Leire Mugerzak (Mutriku, 1976) ibilbide luzea egina du kooperatiben munduan: Eika, Lea Artibai ikastetxea, Eroski... 2022tik, Kongresuko Lehendakaria da Mondragon taldean, munduko industria-kooperatibarik handienean. Otsailaren 19an, Gipuzkoako Emakume Profesional, Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen eskutik, Aspegi Saria jaso zuen Zuzendari edo Profesional kategorian. Horren aitzakian elkarrizketatu dugu, eta bere karguaren ardurez, eguneroko erronkez eta etorkizuneko helburuez mintzatu zaigu.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Zorionak Aspegi Sariagatik. Berria jasotzean, zer sentitu zenuen?
Poza eta harrokeriarik gabeko harrotasuna, nire aurretik egon diren hainbat emakumek, nahiz eta saririk jaso ez, sentituko zuketen poz berbera.
Kongresuko lehendakaria zara Mondragon taldean. Zertan datza zure egitekoa?
Kongresua da Mondragon osatzen duten kooperatiba guztiak ordezkatzen dituen organoa, eta hura gidatzeko jarraibide edo irizpide nagusiak ezartzen dituena. Interes komuneko funtsezko gaiei buruzko oinarrizko politikak definitzen ditu. Eta niri dagokit lehendakari bezala organo hori gidatzea. Etorkizuneko helburuak parte-hartze zabalarekin onartutako gure bide-orrian definitzen ditugu, gure politika sozio-enpresarialaren barruan.
"Poz handiena ematen didana gure kooperatibek proiektu berriak garatzea eta enplegu berriak sortzea da. Eta hartzen ditugun erabakiak etorkizuna hobetzeko direla ikustea"
Zein dira zure eguneroko lanaren zailtasunak? Eta zer alderdik ematen dizu poz handien?
Gauzak eginez eta erabakiak hartuz zer hobetu dezakegun pentsatzen ari naiz beti. Kooperatiba zein bazkideak entzutea garrantzitsua da, merkatuaren berezko zailtasunak ulertzea ere bai, ondoren elkarri nola lagundu eta nola izan gaitezkeen osagarri ikusteko, eta beharrezko egokitzapenak proposatu eta egiteko. Poz handiena ematen didana kooperatibek proiektu berriak garatzea eta enplegu berriak sortzea da. Hartzen ditugun erabakiak etorkizuna hobetzeko direla sumatzea eta gure atzetik datozen gazteei proiektu hobeak uzteko gai garela ikustea.
Kargu horretan diharduen lehen emakumea zara. Nola bizi izan duzu hartara iritsi arteko bidea?
Nik beti diot normaltasunez bizi izan dudala. Eika kooperatiban, Lea Artibai ikastetxean eta Eroskiko zein Mondragoneko funtzio guztietan pertsona gisa baloratu izan naute. Inoiz ez dut uste izan ardura-postuetan egoteko garrantzitsua izan denik emakume izatea, eta horrek zerikusirik izan badu, zentzu positiboan izan duela sentitzen dut.

Gero eta emakume gehiago daude enpresetako goi-batzordeetan, baina parekidetasun-egoera batetik urrun gaude oraindik.
Ados nago, uste dut oraindik asko daukagula egiteko, bereziki profil batzuetan; emakumeen presentzia oso baxua da profil teknikoetan, eta ikasle nintzen garaitik ez dut uste aurrerapen nabarmenik izan denik. Bestetik, zaintzaren inguruan arauetan eta politiketan aurrera egin den arren, oraindik zaintza-arduren zama emakumeok daukagu. Badirudi boterea gizonena izan dela eta zaintza emakumeena, eta hori kulturalki denon buruetan aldatzea kostatzen ari da.
Zein zentzutan da funtsezkoa emakumeen lidergoa enpresa-errealitatearen aldaketa ekonomiko eta sozialerako?
Oso sinplea da. Funtsezkoa da hori delako normalena. Zer zentzu dauka gizartea osatzen dugunon erdia leku jakin batzuetan ez egoteak? Berdintasuna hori da, eta, nire ustez, aniztasunak ematen duen abantaila lehiakorra ezinbestekoa izango da etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Denok kontuan hartuko gaituztenen lidergoak behar ditugu, ez dago beste aukerarik.
"Inoiz ez dut uste izan ardura-postuetan egoteko garrantzitsua izan denik emakume izatea, eta horrek zerikusirik izan badu, zentzu positiboan izan duela sentitzen dut"
Eika, Lea Artibai Ikastetxea, Eroski eta, 2022tik, Mondragon. Oso lan-ibilbide anitza izan duzu.
Bai, proiektu oso ezberdinak ezagutzeko eta haietan lan egiteko aukera izan dut; industrian, ezagutzan, retail munduan edo korporatiboan, eta seguru nago horrexek aberastu nauela. Bestalde, pertsona moduan, beste kontu batek ere asko aberastu nau: hiru semeren ama izateak, eta haiek hazten genituen bitartean lan egiteak. Lan hau ohoretzat dut, benetan sinesten dudan proiektu batean aritzeko aukera ematen didalako.
Zein dira, zure iritziz, kooperatibismoaren abantailak?
Nik beti diot bereizten gaituena ez dela zer egiten dugun, baizik eta nola eta zertarako egiten dugun. Asko laburbilduta, eredu demokratikoa da gure bereizgarria, baita berdintasuna arlo ezberdinetan ere: ezagutzaren demokratizazioan, aberastasunaren banaketan, genero gaietan, edo gure kulturarekiko kontzientzian, euskararen berdintasunean adibidez. Zertarako balio dute elkartasunak, kooperazioak eta aberastasunaren banaketak? Gizarte berdinzaleagoak sortzeko.
"Zertarako balio dute elkartasunak, kooperazioak eta aberastasunaren banaketak? Gizarte berdinzaleagoak sortzeko"
Besteak kudeatzera ohituta, nola kudeatzen duzu hain erantzukizun handiko postu batean aritzeak dakarren presioa?
Ondo. Edozein lanetan daude erantzukizunak, pertsona guztiok dauzkagu. Nire kasuan, bizi naizen inguruaz asko disfrutatzen dut. Mutrikuko portuko edota Debara bideko paseotxoak, lagunekin eta familiarekin planak, autokarabanan bidaiatzea posible dugunean… Denok bezala, eguneroko gauza txikiez asko disfrutatzen dut.
Zein dira Mondragon Korporazioaren ildo estrategikoak etorkizunera begira?
Mondragonek helburu sozio-enpresarialak ditu. Bi arloak batera datoz, guretzat ezinbestekoa baita proiektu soziala gauzatzea enpresarialarekin batera, ezin dira banatu. Beraz, gure bide-orriak lau ardatz nagusi ditu: izaera eta konpromiso kooperatiboa, egiteko modu ezberdin hori indartzen jarraitu behar dugulako; etorkizuna duten negozioak sustatzea, epe luzerako proiektua garelako; eraldaketa indartsuak gauzatzeko asmoz aritzea, gizartea eraldatu nahi dugulako; eta azkenik, elkarlana sustatzea, denon laguntza behar dugulako hain proiektu anbiziotsuak gauzatzeko. Indarrak batuz emaitzak biderkatzen ditugu eta bakarrik iritsiko ez ginatekeen lekuetara iristeko gai gara.