• ENPRESAK GAUR
  • CAFek Osloko metroarentzako tren gehiago egingo ditu, 125 milioi euroren truke

CAFek Osloko metroarentzako tren gehiago egingo ditu, 125 milioi euroren truke

CAFek eta Osloko garraio publikoko operadoreak 24 metro-unitate gehiago fabrikatzeko akordioa sinatu dute

Argazkia: CAF
Argazkia: CAF
2026ko azaroaren 16a - 11:41
Eg. 2026ko azaroaren 16a - 11:42

CAFek eta Norvegiako hiriburuko garraio publikoaren arduraduna den Sporveien konpainiak egungo kontratua handitzea adostu dute. Akordio berriaren arabera, CAFek Osloko metroarentzat beste 24 tren-unitate fabrikatuko ditu, 125 milioi euro ingururen truke. Hasierako kontratua 2024ko maiatzean esleitu zioten euskal enpresari, zeinak 20 metro-tren hornitzea aurreikusten zuen. Gainera, 90 unitate gehiago egiteko aukera jasotzen zuen hasiera hartako hitzarmen horrek.

 

Tren berriak M4000 modelokoak izango dira, eta Norvegiako hiriburuko eguraldi-baldintza gogorretara egokituta egongo dira, elurra eta muturreko tenperaturak kontuan hartuta, alegia. Hiru bagoiko unitateak izango dira, eta bateriak izango dituzte, elikadura-sisteman arazoren bat gertatuz gero hurrengo geltokira iristeko aukera emateko. Gainera, prestatuta egongo dira etorkizunean gidaririk gabeko zirkulaziorako egokitzeko.

Osloko metro-sareak 85 kilometroko luzera eta bost linea ditu gaur egun. Seigarren bat gehitzea aurreikusten dute, Fornebubanen linea, 2029 edo 2030ean martxan jartzeko asmoz. CAFek beste bi proiektu ere gauzatu ditu hirian: 183 autobus elektriko artikulaturen eta 87 tranbiaren hornikuntza. Bi kontratu horiek dagoeneko amaituta daude, eta ibilgailuak martxan dira jada.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain