Artizarrako lehendakaritzan urtebete egin du Jon de Lapatzak. Fundazioak eginiko Plan Estrategikoan jasotakoa gauzatzen hasi den urtea izan da, eta Stellumetik diru kopuru bat jaso duena. Enpresa-talentua-inbertsioa triangeluan pausoak ematen jarraitu nahi dute.
Nolakoa izan da Artizarrako presidente gisa egindako lehen urtea?
Oso interesgarria. 2025-2028 Plan Estrategikoaren hasiera eta bertan jasotako ekintzak martxan jartzen hastea ekarri du, baita ekosisteman ditugun abiadura desberdinak lotzea ere. Izan ere, fundazioak ez du abiadura biziegia behar, baina Stellumek bai, eta azken horren hazkundea ikusgarria izan denez, nolabaiteko deskonexioa sortu zen. Beraz, berriz ere ekosistema osoa batzea izan da jokoaren zati garrantzitsu bat.
Nire ustez, oso aberasgarria izan da hori, bidean aurkitu ditugun gauzatxoak indartzeko ere balio izan duelako. Urte oso polita izan da.
Artizarrak erritmo pausatuagoa behar izan du lehen urteetan. Baina hor ere erritmoa bizkortu al da urtebete honetan?
Plan Estrategikoan gauzak birdefinitu egin ziren, eta hasieran josita zeuden elementu asko egituratu, ekintza zehatzak egin ahal izateko. Lehen agian ideien munduan zegoen gehiago, eta orain gauza zehatzen munduan. Noski, gauzatu nahi duguna ez da berehalakoa, Artizarraren helburua handia delako eta denbora eskatzen duelako. Baina puntu horretara iristeko gauzak egiten jarraitu behar dugu.
Zein da helburu handi hori?
Gure ustez, gizarte baten eraldaketaren motorra enpresa da. Eta eremu horretan, guk triangelu moduko bat definitu dugu, ekimen enpresarialak, hura posible egiten duen talentuak, eta hori guztia funtzionatzeko inbertsioak osatutakoa. Enpresa-talentua-inbertsioa triangelu horrek gizarteari itzulera egitea dugu helburu nagusi. Balio partekatua deitzen dugun zatia da.

Zer da balio partekatua Artizarrarentzat?
Kontzeptu garrantzitsua da. Iraganeko zenbait ikuspegi irauli ditugu eta horretan jarraituko dugu. Adibidez, enpresa eta gizartea beti ikusi izan dira mundu banandu gisa. Hori ez da egia; erabat lotuta daude, eta sinbiosi prozesu iraunkor bat dago. Ezin da egon gizarte indartsurik enpresa indartsurik gabe, eta ezin da egon enpresa indartsurik gizarte indartsurik gabe. Zentzu horretan, elkarri aberasteko prozesu bat ere badago.
Triangelura itzulita, eta inbertsioaren zatia hartuta, Artizarrak hasieratik defendatu duen gauzetako bat zera da: fundazioa sortu zenetik aldaketak egon direla Hego Euskal Herriko finantza-ekosisteman. Zein aldaketa?
Begira, Artizarra sortu zen BerriUp enpresa azeleratzailean antzemandako behar batengatik. Hor ikusi genuen sortu zen proiektu onek ez zutela finantzaketarik aurkitzen. Halakoak iristen zitzaizkionean, banku sistema tradizionalak esaten zuen: "primerako proiektua da, baina erakusteko zerbait edo zenbakiak dituzunean etorri". Horrela ikusi zen beharrezkoa zela inbertsio sektorea dinamizatzea. Eta hori egiteko modua izan zen funts-kudeatzailea (Stellum) sortzea, eta Artizarra ere bai. Fundazioa sortu dutenen helburua ez delako inoiz izan kudeatzailearekin dirua irabaztea, gauzak funtzionaraztea baizik. Hori zen oinarrizko printzipioa, eta lortu dugu.
"Artizarren bokazioa ez da bandera bat izatea, gauzak gertatzea baizik"
Aldaketa horiek zein puntura arte dira gakoak etorkizuneko enpresa ekosistema eraikitzeari dagokionez?
Ezinbesteko hankak dira, funtsezkoak. Inbertsiorik gabe, proiektuak oso txikiak izango dira edo hil ere egin daitezke. Aipatu behar da Stellumek kudeatzen dituen funtsak hasiera batean sustatu zirela enpresa sortu berrientzat. Kontua da gerora ikusi zela beharra jada finkatuta zeuden baina hazteko bokazioa zuten enpresetara zabaltzeko.

Talentuaren lan-lerroan, zein aurrerapen lortu dituzue?
Aurrerapen sendoak oraindik ez dira lortu. Ezagutza-fasean gaudela esango nuke: egoera zein den ikusten, kanpoan zer dagoen jakiten, eta aztertzen zer behar duten kanpokoek etortzeko edota bertakoek geratzeko.
Eta zer ikusi duzue?
Adibidez, Deusto Business Schoolekin lankidetzan eginiko lanari esker ikusi dugu beste herrialde batzuetan bizi diren 42.000 gazteetatik %85 baino gehiagok etorkizunean sorterrira itzuli nahi lukeela. Gainera, esan digute zein kondizio beharko lituzketen itzultzeko. Horietako bat soldata da, baina, kasu askotan, ilusioa sortzen dien proiektua litzateke.
Eta hor lantzen ari garen beste elementu bat sartzen da jokoan: errotzea. Jendea etortzeko proiektuak egon behar dira. Kontua da geurean proiektuak egon badaudela, baina euskaldunak oso txarrak izan gara horiek komunikatzen. Hori dela eta, ez dira ezagutzen. Horiei audientzia eman behar diegu. Erakargarriak bagara, jendea itzul dadin lortuko dugu.
Proiektu erakargarri horiei buruzko komunikazio falta izaera kontua al da ala testuinguruarena?
Kultura kontua da. Uste dut garena garela, eta, gainera, igaro dugun garaia igaro dugu. Beraz, horrek guztiak komunikazio eredua baldintzatu du. Gainera, normalean euskal enpresek aitortzen dute ondo egiten dituztela gauzak, baina galdetzen badiezu zertan diren onak, lotsatu egiten direla. Hori gainditzen ikasi behar dugu.
"Geurean proiektuak egon badaude, baina euskaldunak oso txarrak izan gara horiek komunikatzen"
Zer da errotzea Artizarrarentzat?
Gu enpresa errotzeaz ari gara. Eta horren barruan, bada optimoa den egoera: enpresa, hazkundea, talentua, kapitala... dena errotzea, alegia. Hori izango litzateke maximoa. Baina gure helburua ez da maximoa lortzea, baizik eta zerbait egotea. Enpresa errotzea, kapital errotzea edo talentu errotzea izan, hiruek balio digute, eta geroz eta gehiago, hobeto.
Horrek balio du orainaldian. Baina etorkizunean ere bai nahikoa al da?
Kontua da hau pixkanaka eraikitzen joatea, hobekuntza txikiekin ekarpena eginez, egunen batean esateko: "Aizu, ba aldaketa handia egin dugu gauza txikiekin".
Aipatutako urratsez gain, zein beste gauza egiten ari da Artizarra errotzea sustatzeko?
Erakunde askorekin lanean ari gara. Orain errotzea hitz handia da. Denek hitz egiten dute horretaz, baina ez dakit denok dugun argi zer den. Momentuz jakiten hasi gara zeintzuk diren deserrotzearen arrazoiak, eta argazki horretatik identifikatzen ari gara non dagoen landu beharreko zati garrantzitsua. Jakin badakigu kanpoan dagoen norbaitentzat erakargarri izateko interesgarriak diren gauzak eskaini behar zaizkiola. Eta hor sartzen da lehen aipatu dudan komunikazioa, azaltzeko lanbide heziketa zentro bikainak ditugula, zentro teknologiko apartak, azpiegitura oso onak edota 150 kilometroko eremuan ia edozein gauza azpikontratatu ahal izatea eskaintzen duen enpresa ekosistema bat. Hori ez dago mundu osoan.
Eta nola egin bertan dagoena bertan gera dadin? Zenbait pauso eman dira harrezkero, esaterako, administrazio lana erraztea edo baliabideen arintasuna, hemen dagoenak bizitza errazagoa izan dezan, ahal den neurrian.

Stellum ezagunagoa da Artizarra baino. Hori hala izatea zein neurritan da positiboa duzuen egituran?
Oso ona da. Stellum da guk nahi ditugun inpaktu ekintzak egiteko funtsak emango dizkigun elementua. Beraz, ezaguna izatea egiten duena ondo egiten duelako oso positiboa da. Horrek ahalbidetuko die dinamizatzen dituzten proiektuak sustatzen jarraitzea.
Artizarren bokazioa ez da bandera bat izatea, gauzak gertatzea baizik. Askotan esaten dugu gure helburua ez dela gu txalotzea zerbait gertatu delako, baizik eta gertakizuna bera gertatzea. Parte hartu badugu primeran. Noski, ona da ezagunak izatea, ate bat jotzen dugunean ireki egingo dizutelako. Baina helburua ez da ezagunak izatea, gauzak gertatzea baizik.
Stellum eta Artizarraren arteko nahasketa ere oso ohikoa da.
Bai, hala da. Baina argitzeko: Stellum kudeatzailea da, eta beste edozein entitatek bezala inbertsiogileen kapitala erakartzen du itzulkina lortu asmoz. Aldiz, Artizarrak ez du zuzenean inbertitzen. Egia da orain gutxi Javier Hernani presidente izendatu duela kudeatzaileak, aldi berean patronoa dena. Baina nola ez du egingo, bada? Balore Merkatuaren Espainiako Batzordearen dinamikak primeran ezagutzen ditu. Hernaniren posizio berriak erraztu egingo du kudeatzailearen eta fundazioaren arteko aldebiko komunikazioa.
Aldiz, Artizarrak Stellumi ematen diona da balioen geruza, denak ez baitu balio. Horrekin batera, funts-kudeatzaileak lortzen dituen itzulkinen parte bat Artizarrarentzat da, eta guk helburu altruistekin erabiliko ditugu, bekak edota formakuntza duala dinamizatzeko. Zenbat eta diru gehiago etorri, orduan eta gauza gehiago egin ahalko ditugu, noski. Askotan saiatzen da ikusarazten Artizarrak duen interes altruista ez dela bateragarria funtsen kudeaketa batekin. Ez da hala.
Eta noiz hasiko da jasotzen Artizarra Stellumengandik?
Dagoeneko hasi da. Iaz lehen sarrera batzuk izan genituen, eta horrekin hainbat konturi leku egin diegu. Plan Estrategikoa oso zabala da, eta argi dugu epe luzerako dela. Ez da egun batetik bestera eraikitzen, bat-batean; astiro-astiro sortu behar dira zimenduak, hemendik eta handik, borondateak eta ahaleginak integratuz eta batuz.
Eragile desberdinen arteko lankidetza duelako oinarri.
Bai, erabat. Hau ez da baten ahaleginarekin eraikitzen; askoz ere mugimendu handiagoa da. Erakundeak, entitateak, bestelako fundazioak, elkarteak, bestelako mugimenduak, pertsona indibidualak... edo gizarteko eragile guztiak inplikatzen ditugu, edota erdizka lortuko dugu lortu nahi duguna. Agian batek ideia izan dezake eta besteak garatzeko gaitasuna.

Egun Artizarrak patronatu bat du. Datozen urteetara begira patrono kopurua zabaltzea aurreikusita al dago?
Patronoak hautatzeko garaian, pertsonaren profila ezinbestekoa da. Esperientzia enpresariala duen pertsona hori bilatzen dugu, bagajea, prestigioa, izena duena, ezer jasoko ez duzun proiektu batean ekarpena egiteko gogoz dagoena. Eta, gainera, lau lurraldeetan egotea eta ikuspegi globala izaten laguntzea.
Kopuruari dagokionez, ez dugu gehiegi zabaldu nahi. Lehentasuna da ekarpena egiten duten profilak txertatzen joatea, eta astiro-astiro jarraitzea.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta