
Sufritu beharreko eragina
Cermellik adierazi du eragin nabarmenena gasolinaren prezioan ikusten ari garela. Gasolinaren prezioaren igoera eskaintzaren gutxitzearen ondorio da, eta petrolio-upelaren prezioaren garestitzearena. Hau da, “petrolio gutxiago ari da iritsi behar duen tokietara iristen”. Lehen aipatu bezala, Ormuzeko itsasartetik petrolio gutxiago ari da igarotzen; bertatik igarotzen da munduko petrolio guztiaren %20a, eta itsasontzietan mugitzen denaren %30a.
Beraz, Deustuko Unibertsitateko irakasleak dioenez, garrantzitsua da jakitea bizi izan ditugun lehen prezio igoerak “espekulatiboagoak” direla, jakina delako urritu egingo den baliabide bat delako petrolioa, eta, beraz, baliabide hori duenak garestiago salduko du. Hala ere, datozen hilabeteetan “gasolinaren prezioaren gorakada dator, eta sufrituko dugu”. Egia da, dena den, gure eskaeraren elastikotasuna aldatu egin dela, eta petrolioarekiko dugun premia ez dela garai batean bezain hain handia; gaur egun “alternatibak ditugu”, esan du Cermellik.
Dena den, ekonomia irakasleak alternatiba horiek oraindik ere petrolioarekiko menpekotasun apur bat dutela aitortu du: “Ziklo konbinatua eta elektrizitatea sortzea petrolioaren kostuaren baldintzapean dira, baita gasa ere, zeina igotzen ari dena. Herritarrok zuzenean sufritzen ditugu gerraren efektuak gasolinaren eta argiaren prezioan; baina zeharkako eragina ere izan dezake logistikan, elikaduran edota garraioan; azken finean gure etxera iristen den, biltegietan kudeatzen den, edo garraioa behar duen produktu oro garestituko da”.
Massimo Cermelli: “Gaur egun gasolina ordezkatzeko alternatibak ditugu, baina oraindik petrolioarekiko mendekotasun apur bat dute horiek ere”
Cermelliren ustez, gatazka honek “zeharkako eragin ekonomiko gehiago” izan ditzake, “banku zentraletako jarduerarekin” zerikusia dutenak. Gatazkak aurrera jarraituz gero, interes-tasen igoera etor liteke, hipoteka aldakorrena edota diruaren kostuarena, alegia. Guzti hau igotzen hasiko litzateke, faktore horiek garestitzen hasiko lirateke, eta azkenean, garraioaren, gasolinaren edo janariaren prezioan eragiteaz gain, krediturako sarbide kostuak, dirua eta hipotekak ere garestituko lirateke.
Halaber, Perez de Armiño Asiatik datozen inportazioen eskasiaz eta garestitzeaz mintzatu da, eta enpresa batzuentzat arazoak ekarriko dituela uste du. Autoak ekoizteko, esaterako, Asiatik inportatu behar dira piezak, eta horiek falta badira ekoizpena murriztu edo eten egingo da. Mikrotxipen arloan ere “dependentzia daukagu” Txina eta Taiwanekiko; “hornikuntza hori arriskuan jartzea gure industriaren kalterako izan daiteke”.
Prest gaude?
Cernellik nabarmendu du horrelako gertakarien aurrean prest egotea ezinezkoa dela, baina aurretiko esperientzietatik ikasi dugula. Errusiak Ukrainan egindako inbasioari egin dio erreferentzia irakasleak: “Badakigu zein neurri diren eraginkorragoak. Nire ustez, horren eraginez ari gara neurriak beranduago hartzen, ez gara ari modu oldartsuan jokatzen, gatazka nola garatzen den ikustera ari gara, itxaroten”.
Espainiako Gobernuak hartutako lehen neurriak azaldu dira jada. Nabarmenena gasolinaren BEZa %21etik %10era jaistea. Hala ere, petrolioaren prezioa hainbesteraino ari da igotzen BEZaren jaitsiera hori ere jan duela. Hau da, demagun gasolinak 1,8 euro litroko prezioa zuela neurria martxan jarri aurretik, eta BEZaren murrizketaren ondoren 1,75 euro litroko preziora jaitsi zela. Nahiz eta 24 orduz gasolinaren prezioa merkatu, hurrengo egunean berriro ere 1,8 euro litroko horien gainetik zegoen, petrolioaren eta gasolinaren prezioa etengabe igotzen ari delako.
Massimo Cermelli: “Horrelako gertakarien aurrean prest egotea ezinezkoa da, baina aurretiko esperientzietatik ikasi dugu”
Beraz, ekonomialariaren ustez, ez gaude prest, baina bai “entrenatuta beste egoera batzuk sufritu eta gauza basiko batzuk ikasi ditugulako”. Hala ere, gerra batean zaila da jakitea zer gertatuko den, bat-batean ezusteko bat egon baitaiteke, “joera jakin bat izatean espero zen zerbaitek guztiz kontrako tendentzia hartu dezake”. Beraz, “ezjakintasunezko testuinguru geopolitiko-ekonomiko” batean murgilduta gaude, “kontrolatu ezin duguna”.
Ondorioak, noiz arte?
