Tubos Reunidoseko langileen mobilizazioak egin dituzte gaur Gasteizen, konpainiako zuzendaritza Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundiarekin bilduta egon den bitartean. Astelehenekoa eta gero, bigarren greba eguna dute gaur beharginek, eta Amurrioko plantako langileek greba egun gehiago egiteko asmoa dute datozen egunetan.
Lan suntsiketarik ez. No a los despidos. ERErik ez zioen pankarta bat zutelarik atera dira kalera langileak. Zuzendaritzak 301 pertsona kalean utziko lituzkeen enplegu erregulazioa espedientea iragarri zuen astelehenean, eta kolpe handia izan da langileentzat. Susmoa zuten kaleratzeak izango zirela, baina espero baino gehiago iragarri ditu enpresak, eta hortaz, sindikatuek erakunde publikoei eskatu die gatazkan esku hartu dezatela, “egoera zail” honi aurre egiteko.
Jaurlaritza, Arabako aldundia eta Tubos Reunidosen zuzendaritza goizeko 9tan bildu dira Lakuan, Gasteizen, eta eraikinaren inguruan elkartu dira langileak protesta egiteko.
Lan erregulazio espedientearen xehetasunak emateaz gain, Tubos Reunidosek astelehenean jakinarazi zuen 71 milioi euroko galerak izan dituela. Hala, Amurrioko lantegia atera da kaltetuen, 300 kaleratzeetatik 274 bertan egin nahi baititu enpresak, baita fabrikaren altzairutegia eten ere.
Jaurlaritza zorra berregituratzeko prest
Lakuan eginiko bileran Jaurlaritza prest agertu da Tubos Reunidosentzat "etorkizuneko industria proiektu sendo bat" babesteko eta enpresaren 16 milioi euroko zorra berregituratzeko, betiere "beste hartzekodun batzuen eskutik eta ahalegin proportzionala eginez". Era berean, euskal konpainian dirua jarriko luketen inbertsore pribatuei laguntzeko prestutasuna azaldu du, nahiz eta inbertsore horiek aurkitzea "oso zail" ikusten duen.
Gaurko bileran izan dira dira Andoitz Korta Eusko Jaurlaritzako Industria Sustatzeko sailburuordea, Elena Pérez Barredo Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordea, Saray Zarate Arabako Ekonomiaren Garapen eta Iraunkortasuneko foru diputatua, Ainara Basurko Bizkaiko Ekonomia Sustapeneko foru diputatua, Txerra Molinuevo eta Miguel Ángel Gómez Amurrio eta Trapagarango alkateak.
Bertan ordezkari publikoek adierazi dute Tubos Reunidosek abian jarri nahi duen lan erregulazio espedientearen eragin soziala "minimizatzera eraman" behar dela.
Tubos Reunidosen bideragarritasun-plana enpresak bere zor gero eta handiagoa berregituratu ahal izatearen mende dago, eta plan hori aztertzen ari dela jakinarazi du Jaurlaritzak. Gauzak horrela, Jaurlaritzaren Industria saila Espainiako Industria Ministerioarekin bildu zen atzo zorraren berregituraketa aztertzeko asmoz.
Arabako Foru Aldundiak, bere aldetik, adierazi du prest egongo litzatekeela enpresak erakundearekin dituen ordainketa-betebehar guztiak berregituratzeko, baita enpresaren etorkizuna bermatuko duen industria proiektu publiko-pribatu batean laguntzeko ere.