• EKONOMIA
  • Mubilek mugikortasunaren arloko gazteak eta enpresak elkartu ditu

Mubilek mugikortasunaren arloko gazteak eta enpresak elkartu ditu

Mubil EV Academy Experience ekitaldiak ikasleen eta sektoreko enpresen arteko harremanak sustatu ditu Donostian

Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
2026ko apirilaren 24a - 13:48

Mugikortasunaren sektorean diharduten ikasleak eta enpresak batu dira gaur Donostiako Mubil Centeren, Mubil EV Academy Experience ekimenaren baitan. Jardunaldiaren helburua izan da sortzen ari den talentuaren eta arlo horretan dauden lan aukeren arteko lotura indartzea, topagune praktiko baten bidez.

 

Ekitaldian parte hartu dute, besteak beste, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak. Mendozak azpimarratu du halako ekimenek balio handiko sektoreak bultzatzen dituztela, eta adierazi duenez, “gure lurraldearen indarguneetan oinarrituta balio handiko sektoreak sustatzea da helburua, lanpostu onak sortzen dituztenak eta gizartearentzat ongizatea dakartenak”.

Topaketaren ardatza izan da gazteek mugikortasun jasangarriaren garapenean duten eginkizuna. Ingeniaritza eta mugikortasun arloetako ikasleek eta profil kualifikatuak bilatzen dituzten enpresek elkar ezagutzeko aukera izan dute, eta nabarmendu da gazteen prestakuntza eta konpromisoa, baita enpresek talentu hori erakartzeko eta garatzeko duten interesa ere.

 

Jardunaldian zehar, unibertsitate eta lanbide heziketako hainbat taldek beren proiektuak aurkeztu dituzte, ibilgailu elektrikoen arloan egindako lan praktikoen bidez. Parte-hartzaileen artean izan dira Formula Student eta MotoStudent programetako taldeak, baita TKNIKA – EUSKELEC ekimeneko ikasleak ere. Gainera, ibilgailuen erakusketak eta networking guneak antolatu dira harreman profesionalak sendotzeko eta lan aukerak aztertzeko.