• EKONOMIA
  • Joxerramon Bengoetxea (EHU): "Unibertsitateak ezagutzaren arlo guztiak besarkatu behar ditu"

Joxerramon Bengoetxea (EHU): "Unibertsitateak ezagutzaren arlo guztiak besarkatu behar ditu"

EHUren premia nagusiak plantillan, azpiegituretan eta digitalizazioan daude, Bengoetxearen aburuz. Unibertsitate txikia izanik, aliantza eta fusio bidez eskalatu beharra duela iritzi dio

Joxerramon Bengoetxea EHUren Gasteizko campusean | Argazkia: Jaizki Fontaneda / Foku
Joxerramon Bengoetxea EHUren Gasteizko campusean | Argazkia: Jaizki Fontaneda / Foku
Joanes Marquet Lopetegi
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026eko otsailaren 24a - 05:30

Azken egunotan Voxen mitinaren harira Gasteizko campuseko jarduerarekin harturiko erabakiak eraman du hedabideetako lehen lerroetara EHU, eta horrekin Joxerramon Bengoetxea (Irun, Gipuzkoa, 1963) errektorea. Aitzitik, hori guztia gertatu aurretik izan zen EnpresaBIDEA Bengoetxearekin, karguan urtebete pasatxo bete zuela aprobetxatuta, eta beste gai batzuk ditu hizpide. Errektoretza talde berriak premien diagnostikoa egin eta zenbait aldaketei bidea egin badie ere, oraindik unibertsitateko alderdi askotan zer hobetua badutela badaki, hala nola, plantillan, azpiegituretan eta digitalizazioan. Azken horretan "atzeratuta" daudela dio, baita unibertsitateko ikaslearen kontzeptua aldatu beharra dagoela ere. Ezagutza hutsez harago, zeharkako gaitasunen garrantzian jarri du azpimarra.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Urtebete igaro da EHUko errektoretzara ailegatu zinetenetik. Nolakoak izan dira hamabi hilabete hauek?

Urte intentsoa bezain interesgarria. Horrela utziko nuke.

 

Unibertsitatearen premien diagnostikoa egin duzue, besteak beste. Zeintzuk dira identifikatu dituzuen premia nagusiak?

Lehenbizi esan behar da diagnostikoa kokatzen dela prozesu estrategiko baten baitan. Diagnostikoa landu dugu, alde batetik, behetik gora, zentro guztietatik jasoaz ekarpenak, eta goitik behera, gure gerentziatik landutakoa zuzendaritza ezberdinekin hitz eginda. Funtsean, beharrak daude pertsonalean, azpiegituretan eta digitalizazioan. Pertsonalari buruzko premia askok zerikusia dute identifikatutako prekarietate egoerekin. Soldata ikuspegitik, talentua atxikitzeko eta erakartzeko adina eskaini behar dugu. Pertsonalari buruzko beste behar bat konpondu genuen: ordezkoak jardunaldi osoan kontratatu ahal izatearena. Gero, promozioa ziurtatu nahi dugu, ze oso itxaron zerrenda luzea dago irakasle bat akreditatzen denetik dagokion plaza hori deitzen den arte, eta denbora hori gutxitu nahi dugu. Pertsonaren zaintza, ikuspegi psikologikoa eta psikosoziala ere kontuan hartu nahi ditugu.

Azpiegituretan ziurtatu nahi dugu segurtasuna bermatzen dugula gure campus eta eraikin guztietan, baita ere baldintza egokietan lan egiteko aukera eskaintzen dela, alegia, ez dagoela itoginik, tenperatura hotz-hotzik edo bero-berorik. Eta digitalizazioaren inguruan inbertsio potente bat behar dugu gure prozesuak digitalizatu ahal izateko.

Finantzazio nahikoa lortzeko lanean jarraituko duzuela esan zenuten orain aste batzuk eginiko agerraldian. EHUren benetako autonomia lortzeko 192 milioi euro gehiago beharko zenituzketela ere neurtu zenuten.

