
Cebek Bizkaiko enpresarien elkarteak lan absentismoari aurre egiteko foroak antolatu ditu ekainaren 17an eta uztailaren 3an. Jardunaldietan parte hartzen duten enpresek aukera izango dute “absentismoaren kostu erreala kalkulatzen ikasteko” eta “absentismoa kudeatzeko plan pertsonalizatua egiteko”; aldi berean, arrakasta izan duten negozioak aztertuko dira.
Enpresarien elkarteak datuak gogora ekarri ditu: azken bost urteetan 365 egun baino luzeagoak diren bajak 2.764 (2019) izatetik 7.999 izatera pasa dira (2024).
Cebeken ustetan absentismoa landu egin behar da aurre plangintzarekin, erreminta praktikoekin eta epe luzerako ikuspegiarekin, eta, hain zuzen, horretarako prestatu dituzte ekaineko eta uztaileko topaketak.
Orain arte ere gaia lantzen joan dira, elkarrizketa eta inprimakien bitartez galdeketak egin baitituzte. Lortutako emaitzen arabera, enpresek absentismoari aurre egiteko protokolo falta dute eta kudeaketa informalegia egiten dute. Aldi berean, elkarteak dio enpresek ohitura dutela lan segurtasuna (fisikoa) bermatzeko, baina ez dutela lehenesten langileen ongizate psikosoziala. Hau da, enpresek osasun mentala eta emozionala zaintzeari ez diotela horrenbesteko garrantzia ematen.
Aldi berean, ikerketak erakusten du absentismo maila altuagoa dela enpresetan urtebete baino gutxiago daramaten langileen kasuan; hala, ondorioztatu daiteke beharrezkoa dela enplegatuen integrazio-prozesuak gehiago zaintzea.