Cermelliren arabera “ezinezkoa da jakitea edo aurreikustea” noiz arte iraungo duen gatazkak, baina aurreko gerrak ikusita ideia bat egin dezakegu: “Normalean Aste Santuan eta udaran petrolioaren prezioan igoerak izaten ditugu. Orduan, nik esango nuke gatazkaren ondorioz eta denboraldi altuko gorakaden ondorioz udara amaierara arte izango dugula altu gasolinaren prezioa, nahiz eta gatazka modu positibo batean garatu; irailetik aurrera hasiko ginake arnasa hartzen”.
Hala ere, Jerome Powell Estatu Batuetako Erreserba Federaleko buruak esan du ez dakiela zer gertatuko den eta nola jokatuko duten. Cermelli baikorra da, “hilabete batzuen gauza” izango dela uste du, eta prezioen egoera ez dela izango urteetan zehar mantenduko den zerbait: “Oraintxe bertan dugun errealitatea, ordea, ezjakintasunarena da, inork ez daki benetan zenbat iraungo duen gatazka honek”.
Perez de Armiñoren aburuz ere “ezjakintasunezko testuinguru” batean gaude. Ikerlariak dio inork ez dakiela noiz eta nola amaituko den gatazka, ezta Estatu Batuetako gobernuak ere. “AEBk helburu edo plan zehatzik ez duela dirudi” eta gerra guztietan egoten diren ezustekoei aurre egiteko ez dutela planik prestatu. Beraz, bere ustetan, eszenatoki ezberdinak eman daitezke.
Karlos Perez de Armiño: “Inork ez daki noiz eta nola amaituko den gatazka, ezta Estatu Batuetako gobernuak ere”
Lehen agertokia Iraneko erregimena hondoratzea da, eta herrialdean aldaketa politiko bat egotea. EHUko adituaren iritziz, aukera hori “oso zaila da”. Ayatolen erregimenak “baliabide militarrak eta biztanleriaren zati bat” bere alde ditu. Beraz, erregimena aldatzeko, AEBk lurreko inbasio bat egin beharko luke Iranen. “Inoiz ez da gertatu” erregimen politiko bat boteretik kendu ahal izatea lurreko inbasiorik egin gabe. Horrek soldadu kopuru handi baten heriotza ekarriko luke, AEBko iritzi publikoak onartuko ez lukeena”, gehitu du.
Gainera, erregimena kenduko balute “gerra zibil krudel bat” ekarriko luke herrialde islamiarrean: “Iraken gertatu zen, Sadam Hussein kendu zuten boteretik eta izugarrizko gerra zibil bat sortu zen. Horren ondorioa izan zen krisialdi humanitario itzela. Testuinguru horretan sortu zen Estatu Islamikoa Iraken eta Sirian, eta, ostera, Siriako gerra zibila. Migrazio masiboak izan ziren, Europarantz batez ere. Hori izango litzateke ondorioa Iranen; gerra zibila, krisi humanitarioa eta migrazio masiboak Europarantz”.
Beste eszenatoki bat, Perez de Armiñoren aburuz, “erregimenak irautea eta gerra luzatzea” litzateke. Horrenbestez, “beste herrialde batzuetara hedatu daiteke” gatazka, Iranek bere aliatuak erabil baititzake. Mendebaldeko eta NATOko herrialdeak ere gerran murgildu daitezke. Herrialde batzuek zonalde horretan base militarrak dituzte, hala nola, Frantziak, Britania Handiak, Estatu Batuek, Italiak, etab. Txipren misil bat erori da, Britania Handiak duen base batean, eta Turkian ere erori dira misilak. Txipre ez dago NATOn, baina Turkia bai, orduan, NATOren kide batek eraso bat sufritzen badu “gainontzeko herrialdeek laguntzeko konpromisoa dute”.
Karlos Perez de Armiño: “Ukraniara munizio mordoa bidali da, eta orduan AEBk eta Mendebaldeak Iranerako duten munizioa nahiko mugatua da momentu honetan"
Ikerlariaren ustetan, kontuan izan beharrekoa da batzuek esaten dutela AEBk duen munizioa (misilak) urria dela: “Ukraniara munizio mordoa bidali da, eta orduan AEBk eta Mendebaldeak duen munizioa nahiko mugatua da momentu honetan. Iranen kasuan, misil kopuru handirik ez du, baina bai drone asko. Horiek erabil ditzake Mendebaldeko edo AEBetako baseen kontra. Aldiz, AEBk drone horiek gelditzeko erabili behar dituen misilak oso garestiak dira. Hor arazo militar bat egon daiteke, munizio aldetik eta gerraren kostu ekonomiko-militarragatik”.
Ondorioz, AEBrentzat gerra luze bat oso kaltegarria izango litzatekeela dio Perez de Armiñok, eta epe laburrean garaipena lortzen ez badu, irtenbide bat bilatzea komeni zaiola. EHUko irakasleak susmatzen du Israelek gatazkarekin jarraitu nahiko lukeela: “Israelek garaipen nabaria lortu nahi du, erregimena aldatzea eta etorkizunera begira Iran ez izatea mehatxu bat. Beraz, gerta daiteke AEB eta Israelen interesak gurutzatzea. Orduan ikusiko dugu zer gertatzen den, baina inork ez daki oraindik”.