Gure diagnostikoa egin genuenean hori zen gure estimazio zehatza, eta hori oinarritzen da, hain zuzen ere, guk jasotako datuetan. Horren gainean eraikitzen ari gara gure plan estrategikoa eta baita aurrekontuei begirako gure negoziazioak ere Jaurlaritzarekin. Gure diagnostikoa egin genuenerako, jakin bagenekien Jaurlaritzak egina zeukala bere aurrekontu proposamena, baina pentsatzen dut gure beharrak aintzat hartuko dituela epe luzeago baterako, artatu beharreko egoerak baitira. Hori aurtengo proposamenean kontuan hartu beharrekoa izango litzateke hurrengo ikasturterako.

bb 20260206168536
Joxerramon Bengoetxea EHUren Gasteizko campusean | Argazkia: Jaizki Fontaneda / Foku

Nola doaz negoziazioak Jaurlaritzarekin?

Behartuta gaude negoziatzen jarraitzera. Jaurlaritzak jaso du gure premien diagnostikoa eta identifikatuta ditugu bat egiten dugun puntuak. 2026ko aurrekontutik harago, espero dugu proposamena kontuan hartzea hurrengo ekitaldietarako. Jarraituko dugu negoziatzen eta gure beharrak mahai gainean jartzen.

2027ra ari zarete begira, beraz, adostasuna lortu nahian.

Hori da asmoa. Eta 2026an posible balitz beste ekarpenen bat lortzea, horren alde borrokatuko genuke, jakina.

"Gure diagnostikoa egin genuenerako, jakin bagenekien Jaurlaritzak egina zeukala bere aurrekontu proposamena, baina pentsatzen dut gure beharrak aintzat hartuko dituela epe luzeago baterako, artatu beharreko egoerak baitira"

Aipatu duzu zenbait kolektiboren lan baldintzak hobetzea zenutela xede. Ordezko irakasleak jardun osoz kontratatzea lortu duzue.

Bai, lortu dugu eta ari gara jada horrela kontratatzen. Kasu batzuetan, badaude sail batzuk edo pertsona batzuk nahiago dutela zatikako ordezkapena egin, ez osoa. Zentzu horretan ere aukera behintzat zabaldu dugu eta ari gara praktikatzen. Hori konponduta.

Doktoretza aurreko ikerlarien baldintzak hobetzea lortu al duzue?

Horiek hobetu ditugu gure aldetik, baina beste zati bat Jaurlaritzarekin negoziatu behar da, izan ere, Jaurlaritzak aurreikusten ditu kontratu beka horiek —eta baldintzak—, tesiak egiteko. Guri dagokigun zatian pixka bat hobetu dugu, baina Jaurlaritzarekin negoziatzen ari gara eta uste dut adostasuna lortuko dugula.

Kontziliazio neurriak indartu al dituzue administrazio eta zerbitzu langileentzat?

Horretan ere ari gara. Zaintzagatiko sartu-ireten ordutegiak malgutu dira, mugikortasun arazoak dituen edo gaixorik dagoen senide baten zaintzarako eta 14 urte azpiko seme-alabak dituztenentzako. Era berean, berehala hartutako beste neurrietako bat izan zen ez fitxatzea bazkalorduan. Bestalde, orain ari gara urrutiko lana egiteko baldintzak negoziatzen. Pilotu bat martxan jarriko dugu eta ondo funtzionatzen badu asmoa da aukera hori ere behintzat posible den postuetan zabaltzea.

bb 20260206168538
Joxerramon Bengoetxea EHUren Gasteizko campusean | Argazkia: Jaizki Fontaneda / Foku

Irakasle oso eta katedradun izateko promoziorako itxaron zerrenda murrizteko neurriak aipatu dituzu. 200 pertsona inguru daude zerrendan, ezta?

200 pertsona daude zain eta batez besteko itxaron denbora sei urte eta zazpi hilabetekoa da, Espainiako Estatu osoan luzeena. Neurriak hartzen ari gara bi urtetara mugatzeko itxaron zerrenda hori. Akreditatu eta bi urtetara plaza deitua edukitzea.

Bi urteko epe hori noiz betetzea espero duzue?

Uste dut posible izango dela aurten zerrenda arintzen hastea. Lehenbizi, gure asmoa da zain dauden 200 horiek bi urtetan promozionatzea, eta horrela zerrenda maneiagarriagoa izatea, nahiz eta pertsona berriak akreditatzen joango diren.

Hainbat azpiegituren egoera txarra konpondu nahi duzue. Zein egoeretan dira gaur-gaurkoz?

Batez ere Leioako campusean, eraikin nagusien artean, pasarela batzuk daude, eta horiek erabili izan dira goitik eta behetik pasatzeko. Oso egoera tamalgarrian zeuden, eta segurtasun aldetik arriskutsuak ziren. Horiek erausten ari gara. Prozesu konplikatua da. Horrez gain, Leioako liburutegian xafla batzuk daude haizea dagoenean asko mugitzen direnak eta beste leku batzuetan espazio falta edota itoginak ditugu.

Gasteizeko campusean prezintatutako lokal bat dugu kirol fakultatean, eta espazio falta izugarria daukagu. Bulego batzuetan edo laborategi batzuetan astelehenetan neguan oso tenperatura baxuak eta udaran oso altuak ditugu. Donostian, Carlos Santamaria liburutegiaren kanpoko sabaian konponketa egin behar da, eta Kimika fakultateko laborategi batzuetan itoginak daude. Espazio falta ere badago. Mantenu eskasa egin izan da, eta kasu batzuetan, interbentzio oso bortitza egin behar da orain.

Espazio faltari zer konponbide ikusten diozue?

Kasu batzuetan, aztertu behar dugu posible ote den goraka eraikitzea, pisu gehiago gehituz. Beste kasu batzuetan, beste formula batzuk pentsatu beharko ditugu. Espazio falta izugarria dago, esaterako, Donostiako Medikuntza eta Erizaintza fakultatean. Hor ez dago konponbiderik gora eginda. Eraikin berria egin edo beste formularen bat bilatu beharko da.

"Azpiegituretan mantenimendu eskasa egin da, eta kasu batzuetan, interbentzio oso bortitza egin behar da orain"

Bilbon kokatuko den klinika odontologiko soziala zein puntutan aurkitzen da?

Eraikita dago, baina hainbat eta hainbat akordio egin behar dira, eta lekualdaketa ere bai oraingo klinikatik berrira. Medikuntza eta Erizaintza fakultatea Leioan dago, eta Basurtora joango da, ospitale ondoan eraikitzen ari den fakultate berrira. Lekualdaketa hori egiten denean, mugitu ahal izango da klinika odontologiko soziala beste eraikin horretara. Baina Bilboko Udalarekin adostu behar dugu, bere jabetzakoa baita eraikina. Hori guztia negoziazio bidean jarri behar da.

Noizko egon daiteke martxan?

Etengabe galdetu didate noiz egongo den prest Medikuntza eta Erizaintza fakultate berria Basurton eta inoiz ez naiz ausartu data bat ematen. Beraz, ez dut salbuespenik egingo. Obrekin inoiz ez dakizu. Behin obra bukatuta ere mugitu egin behar da dena. Errealista izanda, nahiko nuke 27-28 ikasturterako egotea.

Gipuzkoan ikasleen egoitza berria eta Araban zaintza integralerako zerbitzuaren pilotua dituzue martxan.

Hor ere ikusi behar dugu obrek ere zenbat denbora hartuko duten. Hemengoa (Gasteizkoa) jada eginda daukagu, egokitu behar da, eta kontratazioak ziurtatu behar dira zaintzako espezialitate desberdinetan: medikuak, erizainak, psikologoak, asistentzia psikosoziala dela…. Batzuk badauzkagu eta beste batzuk kontratatu egin behar dira. Saiatuko gara ikasturte berrirako martxan egotea.

bb 20260206168533
Joxerramon Bengoetxea EHUren Gasteizko campusean | Argazkia: Jaizki Fontaneda / Foku

2026-2028ko plan estrategikoa aurkezten aritu zarete azken asteetan, zeina martxoaren 16an bozkatuko den. Zeintzuk dira plan horren ardatz nagusiak?

Plan estrategiko guztiek diagnostiko bat behar dute eta gure diagnostikoa egina dago. Lantzen ari garen estatutu berriek markatzen dute zein xede lortu behar dituen unibertsitateak, eta plan estrategikoa xede horiek gauzatzeari begira jartzen da. Estatutuak epe luzekoak dira, eta plan estrategikoa hiru urtekoa izango da.

Lehenbizi, oztopoak identifikatu behar dira: finantzazioa, giza baliabideak, baliabide teknologikoak edota testuingurutik datozen mehatxuak, geografia, geopolitika, adimen artifiziala… Espainia mailan garatzen ari diren unibertsitate pribatuen mehatxua ere hor dago, irabazi asmoa daukaten unibertsitate pribatuak kasu askotan. Mehatxu horiek guztiak kontuan hartuta, zortzi ardatz identifikatu ditugu, horietako zazpi gaiekin harremana duena, eta beste ardatz guztiak elikatzen kudeaketa eta gobernantzarena.

Ardatz batzuk unibertsitate publiko guztiek dauzkatenak dira: ezagutzaren transmisioa irakaskuntzaren bitartez eta ikaskuntza; ezagutza berriaren sorkuntza ikerkuntzarekin; ezagutza horren transferentzia enpresetara, irakurleetara edo gizartera; eta ezagutzaren hedakuntza maila kulturala igotzeko gizartean oro har. Gero, ardatz propioak dira, euskara, campus anitza izatea, egitura federala, lurraldean errotua baina nazioartean zabalduta, pertsonen zaintza, konpromiso soziala, komunitatea eta feminismoa.

Arlo akademikoan, mikrokredentzialak sustatzeko kanpaina abiatu duzue. Zergatik apustu hori?

Demografiak behartu gaitu ikaslearen kontzeptua zabaltzera. Ikaslea ez baita bakarrik derrigorrezko hezkuntzako ikasketak amaitzen dituena eta gero lau edo sei urte unibertsitatean dagoena. Ikasi egiten da bizitza osoan, eta langileek eta gizartean aktibo diren biztanleriak ere behar dute etengabe egokitzen joan. Adimen artifizialaren inguruan egokitze bat beharko dugu denok, eta mikrokredentzialak horretarako daude, baita beste behar arlo eta ezagutza askotarako ere.

"Ikasi egiten da bizitza osoan, eta langileek eta gizartean aktibo diren biztanleriak ere behar dute etengabe egokitzen joan"

Zein neurri hartuko dituzue ikasleen enplegagarritasun datuak handitzeko?

EHUko graduatuen %92k eta masterdunen %95k lana aurkitzen du hiru urteko epean. Eta bi urtetara ikasitakoarekin zerikusi zuzena duten enpleguetan %80an gaude. Esan daiteke EHUko unibertsitateak enplegagarritasuna bermatzen duela. Gainera, uste dut enfokea aldatu behar dugula. Prestatu behar ditugu gure ikasleak jakintza arlo zehatzetan dauden ezagutzak bereganatzeko, eta horien sistemak, metodologiak, printzipioak ondo ikasteko, baina baita gaitasun transbertsalak ere, ezagutza batetik bestera mugitu ahal izateko. Izan ere, bizitzak eta lan munduak hori eskatuko dute, egokitzeko, ikasteko eta arazoak konpontzeko gaitasuna. Horrez gain, jakina, arlo bakoitzean jakin behar dena, ezagutza propioa, inportantea da, baina beste transbertsal diren horietan geroz eta gehiago sakondu behar dugu. Gure unibertsitateko irakaskuntza ere horretara zuzenduta dago.

Ezagutza hutsaz gain, ezagutza transbertsal horiek guztiak nola irakasten dira? Hezkuntzaren metodologia aldatu beharra dago?

Horretarako daukagu gure i3 eredua deitzen dena. Hain zuzen ere, berrikuntza sartu behar da irakaskuntzan. Arlo batzuetan oso inportantea da. Dualtasuna duten 14 gradu eskaintzen ari gara, eta hori betidanik dualak izan diren formakuntzak kontatu gabe, medikuntza edo erizaintza, esaterako. Baina geroz eta gradu dual gehiago gehitzen ari gara, non unibertsitatean ikasteaz gain, lan munduan ere ikasten den. Aitzindari izan ginen atxikita daukagun zentro baten bitartez —IMH Elgoibarren—. Metodologia hori ere zabaltzen ari da.

Enpresek talentu faltaz hitz egiten dute asko, langile kualifikatuak behar dituztela diote. Nola bizi du EHUk errealitate hori? 

Unibertsitateak behar du malgutasuna eta arintasuna erantzun ahal izateko horrelako beharrei. Unibertsitateak ezagutzaren arlo guztiak besarkatu behar ditu, baita une honetan merkatuak eskatzen ez dituen horiek ere, batek baitaki hemendik gutxira eskatuko ote dituen. Adibide bakar bat ematearren, duela urte batzuk ez zegoen matematikarien eskari handirik. Gaur egun ez duzu topatuko matematikari asko eta merkatua bat-batean eskatzen hasi da, big data dela eta. Badaezpada guk arlo guztiak lantzen ditugu. Agian hemendik urte gutxira filologiak izango dira on demand.

Nik susmoa daukat hurrengo hilabeteetan izugarri garatuko dela adimen artifiziala, eta hor ezagutza asko dago. Gure irakaskuntza orientatu beharko dugu adimen artifizialarekin lan egiten jakiteko. Baina pertsonak beti izango dira beharrezkoak, sikiera adimen artifizialarekin lan egiteko. Algoritmoak diseinatu eta gure esku egon beharko dira, ez kanpoko beste interes batzuen esku. Gure subiranotasun artifiziala ere beharko dugu, digitala eta energetikoa behar dugun bezala.

"Gaitasun transbertsaletarako ere prestatu behar ditugu ikasleak, ezagutza batetik bestera mugitu ahal izateko. Izan ere, bizitza eta lan munduak hori eskatuko dute, egokitzeko, ikasteko eta arazoak konpontzeko gaitasuna"

Merkatua aipatu duzu, identifikatua duzue zein beste ezagutza arlok izan dezakeen eskaera handia etorkizunean? Analisirik egin duzue?

Bai, hartu, esaterako derrigorrezko hezkuntza, hartu batxilergoak eta ikusi hor irakasten diren arlo guztiak. Gure hezkuntza sisteman hemendik oso gutxira jubilazio pilo-piloa gertatuko dira, eta euskaraz ondo egokitutako eta prestatutako irakasleria behar dugu. Orain fakultate batzuetara joanez gero, ikusiko duzu zailtasunak dituztela historialarien poltsak betetzeko. Matematikariak zer esanik ez. Hezkuntzan irakasten den edozein arlotan dagoeneko badago eskaera.

Enpresekin zer harreman duzue? 

Aipatu dugu dualtasuna. Dualtasuna enpresetan sortzen den eta bereganatzen den ezagutza da, eta zentzu horretan sare zabala daukagu enpresa askorekin. Transferentziaren inguruan ere enpresa askorekin dugu harremana, behar zehatzetarako unibertsitateko atea baitute irekita. Gero, ikerketa munduan ere tesi industrialak egiten dira eta horietako asko enpresetan gauzatzen dira. Beraz, enpresekin etengabeko harremana daukagu, estua eta oso emankorra.

bb 20260206168535
Joxerramon Bengoetxea EHUren Gasteizko campusean | Argazkia: Jaizki Fontaneda / Foku

Digitalizazioan urrats asko dituzue emateko?

Gure sistema batzuk zaharkituta geratu dira eta prozedura batzuk ez dauzkagu digitalizatuta. Artxiboan behar hori sumatzen dugu. Kudeatzeko hainbat arlotan behar dugu digitalizazioa. Gure bizitza errazteko tresna bat da. Aurrerapauso inportanteak ematen ari gara, eta beste batzuk emateko esfortzu eta inbertsio handia behar da.

Beste unibertsitate batzuen digitalizazio mailarekin alderatuta, EHU non dago?

Onenen artean ez gaude. Egingo balitz Shangai ranking bat, digitalizazioarekin hobekuntza behar dugu. Aspaldian faltan bota izan dugu unibertsitate honetan digitalizazio plana, beti eskatzen eta eskatzen egon dena komunitatea, eta orain ari gara prestatzen. Hemen esandako guztia ordenatuko du plan horrek. Oso atzeratuta gatoz, eta hobetu besterik ezin dugu egin.

