Bilboko udal-zentroetako garbitzaileek bost asteko greba hasi dute gaur, urriaren 24ra arte luzatuko dena. Deialdiak otsaila eta ekaina artean egindako bederatzi asteko grebari jarraipena ematen dio. Langileek FCC enpresari eskatu diote lan-baldintzak negoziatzeko, eta Bilboko Udalari ere bitartekaritza lanak egin eta soldata-arrakalari aurre egiteko neurriak hartzeko exijitu diote.
Langileen arabera, UTE BIO ERAIKIGARBIren bidez eskaintzen dituzten lanaldiak, kasu batzuetan, ez dira astean 20 ordutara iristen, eta lan-kargak jasanezinak dira. Gainera, salatu dute erretiroa hartzen duten langileen lanpostuak amortizatu egiten direla eta emakumeek gizonek baino lanaldi laburragoak dituztela. Garbitzaileek kale-garbiketako langileekin alderatuta dagoen soldata-arrakala ere nabarmendu dute: haien esanetan, %80koa da. "Bilboko Udalak soldata-arrakala diruz laguntzen du", adierazi dute.
Hala, langileek hainbat eskaera jarri dituzte mahai gainean: kale-garbiketako langileen aparteko ordainsari berberak izatea, 25 ordutik beherako kontraturik ez egitea, txanda-kontratua erabiltzeko aukera izatea, euskara-plan bat negoziatzea eta lanpostu hutsak betetzeko sistema bat ezartzea. "Ez gara geratuko, enpresa merezi ditugun baldintzak negoziatzeko eseri arte", ohartarazi dute.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta