Pasa den astelehenetik ostiralera antolatu zen Makina-Erremintaren Biurtekoak 74,55 milioi euroko inpaktu ekonomikoa izan zuela jakinarazi dute antolatzaileek. Gainera, 1.507 enplegu ere sortu zituen, “ekitaldiaren tamaina eta proiekzioa nabarmenduz”.
Zenbateko horiek lortzeko ezinbestekoak izan ziren erakustazokako parte-hartzaileak: orotara, 34 herrialdeetako 1.543 enpresek erakutsi zituzten beren soluzio teknologikoak. Era berean, bost egunetan zehar 39.063 pertsona bertaratu ziren BECera, enpresek eskaintzen dutena bertatik bertara ikusi asmoz. Antolatzaileek nabarmendu dute bisitarien erdia EAEtik kanpokoa zela, eta horrek inpaktu ekonomikoaren zati handia suposatu duela, batik bat, hotelen sektorean izandako gastuagatik.
Antolatzaileen esanetan, Biurtekoaren 33. edizioa “2026ko nazioarteko lehen erakusleiho handia” izan da fabrikazio aurreratuaren sektorearentzat, eta horrez gain, data berriro ere aurreratu izanak urtean zehar industriarentzat “gako” izango direnak aurreikusten lagundu du.
Azkenik, jakinarazi dute bi urte barru (2028an) antolatuko den edizioa martxoaren 6tik 10era bitartean egingo dela.