Mahindra konpainia indiarrak CIE Automotiven zuen parte-hartze guztia saldu du, oraindik euskal enpresan zuen %3,58a saldu ostean Accelerated Bookbuilding deritzon finantza-mekanismoaren bidez (akzioak denbora "errekorrean" saltzea). Operazioa BNP Paribasek kudeatu du, eta 126 milioi euro inguruko zenbatekoa lortu du Indiako enpresak.
Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari (CNMV) bidalitako informazioaren arabera, Mahindrak 4,29 milioi akzio saldu ditu, titulu bakoitzeko 29,37 euroko prezioan, bezperan CIEren akzioek itxitako balioa baino %6 gutxiago. Eragiketa horrekin, Indiako konpainiak amaiera eman dio 2013an hasitako etapari, orduan erosi baitzuen automobilgintzako osagaien fabrikatzailearen %13,5.
Azken urteetan, Mahindra murrizten joan da CIE Automotiveko kapitalean zuen presentzia. Hain zuzen ere, joan den abenduan konpainiaren beste %3,58 saldu zuen 119 milioi euroren truke, hori ere akzioen ezarpen azeleratu prozesu bidez.