EAEko lau bioinstitutu publikoetako langileak kalera atera dira gaur ere, Zientzia ez da bere kabuz hiltzen lelopean. Biogipuzkoa, Biobizkaia, Bioaraba eta Biosistemak ikerketa institutuko enplegatuek Zientzia Legearen aplikazioaren blokeoa salatu dute, zeina 2022. urtetik dagoen indarrean.
Izan ere, zentroetako langileek osasun-sitema publikoarentzat egiten dute lan, osasun-arloko ikerketak egiten; haatik, ez dituzte Osakidetzako langileen kontratu- eta soldata-baldintza berberak. Osasungintza publikoan ikerketan lan egin arren, ikertzaile askoren baldintzak Osakidetzako kategoria baliokideetako langileenak baino okerragoak dira.
Zientzia Legeak, besteak beste, ikertzaileen lan-baldintzak hobetzea eta haien ibilbide profesionala egonkortzea ditu helburu. Hala ere, legea indarrean egoteak ez du esan nahi erakunde guztietan behar bezala aplikatu denik. Bioinstitutuetako langileen kasuan, aplikazio hori gauzatzeko negoziazioak blokeatuta daudela salatu du ELAk.
Hala, sindikatuak hainbat eskaera zehatz egin ditu: lanbide-kategoriak Osakidetzarekin parekatzea, kategoria horiei dagozkien soldatak bermatzea, lanbide-karrera garatzeko aukera izatea eta ikerketa-zentroentzako finantzaketa handitzea. "Zentroetako zuzendariek eta Eusko Jaurlaritzak legearen aplikazioa atzeratu dute, eta ez dute proposamenik aurkeztu langileen baldintzak Osakidetzakoekin parekatzeko", zehaztu du ELAk.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta