• EKONOMIA
  • Uber bezalako plataformen gatazkaren harira, mobilizaziora dei egin dute taxilariek

Uber bezalako plataformen gatazkaren harira, mobilizaziora dei egin dute taxilariek

Plataforma horien zerbitzu “prekarioa” salatu dute taxilariek

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026eko martxoaren 9a - 13:55

Taxien Euskal Federazioak dei egin du datorren martxoaren 26an mobilizatzera. Deialdiaren arrazoia berriki Donostian martxan jarri den Uber bezalako plataformen zerbitzua da, zeina “intrusismo profesional” gisa definitzen duten.

 

Taxilariek uste dute Uber eta antzeko plataformek bete-betean kalte egiten diotela taxien zerbitzuari; horrez gain, gogorarazi dute GTI (gidaridun garraio-ibilgailuen) lizentziekin lan egiten duten enpresa askok Madrilen zein nazioartean dutela egoitza fiskala, eta, ondorioz, ez dutela EAEn zergarik ordaintzen. Era berean, GTI plataformen zerbitzu “prekarioa” ere salatu dute, erabiltzaileei zein gidariei kalte egiten diela azpimarratuz.

Gauzak horrela, protestei hasiera emango die sektoreak martxoaren 26an, eta sektorearen eta GTI lizentziadunen arteko “adostasuna” exijituko dute.