• EKONOMIA
  • Industria prezioek nabarmen gora egin dute, batik bat energiaren garestitzeak bultzatuta

Industria prezioek nabarmen gora egin dute, batik bat energiaren garestitzeak bultzatuta

Azken urtean, energiaren prezioak %64,8 igo dira EAEn eta %62,0 Nafarroan; industria prezioen igoera orokorra, berriz, %22,7koa eta %11,7koa izan da, hurrenez hurren

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026ko urriaren 26a - 12:53

Energiaren prezioak gora egin du nabarmen azken urtean, eta horrek eragin zuzena izan du industriako prezioen bilakaeran. INE Espainiako Estatistika Institutuaren Industria Prezioen Indizearen arabera, irailean industria prezioak %22,7 igo dira EAEn urte batetik bestera, eta %11,7 Nafarroan. Energiaren sektorean izan da igoerarik handiena: %64,8koa EAEn eta %62,0koa Nafarroan.

 

Gainerako ondasun taldeetan, prezioek gora egin dute, baina energiaren sektorean baino neurri txikiagoan. Kontsumo ondasunak, esaterako, %3,8 garestitu dira EAEn eta %3,4 Nafarroan. Igoera hori, batez ere, kontsumo ondasun ez-iraunkorrei zor zaie (elikagaiak edo eguneroko erabilerako beste produktu batzuk, esaterako), horien prezioak %4,4 igo baitira EAEn eta %3,5 Nafarroan. Kontsumo ondasun iraunkorren prezioek, aldiz, ez dute aldaketarik izan EAEn (%0,0), eta %1 igo dira Nafarroan.

Ekoizpenerako erabiltzen diren ondasunen artean ere aldeak izan dira. Ekipo ondasunen prezioek izan dute igoerarik txikiena: %2,0koa EAEn eta %0,7koa Nafarroan. Bitarteko ondasunak, berriz, %7,4 garestitu dira EAEn eta %3,0 Nafarroan. Azken horiek beste produktu batzuk egiteko erabiltzen diren ondasunak dira, hala nola lehengaiak edo ekoizpen-prozesuetako osagaiak.

 

Energiaren eragina alde batera utzita, industria prezioen urte arteko igoera nabarmen apalagoa izan da: %5,3koa EAEn eta %2,3koa Nafarroan. Datu horiek agerian uzten dute energiaren garestitzeak zer pisu izan duen industriako prezioen igoera orokorrean.

Hilabete batetik bestera (abuztutik irailera) ere gora egin dute industria prezioek. Abuztutik irailera, indize orokorra %4,5 igo da EAEn eta %3,3 Nafarroan. Berriro ere, energiaren sektorea izan da igoeraren eragile nagusia: haren prezioak %11,6 handitu dira EAEn eta %13,8 Nafarroan. Energiaren eragina kenduta, hilabete arteko garestitzea askoz txikiagoa izan da: %0,4koa EAEn eta %0,5ekoa Nafarroan.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain