Koldo Eguren izendatu dute Kimua taldeko presidente

Egurenek Uribe-Etxebarria ordezkatuko du; Marta Barrilero izango da presidenteorde

Koldo Eguren | Argazkia: Kimua
Koldo Eguren | Argazkia: Kimua
2026ko irailaren 25a - 11:29
Eg. 2026ko irailaren 25a - 11:31

Kimua, AEFAME EAEko Familia Enpresen elkarteko gazte taldeak, presidente berria izango du: Koldo Eguren, Kamezi taldeko gerente orokorra. Era berean, Marta Barrilero izendatu dute presidenteorde, Barrilero taldeko zuzendari korporatiboa dena. Hala, Egurenek 2023tik presidente izan den Nerea Uribe-Etxebarria ordezkatuko du, eta Barrilerok Yera Cámararen lekukotza hartuko du.

 

Erabakiak gaur iragarri dituzte, gaur bertan izan baitu Kimua taldeak urteko batzarra, Getariako Balenciaga museoan. 2016. urtean sortu zen taldeak hamar urte bete ditu, eta urtez urte gazte gehiago batu dira ekimenera. Azken urtean, %7,3 handitu da kide kopurua, 150 izatetik 161 izatera pasatuta. Horietatik 41 Gipuzkoakoak dira, 96 Bizkaikoak eta 24 Arabakoak. Orotara, Kimuako partaideek AEFAMEren parte diren 58 enpresa ordezkatzen dituzte. "Familia-enpresetako etorkizuneko akziodunen arteko topagunea da Kimua; taldeak helburu du haien prestakuntza bultzatzea, esperientziak trukatzea eta ondorengotza-prozesuan laguntzea", azaldu dute. 

Urteko topaketan elkarrizketa egin diote Saioa Goitiari, Sophie et Voilá moda konpainiako sortzaileari. Ondoren, bisita egin dute Balenciaga museoan zehar, eta jarraian Okelan konpainiara bertaratu dira, Zarautzera. Presidente berriak ere hartu du hitza topaketan, eta garrantzia berezia eman dio gazteen formakuntzari: "Akziodun arduratsuak prestatzen jarraitu nahi dugu, prestakuntza-jarduera eta proposamen erakargarrien bidez, etorkizunean familia-enpresako akziodun gisa duten zeregina beren gain hartzeko presta daitezen, horrek dakartzan berezitasunekin". 

 
Kimua taldeak 10 urte bete ditu | Argazkia: Kimua
Kimua taldeak 10 urte bete ditu | Argazkia: Kimua

 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain