• ENPRESAK GAUR
  • Eroskik eta Basque Culinary Centerrek lankidetza zabaldu dute GOe ekosistemara

Eroskik eta Basque Culinary Centerrek lankidetza zabaldu dute GOe ekosistemara

Kooperatibak Gastronomy Open Ecosystem proiektuan parte hartuko du, elikagaien sektorean berrikuntza, iraunkortasuna eta prestakuntza sustatzeko

Akordioa sinatu dute Asun Bastidak (Eroski) eta Joxe Mari Aizegak (BCC) | Argazkia: Eroski
Akordioa sinatu dute Asun Bastidak (Eroski) eta Joxe Mari Aizegak (BCC) | Argazkia: Eroski
2026eko martxoaren 16a - 13:19

Eroskik eta Basque Culinary Centerrek elikagaien sektorea berritzeko eta bultzatzeko duten lankidetza hitzarmena eguneratu eta zabaldu dute. Akordio berriarekin, kooperatibak bere parte-hartzea handitu du GOe - Gastronomy Open Ecosystem ekosistemara, gastronomiaren arloko berrikuntza, prestakuntza, ekintzailetza eta ikerketa sustatzeko xedez sortutako nazioarteko hubera.

 

Bi erakundeek 2011tik dute lankidetza, eta helburua izan da elikadura eta gastronomia ulertzeko modua eraldatzen lagunduko duten proiektu berritzaileak bultzatzea. Hitzarmen berrituak aliantza sendotu du eta GOe ekosistema elkarlaneko garapen gune gisa txertatu du, sektoreak gaur egun dituen erronkei erantzuteko, besteak beste, iraunkortasunari, osasunari eta lehiakortasunari lotutakoei.

Akordioa GOe-n sinatu dute, eta bertan izan dira Eroskiko Harreman Instituzionaletako eta Komunikazio Korporatiboko zuzendari Asun Bastida eta Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusi Joxe Mari Aizega. Bastidak azaldu duenez, “Eroskin beti gaude kontsumitzaileen formakuntzarekin konprometituta, bereziki ohitura eta elikadura osasungarrien garrantziaz, eta tokiko nekazaritzako elikagaien sektorearen garapenaz”.

 

Urteotan, bi erakundeek hainbat proiektu garatu dituzte elikaduraren eta gastronomiaren berrikuntzan, prestakuntzan eta dibulgazioan. Besteak beste, I+G+b ekimenetan aritu dira balio erantsiko produktuak garatzen, hala nola, Eroski Seleqtia gama, eta gazteentzako eta kontsumitzaileentzako prestakuntza eta sentsibilizazio programak ere sustatu dituzte, tailer gastronomikoak eta ekintzailetza aitortzen duten “Eroski-BCC Onenak” ekimenak barne.