"Nik esango nuke, neurri handi batean, ezagutza, zientzia eta euskara lotzen duen erakundea garela, eta Euskal Herrian, erakunde nazional bezala, euskararen arnasgune bat"

Euskararen biziberritzea sustatzeko zein neurri hartu edo hartuko dituzue?

Une honetan, enborreko kredituetan, alegia, derrigorrezko ikasgaietako gradu guztietan, euskararen eskaintza %98 da. Beste gradu batzuetan esfortzu handia egiten ari gara hori lortzeko. Gradu zehatz batzuetan zailtasuna egon daiteke campusen batean irakasleria euskalduna topatzeko. Hautazko kredituetan hasten dira arazoak. Gure estrategia da hiru hizkuntza nagusiak —euskara, gaztelania eta ingelesa— kontuan hartuta, ziurtatzea ehuneko ehunean euskarazko irakaskuntza badagoela. Ez da inoiz %100 izango filologia hispaniko bat ez duzulako euskaraz emango eta euskal filologia bat ez duzulako gaztelaniaz emango.

Hautazkoetan nahiko eskaintza lortu behar da, eta hobetzen eta gehitzen ari gara. Graduondokoetan ikusten ari gara eskaintzaren jaitsiera bat dagoela, eta tesietan errekuperatzen da dezente. Tesi asko eta oso onak egiten dira euskaraz, eta orain sortu dugu euskarazko tesiaren aipamena, hau da, errekonozimendu ofiziala euskaraz. Hedakuntzan ere, produkzio zientifikoan nahi dugu ziurtatu euskarak presentzia nahikoa daukala. Nik esango nuke garela, neurri handi batean, ezagutza, zientzia eta euskara lotzen duen erakundea, eta Euskal Herrian, erakunde nazional bezala, euskararen arnasgune bat. Beharbada hori gehien nabaritzen dute ingurune euskaldun batetik ez datozen euskal hiztunek. EHUn euskaraz bizitzeko aukera handia daukate, agian, bere inguruan ez daukatena.

Eskaera aldetik, zein egoera bizi du unibertsitateak?

Aurten, adibidez, sartu berri diren ikasleen ia %60k aukeratu du euskarazko modalitatean ikastea. Horrek esan nahi du erdiak baino gehiagok euskaraz ikastea aukeratzen duela gradua egiteko. Uste dut asko esaten duela horrek.

"Europa mailan gure unibertsitatea txiki-txikia da, eta eskala behar du"

Lehen urtea amaituta, bigarren urtean zer lortu nahiko zenukete?

Plan estrategikoak markatuko digu norabidea, baina estatutuak ere onartu behar ditugu. Aldaketa berri batzuk ekarriko dituzte, eta horretarako, araudizko egokitzapena egin beharko da. Gure apustua pertsonak izango dira eta horiei ziurtatu behar dizkiegu baldintza egokiak: laguntza, orientazioa eta ikerketarako behar den laguntza teknikoa ere behar dugu.

Adimen artifiziala ere integratu behar dugu, eta nazioartekotzearen aldetik ikusten dut intentsifikazioa. Euskaldun komunitatea zabaltzeko aukera dugu gure herritik aparte, aliantza europarrak eta hortik sortzen diren aukerak areagotuz. Europa mailan gure unibertsitatea txiki-txikia da, eta eskala behar du. Eskala lortzeko fusioak pentsatu daitezke. Beste bide bat da aliantzena.

Shangai rankinga aipatu dugu lehen. 400 onenen artean gaude. Ez da gauza makala, bada zerbait, baina pentsatu behar da gure erkidegoak 2,2 milioi biztanle dauzkala. Hori Txinan hiri txiki bateko unibertsitatea da. Lehiatu, eta berrikuntza eta transferentzia egin nahi badugu, eskalatu beharko dugu. Horretarako daukagu mugaz bestaldeko campusa Bordele unibertsitatearekin. Hori adibide on bat da, eta UPPArekin (Paue eta Aturriko Herrialdeetako unibertsitatea) ere badauzkagu beste akordio batzuk.