Nerea Urrutia: “Transferentzia gehiago jaso genituen pandemian, baina ez zuen gure autonomia aldatu"

Itun Ekonomikoa eta pandemia garaia alderatu ditu Urrutiak bere gradu amaierako lanean, honakoa “salbuespen” egoera gisa aztertuta. Ituna Saria etxeratu du ikerketa horri esker

nerea urrutia nerea urrutia

Itun Ekonomiko eta Foru Ogasunen gaiekin zerikusia duten GRAL Gradu Amaierako eta MAL Master Amaierako lan onenak saritzen ditu Ituna Sariak. Aurten haren II. edizioa egin du Ekonomia Itunaren eta Foru Ogasunen Dokumentazio eta Ikerketa Zentroak. Dibulgazio lanari oihartzuna eman nahi zaio sariarekin. Nerea Urrutia (Getxo, 2000) Zerga Sistema eta Administrazio Publikoa graduko ikaslea izan da irabazlea, haren Covid Funtsa eta Foru Ogasunak lanagatik. Bertan, Itun Ekonomikoaren izaera bera aztertzen du, baita pandemiaren eragina analizatu Foru Ogasunean. Urrutiak ikerketa munduan jarraitu nahi du etorkizunean, doktoretza bat ikastea baitu helburu. Iaz, I. Ituna Saria Xabier Pagolak irabazi zuen.

Zergatik erabaki zenuen Itun Ekonomikoa eta COVID-19 pandemia alderatzea?

Graduan zehar gutxi landu izan dugu Itun Ekonomikoa eta Kupoa, eta beti interesatu zait gaia. Mikel Erkoreka tutorearekin aritu nintzen, Ituna Zentroko ikertzailea dena, eta gaurkotasunarekin lotuta zegoen lan bat egin nahi nuela adierazi nion. Horrela otu zitzaigun COVID-19 pandemiaren inguruko lan bat egitea, aurrekaririk gabeko egoera berezi bat izan zelako. Aldebakarreko printzipioa izan genuen oinarri, EAEk zein Nafarroak erantzukizun fiskal propioa duelako, eta krisialdian dirulaguntzak jaso izan zituztelako. Transferentzia horien eta autogobernuaren arteko egoera aztertu da lanean.

Pandemia garaian, zein berezitasun izan genuen euskaldunok gainontzeko erkidegoekin alderatuta?

Krisialdiak sortzen zuen hutsunea betetzeko, Espainiako autonomia erkidegoek estatuari laguntza eskatu zioten eta kito, baina gure kasua ezberdina zen. Autonomia dugunez, ezin genion eskatu laguntza estatuari, eta hainbat modu sortu ziren horri aurre egiteko. Lehena zergak eta aurrekontu politikak ezartzea zen, bigarrena Covid Funtsa jasotzea, eta hirugarrena zorpetzera jotzea. Horietatik eztabaidagarriena guretzat Covid Funtsa izan zen, Eusko Jaurlaritzaren kontuei erreparatuta transferentzien diru-sarreren kopuruak gora egin zuelako.

Transferentzia horiek jasotzeko justifikazioa zegoen?

Kontuei erreparatuta, ehuneko handiena euskal ogasunetatik zetorren, baina 2020an ikusi genuen estatuko transferentziak asko handitu zirela. Hainbat kontzepturengatik dirua jaso genuen, baina ez diru-sarreren murrizketagatik. Lanean azaltzen da Covid Funtsa lau taldetan banatu zela, eta laugarren taldean, diru-sarreren murrizketa atalean hain zuzen, kontua hutsean dago euskal lurraldeetan. Gainera, Kupoaren bidez dagokigun %6,24 gastatu genuen funtsaren ordainketan; beraz, funtsa guk ere ordaindu genuen. Azken finean, gure baliabideen menpe geundela argi islatu nahi izan da lanean. Bestela esanda, Espainiar estatutik transferentzia gehiago jaso genituen pandemia garaian, baina horrek ez zuen gure autonomia ekonomikoa aldatu. Hori bai, zorpetzera jo behar izan genuen hutsune horri aurre egiteko, eta estatuarekin akordio bat egin behar izan genuen hori lortzeko.

“Espainiar estatutik transferentzia gehiago jaso genituen pandemia garaian, baina horrek ez zuen gure autonomia ekonomikoa aldatu”

Covid Funtsak Itun Ekonomikoaren inguruko eztabaida piztu zuela uste duzu?

Berez itunaren inguruko kritika zorrotzena politikan sortzen da, gizarteak ez duelako hainbeste erreparatzen zenbakietan. 'Kuponazoa' eta horrelakoak entzuten ziren garai hartan, eta egia da momentu hau arriskutsua zela guretzat, baina aurreratu egin gara eta egoera aztertu nahi izan dugu. Horrela, doktrina moduko bat sortu dugu lanarekin, justifikatzeko krisialdi garaietan aldebakarreko printzipio hori betetzen den edo ez. Lanean argi azaltzen da jasotako dirua ez zela izan nabarmena gure autonomia ezeztatzeko. Gure baliabideekin aurre egin behar izan genion hutsuneari.

Dirulaguntzak jasotzea, beraz, bateragarria da Itun Ekonomikoarekin?

Bai, baina betiere jasotako funtsak ezaugarri jakin batzuk betetzen baditu. Hau da, ohiz kanpoko gertakizun bat ematea, funtsa salbuespenezkoa eta baldintzarik gabekoa izatea, dirulaguntza selektiboa ez izatea eta, azkenik, finantza-irismen mugatuko funtsa izatea. Laneko ondorio atalean laburbiltzen ditut horiek.

Arlo politikotik babesteko, Itun Ekonomikoaren inguruko dibulgazioa funtsezkoa dela uste duzu?

Itun Ekonomikoaren inguruan hitz egiten den gehienetan politikan izaten da, baina gu ere gizarte bezala konturatu behar gara gure ongizatearen euskarria dela. Egunero erabiltzen ditugu hainbat zerbitzu publiko zein dirulaguntza, baina horiek guk finantzatzen ditugu. Hurbileko administrazioak hobeto ulertzeko balio digu itunak, ez bakarrik politikan erabiltzeko edo lege jakin batzuk ulertzeko.

"Lanean argi azaltzen da jasotako dirua ez zela izan nabarmena gure autonomia ezeztatzeko. Gure baliabideekin aurre egin behar izan genion hutsuneari"

Zelan lortu daiteke dibulgazio hori?

Unibertsitate fakultateetan Itunaren inguruko ikerketa lan bat publikatu genuen Ituna Zentrotik, eta bertan ikusi daiteke gazteria pixka bat galduta dagoela. Zerbitzu publiko bat behar dugunean interesgarria da jakitea ea zenbat balio duen gure ikasketa matrikulak edo Bizkaibuseko txartelak. Ezjakintasun horri aurre egiteko hezkuntza tresna oso baliagarria da.

Egoera berezi baten aurrean, erantzun ahalmen egokia du Itun Ekonomikoak?

Askotan entzuten da pribilegio bat dela, baina ez dira konturatzen albo kalteak ere dituela. Krisiak dira albo kalte horiek hobeto irudikatzen dituztenak. Azken finean, diru-bilketa bat aurreikusi behar dugu, baita Kupoa ordaindu ere. Azken horren zenbatekoa ez dago gure esku, estatuaren esku baizik. Kupoa estatuak ordaintzen duenaren gainean kalkulatzen da, beraz, gehiago gastatu nahi baldin badu, guk ere gehiago gastatu beharko genuke. Krisialdi batean, esaterako, Kupoa asko igotzen baldin bada, hutsune ekonomikoa eragingo zigukeen. Orduan, Itun Ekonomikoa erraminta bat da, baina ondo erabili behar dena.

Ituna Saria irabazteaz gain, bestelako aukerarik izan duzu artikuluarekin?

Sari honekin Ituna Zentroari erakutsi ahal izan diot nire interesa eta nire lan egiteko gogoak. Hori dela eta urtarriletik maiatzera praktikak egin ditut haiekin, baita ekainean bertan lanean jarraitu ere. Orain, kontratu bat lortu dut EHUko kanpo ikertzaile gisa, nire ikerkuntza ibilbidean jarraitzeko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK