Ayesa Digitalen erosketa itxi du euskal partzuergoak

Iñigo Ucin eta Manuel Baraza izango dira, hurrenez hurren, presidente ez-exekutibo eta zuzendari exekutibo berriak

Iñigo Ucin eta Manuel Baraza | Argazkia: Ayesa Digital
Iñigo Ucin eta Manuel Baraza | Argazkia: Ayesa Digital
2026eko martxoaren 31a - 16:37

Indar Karterak, BBK Banku Fundazioak, Eusko Jaurlaritzak, Vital Fundazioak eta Tekneik osatutako partzuergoak Ayesa Digital erosteko operazioa itxi du, agintarien onespena jaso ondoren. 480 milioi euroko balioa duen akordioak konpainiarentzat "etapa berri bat" irekitzen du, Europako zerbitzu digitalen erreferente bihurtzeko asmoz eta enpresa-sarearen eraldaketa bultzatzeko helburuarekin.

 

Partzuergoak "egonkortasuna" emango dio enpresari, bere plan estrategikoa garatzeko eta zerbitzuak zabaltzeko. Horren baitan, adimen artifiziala, zibersegurtasuna, automatizazioa edo datuen kudeaketa bezalako arloak indartuko dira. Era berean, enplegua eta talentua sustatzea aurreikusten da, 11.000 langiletik gorako egitura sendotuz eta nazioarteko presentzia baliatuz. Zuzendaritzan ere aldaketak izan dira: Iñigo Ucín presidente ez-exekutibo izendatu dute eta Manuel Baraza zuzendari exekutibo bihurtu da, hazkunde fase berriari ekiteko.

Hitzarmena sinatzeko atarian Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak nabarmendu du "izugarrizko berri ona" dela, erabakigunea "bueltan ekartzen" duelako. Sailburuaren ikuspegitik, ez da soilik enpresa handi bat, Europan erreferente dena eta enpleguak sortuko dituena, baizik eta industriaren "bidelagun" ere izan daiteke "eraldaketa digitalean". Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Irune Berasaluce ere pozik agertu da egoitza Donostian "mantenduko" delako, eta albiste ontzat jo du Iñigo Ucinen izendapena presidente gisa, "kooperatiben munduarekin eta Gipuzkoako enpresekin duen konpromisotik, beti egon delako prest herri honen alde, gizarte osoaren ongizatearen alde eta pertsona guztien alde lan egiteko".