Bizkaia talentuarekin dagoela dio Bizkaia with the talent ekimenaren izenak, eta hala erakutsi zuen atzo Bilbon eginiko jardunaldian. Begirada enpresetan jarririk, lurraldeak langile kualifikatu jakinak identifikatu eta garatzeko duen erronkaz aritu ziren hainbat aditu. Izan ere, mundu osoko enpresen arazo bera dute Bizkaikoek, talentua sortu, formatu eta atxikitzea.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
“Arazo abstraktua” dela adierazi zuen Amaia Jugo Bizkaia Talenteko zuzendari nagusiak. Bere hitzetan, talentu eskasia baino, nolabaiteko "desegokitzapena" dago lurraldean. “Profil oso kritikoak behar ditugu, gaitasun oso zehatzak dituztenak. Eta ez ditugu profil horiek garatu behar soilik, aurkitu, erakarri eta hemen mantendu behar ditugu”, esan zuen atzo EHUko Bizkaia Aretoan eginiko ekitaldian.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustatzeko sailak bultzatuta, Bizkaia Talent 2005ean sortu zen, hain zuzen, talentuaren erronkari aurre egiteko, eta gaur gaurkoz 200 bat enpresa baino gehiago dira sarearen parte. Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko saileko diputatuak eman zion hasiera topaketari, eta nabarmendu zuen lurralde bateko lehiakortasuna ezin dela soilik azaldu datu ekonomiko eta industrialekin. "Gure lurraldearen lehiakortasuna talentua, ezagutza eta berrikuntza garatu, erakarri eta fidelizatzeko gaitasunean oinarritzen da", nabarmendu zuen.
Mugarik gabe, talentuaren bila
Bizkaiko hainbat enpresek talentua kudeatzeko eginiko lana ezagutzeko aukera izan zuten atzo EHUko Bizkaia Aretora bertaratutakoek. Pevasa konpainiako Teresa Castro, Satlantiseko Ainhoa Alonso eta H2siteko Nekane Fernandezek beren enpresetan giza baliabideetako sailetan dituzten erronkak azaldu zituzten.
Loiuko H2site industria sektoreko enpresa teknologiko bat da, eta Fernandezek aitortu zuen egun lurraldean dagoen STEAM profila ez dela nahikoa konpainiaren langile beharrak asetzeko. “Talentua kontratatu behar dugu eta horretarako kanpora begiratzen dugu”, kontatu zuen.
Satlantis sektore aerospazialean aritzen den konpainia da. Azken urteetan sekulako hazkundea izan du. Horren erakusle bat: orain hiru urte 60 lagun izatetik, egun 180 izatera igaro dira. Alonsok argitu zuen laster 200 langiletik gora izango direla, eta langileak kontratatzeko eginkizun horretan, esfortzu handia jarri behar izaten dute enpresa erakargarri egiteko. Horretarako, langile berriak "pilotatzeko" programa garatu dute. Programa honek ahalbidetzen die langile horien jarraipena egiten, euren errendimendua neurtu eta gerora erabakiak hartu ahal izateko, hala nola langilea postuz aldatu edo promozionatzeko. “Batez beste 29 urteko lantaldea dugu, beraz, jende oso gaztea dugu ardura postuetan”, adierazi zuen Alonsok.
Ainhoa Alonso (Satlantis): “Langileen ezagutza da enpresa batek duen aberastasunik handiena”
Pevasa lehen sektoreko enpresa bat da, hegaluzearen arrantzan diharduena orain dela 75 urtetik. “Nazioarteko testuinguruan lan egiten dugu eta, beraz, mundu osoko pertsonak kontratatzen ditugu”, azpimarratu zuen Castrok.
Arrantzaren sektorea ezezaguna dela ere gogoratu zuen, eta horrek talentua erakartzea zailtzen diela. “Lan ingurune itxietan egiten dugu lan, eta ezagutza eskasa dago sektorearen inguruan. Sektore modernoa da gurea, punta-puntako teknologia duena, eta orain arte aurkitu ez ditugun profilen bila gabiltza”. Gauzak horrela, sektorea ezagutarazteko buru-belarri lanean ari dira Pevasan.
Satlantis, Pevasa eta H2siteko giza baliabideetako arduradunek adierazi zuten talentuaren kudeaketa konpainiaren estrategiaren egiturazko alderdia dela, eta modu aktiboan lantzen dutela beren egunerokoan. “Langileen ezagutza da enpresa batek duen aberastasunik handiena”, esan zuen Alonsok. “Nik uste dut gure sailetatik ez ditugula mugak jarri behar eta nazioarte mailara salto egin behar dugula talentu bila”, gehitu zuen Fernandezek.

Talentua sortu ere egin behar da
Kanpotik ekartzeaz gain, talentua lurraldean ere sortu beharra dago, eta Bizkaia with the talentek lurraldeko hiru talentu fabriken kasuak aletu zituen atzo: Urduliz 42, Smart Grids Academy eta Bizkaia Euskaltel Digital Center. Peru Valdes Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak gidatutako mahai inguruan izan ziren Estibaliz Leon (Urduliz 42), Noemí Alonso (Smart Grids Academy) eta Nerea Enbeita (Bizkaia Euskaltel Digital Center). “Talentu handiena ez da teknologia; pertsonak dira”, adierazi zuen Valdesek.
Leonek, halaber, zehaztu zuen Bizkaiko sektore teknologikoak 480.000 profesional behar dituela, eta gaur-gaurkoz lanpostu horiek betetzeke daudela. Bada, Urduliz 42 erronka horri aurre egiteko jaio zela gogorarazi zuen. Erabat "gamifikatutako" formakuntza eskaintzen duen zentroa da Urduliz 42, 2021ean sortua.
Noemi Alonso (Smart Grids Academy): "Sare elektrikoaren sektoreak eskatzen dituen profil zehatzei erantzunak ematen saiatzen gara"
Etorkizuneko sektore estrategikoetako bat izanik, energia sektoreak ere badu talentu beharra, eta Smart Grids Academy da horren eredu. "Gure zentroa aitzindaria da, eta sare elektriko adimendunetan dihardugu. Sare elektrikoaren sektoreak eskatzen dituen profil zehatzei erantzunak ematen saiatzen gara", nabarmendu zuen Alonsok.
Iberdrolak sustatutako espazioa da Smart Grids Academy, Gaia klusterraren laguntzarekin, eta enpresa, unibertsitate eta teknologia zentroen kolaborazioarekin. "Zentro arin, malgu eta modularra gara, eta enpresei upskilling eta reskilling erremintak eskaintzen dizkiegu", gehitu zuen.
Izan ere, langileen gaitasunak handitzea (upskilling) edota gaitasun berriak bereganatzea (reskilling) funtsezkoa da talentuaren kudeaketan aurrera egiteko. Hein horretan, Enbeitak zioen "atzean geratzen ari garenaren sentsazioa" duela, eta Bizkaia Euskaltel Digital Center atzeratze hori ekiditeko sortu dela. “EBk helburu bezala jarri du IKT esparruko 20 milioi espezialista sortzea datozen urteotan, eta guk horretan lagundu nahi dugu", zioen.