• ENPRESAK GAUR
  • Eneko Calvo (LUP): "Lupa bakoitza irakurtzeko autonomia berreskuratzen duen pertsona bat da"

Eneko Calvo (LUP): "Lupa bakoitza irakurtzeko autonomia berreskuratzen duen pertsona bat da"

LUPek nazioarteko merkatuetara egin du jauzi, bere lupa adimendunaren funtzioak etengabe hobetzen jarraitzen duela

Eneko Calvo LUPen CTO eta sortzaileetako bat | Argazkia: utzitakoa
Eneko Calvo LUPen CTO eta sortzaileetako bat | Argazkia: utzitakoa
Iraitz Urkulo (EnpresaBIDEA) ok(1)
Itzultzailea eta komunikazio-teknikaria
2026ko azaroaren 2a - 05:30

LUP 2021. urtean sortu zen, ikusmen zailtasunak dituzten pertsonei testuen irakurketa adimen artifizialaren bidez errazteko asmoz. Haien poltsikoko lupa adimendunak letrak hiru aldiz handitzen dituen lente fisiko zabalgarri bat eta idatzizko testuak ozen irakurtzen dituen sistema bat konbinatzen ditu, erabiltzaileen irakurketa autonomoa bermatzeko. 

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

2024an hasi zuten komertzializazioa, eta dagoeneko beren teknologia optika, liburutegi, eguneko zentro eta etxe asko eta askotara zabaldu dute. Latinoamerikan eta Europan zeharreko hedapena ere abiatu dute berriki. Hazkunde fase betean, beren produktuaren garapen etengabean ari dira, eta gailua merkatu berrietan ezagutarazten. Eneko Calvorekin mintzatu gara, LUPen CTO —Teknologia arduraduna— eta sortzaileetako batekin, beren teknologiaren eboluzioaz, negozio-ereduaz eta enpresaren erronkei buruz.

Lupa adimendunaren komertzializazioa hasi zenutenetik, zein izan da LUPen eboluzioa? Eta lorpen nagusiak?

 

2024an lupa merkaturatu genuenetik, LUPek urrats handiak eman ditu. Garapen-proiektu bat zena gaur egun Espainia osoan banatzen den produktu bat da: 300 salmenta-puntu inguru ditugu optika-sarean, eta liburutegi publiko, eguneko zentro eta beste erakunde askotan ere bagaude. Lorpenen artean, Impact Social Cup 2024 eta BBK Arin 2024 sariak nabarmenduko nituzke, baita 2026an Bizkaiko Foru Aldundiaren Enpresa Berritzaileak Sortzeko Programaren laguntza ere.

Lupa adimendunaren modelo bat baino gehiago garatu dituzue.

Gaur egun hiru modelo ditugu: Classic, Advanced eta Pro. Hirurek oinarri bera dute: poltsikoko gailu autonomoak dira, pantailarik gabeak eta Internetik behar ez dutenak; testu inprimatua hauteman eta berehala ozen irakurtzen dute, testuan zehar nabigatzeko aukerarekin, ahotsaren abiadura erregulagarriarekin eta hiru aldiz handitzeko lentearekin. Classic modeloak 4 hizkuntzatan irakurtzen du. Advanced modeloak 6 hizkuntzatan irakurtzen du eta argazkia ateratzeko laguntzaile adimenduna du. Pro modeloak 30 hizkuntzatan irakurtzen du eta Bluetooth konexioa du.

"Errentagarritasuna da LUPen inpaktua iraunkorra izateko baldintza: enpresa sendo batek bakarrik jarrai dezake berrikuntzan inbertitzen eta jende gehiagorengana iristen"

Zuen produktuak testua hautemateko teknologia eta adimen artifiziala uztartzen ditu. Zein izango dira hurrengo hobekuntza teknologikoak?

Hainbat hobekuntzatan ari gara lanean. Lehenik, 2027aren hasieran Pro modeloa audifonoetara zuzenean konektatu ahal izango da Bluetooth eta BLE bidez, doako eguneratze baten bitartez. Bigarrenik, euskarazko eta gaztelaniazko ahots sintetiko berriak txertatzen ari gara, Internetik gabe ere ahots natural eta kalitatezkoa izateko. Hardwarean auto-fokudun kamera berri bat integratzen ari gara, testua azkarrago eta zehatzago hautemateko. Eta erabiltzaileek gailua etxetik eguneratu ahal izateko aplikazio bat ere prestatzen ari gara.

Zein da hazkunderik handiena izan duen salmenta-kanala? Zeinek du potentzial handiena? 

Optika-kanala izan da gehien hazi dena: bi urtean 300 salmenta-puntu ingurura iritsi gara, eta erabiltzaileak dendan bertan proba dezake gailua erosi aurretik; horrek asko laguntzen du. Potentzial handiena, berriz, erakunde publikoetan ikusten dugu: liburutegi-sareak, udalak, eguneko zentroak eta osasun-sistema. Lehen lizitazio publikoak eta bolumen handiagoko eskaerak iristen hasi dira. Datozen urteetan, erakunde publikoen erosketak fakturazioaren %55 inguru izatea espero dugu; erosle partikularrek, ordea, gure oinarria izaten jarraituko dute.

Lupa adimenduna | Argazkia: utzitakoa
Lupa adimenduna | Argazkia: utzitakoa

Zuen izateko arrazoia ikusmen zailtasunak dituzten pertsonei egunerokoa erraztea da. Helburu hori bateragarria da errentagarritasunarekin?

Gure kasuan, inpaktu soziala eta negozioa eskutik doaz: saltzen dugun lupa bakoitza irakurtzeko autonomia berreskuratzen duen pertsona bat da. Inpaktua neurtzeko, erabiltzen ari diren gailu kopuruari, gure produktua eskaintzen duten liburutegi eta erakundeei eta haien bidez onura jasotzen duten pertsonei adi gaude, baita erabiltzaileen iritziei ere. Gure ustez, bateragarria izateaz gain, errentagarritasuna da LUPen inpaktua iraunkorra izateko baldintza: enpresa sendo batek bakarrik jarrai dezake berrikuntzan inbertitzen eta jende gehiagorengana iristen.

2026ko otsailean 475.000 euroko finantzazio-erronda abiatu zenuten. Zein izan da inbertitzaileen erantzuna?

Erantzuna oso positiboa izan da. Inbertitzaileek balioesten dute dagoeneko merkatuan dagoen produktu bat dugula, salmenta errealekin, eta inpaktu sozial argia duen proiektua garela.

Kapital horrek zer hobekuntza zehatz ahalbidetuko ditu?

Kapitala lau ardatzetan banatuko dugu. Lehena, garapen teknologikoa: gailuaren eta app-aren funtzio berriak, ahots berriak eta hardwarearen hobekuntzak. Bigarrena, fabrikazioa eta stocka, eskaera handiagoei erantzun eta entrega-epeak laburtzeko. Hirugarrena, merkataritza-hedapena, bai Espainian, bai nazioartean. Eta azkena, taldea indartzea, batez ere arlo teknikoan eta komertzialean.

"Urte amaierarako 500.000 € inguru fakturatzea aurreikusten dugu, bigarren seihilekoa indartsuagoa izango baita"

Argentinan eta Uruguain hasi duzue zuen nazioarteko hedapena. Zein da zuen estrategia merkatu horietan hazteko?

Gure estrategia tokiko banatzaile espezializatuekin lan egitea da: ikusmen urriaren merkatua ezagutzen duten eta erabiltzaileei arreta zuzena eman diezaieketen bazkideak. Argentinan banatzaile batekin hasi gara eta inguruko merkatuetara zabaltzen ari gara, Uruguai barne. Hizkuntza abantaila handia da, eta Latinoamerika merkatu naturala da guretzat. Aldi berean, Europan ere urratsak ematen ari gara: Alemanian banatzaile bat dugu jada, eta Erresuma Batuarekin harremanetan gaude.

Zein izan da LUPen fakturazioaren eboluzioa komertzializazioaren hasieratik gaur egun arte? Zein dira 2026. urtearen amaierarako aurreikuspenak?

Komertzializazioa hasi genuenetik, fakturazioa urtez urte hazi da. Urte amaierarako 500.000 € inguru fakturatzea aurreikusten dugu, bigarren seihilekoa indartsuagoa izango baita: erakunde publikoen eskaerak, nazioarteko salmentak eta Gabonetako kanpaina.

Zer erronkari aurre egin beharko diezue LUPen datozen urteetan?

Hainbat erronka ditugu aurrean. Lehena, ekoizpena eskalatzea kalitatea mantenduz: eskaera handiagoei erantzuteko, hornikuntza-katea eta fabrikazioa indartu behar ditugu. Bigarrena, berrikuntzan aurrera jarraitzea, teknologia-enpresa handiak ere irakurketa-laguntzan sartzen ari baitira; gure abantaila sinpletasuna eta erabiltzailearekiko hurbiltasuna da. Hirugarrena, ezagutzera ematea: behar hori duten pertsona askok ez dakite horrelako irtenbiderik dagoenik. Eta azkenik, talde txiki batekin nazioartean hazteak eskatzen duen ahalegina kudeatzea, finantzazio egokiarekin.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain