Lan Ikuskaritzak egindako txostenak berretsi egin du Tubos Reunidosen enplegu erregulazio espedientean (EEE) ez dagoela “iruzur, engainu, hertsapen edo eskubideen abusu zantzurik”. Era berean, azterlanak baieztatu du konpainiaren egoera ekonomikoak okerrera egin duela nabarmen, eta, hortaz, justifikatuta dagoela zuzendaritzak langileak kaleratzea eta Amurrioko lantegia ixtea.
Zehazki, txostenean zehazten da Tubos Reunidosek 118,1 milioi euro galdu zituela iaz, eta finantza zorra 263,2 milioi eurora igo zuela. Etorkizunera begira ere zenbatekoak ez dira baikorrak, eta Lan Ikuskaritzak ere datu horiek jaso ditu txostenean: 2026rako 26,1 milioi euroko Ebitda negatiboa aurreikusten da taldearentzat; 2027 urterako 20,8 milioikoa izango da, eta 17,5 miloi eurokoa 2028an, zenbateko negatiboak horiek ere. “Horrek agerian uzten du enpresa-proiektuaren egungo egoera ez dela bideragarria”, gaineratu du Lan Ikuskaritzak.
Bestalde, azterlanean baieztatu da 2025eko ekitaldiaren amaieran kapital soziala 21.000 eurokoa zela, eta ondare garbia 8.608 eurokoa. Ondare garbia kapital sozialaren erdia (10.500) baino txikiagoa izateak “desegiteko legezko kausa” ematen dio enpresari.
UGTk, bere aldetik, negoziazio prozesua gogor kritikatu du, eta salatu du benetako elkarrizketarik ez dela egon eta enpresak ez dituela kaleratzeen inpaktua murrizteko alternatibak serio aztertu. Sindikatuak nabarmendu du Lan Ikuskaritzaren txostenak irregulartasunak atzeman dituela Amurrioko lantegian, zehazki aldi baterako 46 kontratutan lege-iruzurra egon dela, eta horiek mugagabe bihurtzera behartu duela enpresa. Halaber, UGTk uste du neurriak ez direla proportzionalak, sektorearen izaera ziklikoa eta azken urteetako etekinak kontuan hartuta, eta enplegu-suntsiketaren ordez bestelako neurri malguagoak aplikatzea defendatu du.
ESK sindikatuak ere kritikatu du egoera, Jaurlaritzaren gardentasun falta salatuz eta adieraziz EEEak ez duela enpresaren benetako arazoa (zorra eta haren berregituraketa) konpontzen, eta, horren aurrean, jarrera irmoagoa eskatu du enpleguaren eta industriaren defentsan.