• EKONOMIA
  • Martxan dira fiskalitateari eta moda jasangarriari buruzko ikastaroak

Martxan dira fiskalitateari eta moda jasangarriari buruzko ikastaroak

UIKren bi jardunaldiak Donostiako Miramar Jauregian egingo dira

Argazkia: UIK
Argazkia: UIK
2025eko uztailaren 17a - 10:50

“Fiskalitate berritzailea: digitalizazioaren erronkak” eta “Moda eta jasangarritasuna: ekonomia sozialaren eta zirkularraren erronkak ehungintzan” ikastaroak jarri dira martxan gaur, EHUko Udako Ikastaroen baitan.

 

Fiskalitate berritzaile: digitalizazioaren erronkak

Gaur hasi eta gaur amaituko den Miramar Jauregiko (Donostia) jardunaldian, zergen kudeaketarekin lotura duten teknologia, merkatu eta diru digital berriak aztertuko dira. Hainbat dira azken urteetan sortu diren proiektuak: TicketBAI, Verifactu eta ViDA, besteak beste. Teknologia eta negozio horiek dituzten abantailak, eta, oro har, digitalizazioak zergen kudeaketan duen eragina izango da, hala, topaketaren aztergaia.

Horretarako, zenbait hitzaldi eta mahaingurua antolatu ditu UIKk. “Fakturazio elektronikoa eta txosten digitalak: tokiko, estatuko eta Europako ikuspegia” hitzaldiarekin hasiko da Rufino de la Rosa, Marosa enpresak Faktura Elektronikoaren eta Politika Publikoen zuzendaria; jarraian, “BEZaren OSS sistema: leihatila bakarraren bilakaera” hitzaldia eskainiko dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Zerga Kudeaketako Zuzendariorde Nagusia den Yolanda Dominguez Románek eta Zeharkako Zergak, Eskualdaketen Gaineko Zergak eta Ingurumen Tributuak Kudeatzeko Zerbitzuburua den Estibaliz Seijas Armentalek

 

Kaferako pausaren ondoren, Samuel González Romero Booking konpainiako Goi mailako Zerga Kudeatzaileak hartuko du hitza, zeinak bere enpresaren ikuspegia azalduko duen zerga eta informazio betebeharrei dagokionez.

Mahai inguruarekin emango zaio itxiera jardunaldiari, “Konexio puntuak, errealitate ekonomiko berria eta fiskalitatea: kontzertu ekonomikoa” izenburupean. Bertan parte hartuko dute Iñaki Alonso Arce Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuordeak, eta EAEko hiru Foru Aldundietako Ogasun Departamentuetako foru diputatuek: Itziar Gonzalo de Zuazok (Araba), Itxaso Berrojalbiz Zabalak (Bizkaia) eta Itziar Agirre Berriotxoak (Gipuzkoa).

Moda eta jasangarritasuna: ekonomia sozialaren eta zirkularraren erronkak ehungintzan

Jardunaldiak bi eguneko iraupena izango du: gaur goizean hasi eta bihar eguerdian amaituko da. Topaketa honek ere Miramar Jauregian hartuko du lekua, baina gazteleraz egingo da. Gaurko EnpresaBIDEAren artikulu nagusiaren ildo bera jarraituta, honakoa da ikastaroaren helburua: “ehungintzaren industrian oro har, eta modarenean bereziki, berrerabilpenean eta birziklapenean dauden erronkak partekatzea, eta arloko jardunbide egokiak aztertzea”.

Lehenengo egunean, mahai ingurua eta bisita gidatua antolatu dira. “Jasangarritasuna Fast Fashionen garaian: ehungintzaren artearen egoera” solasaldiarekin hasiko da eguna, non Emaus Gizarte Fundazioko zein Scarp Re-visteko zenbait adituk hartuko duten parte. Jarraian, "bisita gidatua" egingo da Errenteriako ehun-tratamenduko zentrora, Aitziber Zubillaga Murgiondo Emauseko Zuzendari Nagusiaren eta Mari Luz Ferro Fernandez Kooperako Koordinatzaile Nagusiaren eskutik.

Bihar, bigarren egunean, bi mahai inguru egingo dira. Batetik, “Ehungintzaren sektorearen erronkak araudi berriaren aurrean” solasaldian parte hartuko dute Kooperako, Emaus Gizarte Fundazioko, EHUko, Aclimako eta San Sebastián Shopseko hainbat ordezkarik. Bestetik, “Trantsizio sozial eta jasangarria bultzatzen” izenburupean, hitza hartuko dute Slow Fashion Nexteko, AERESSeko, RECOVEReko eta MOVE!-ko beste zenbait ordezkarik.