• ENPRESAK GAUR
  • Talentua Berritzeko Zentroa sortuko dute PTGaraiak eta nGloba Strategyk

Talentua Berritzeko Zentroa sortuko dute PTGaraiak eta nGloba Strategyk

Hamar enpresarekin hasiko dute proiektua, konpainietan talentua nola kudeatzen den aztertu asmoz

Idurre Albizu, Virginia Amilibia eta Iratxe Pascual | Argazkia: Garaia Parke Teknologikoa
Idurre Albizu, Virginia Amilibia eta Iratxe Pascual | Argazkia: Garaia Parke Teknologikoa
2026ko urriaren 23a - 12:33
Eg. 2026ko urriaren 23a - 13:22

Garaia parke teknologikoa (PTGaraia) eta nGloba Strategy aholkularitza-enpresa elkartu egin dira Talentua Berritzeko Zentroa sortzeko. PTGaraian kokatuko da ekimena, zeinak helburu izango duen Debagoieneko eta EAEko enpresetan talentua nola kudeatzen den aztertzea. Horretarako, enpresa bakoitzaren egoeraren diagnostikoa egingo dute, eta hobekuntzak ezartzeko ekintza-planak proposatuko dituzte.

 

Proiektuaren abiapuntua da enpresek gero eta zailtasun handiagoak dituztela langileak aurkitzeko eta talentua konpainian errotzeko. Langileek enpresa uzten dutenean, ezagutza eta bezeroekiko harremanak galtzeko arriskua dago. Gainera, langileen ongizatearekin lotutako betebeharrak ugaritu egin dira, eta enpresa-proiektuekiko konpromiso falta ere kezka-iturri da. Zentroak faktore horiek aztertu nahi ditu, besteak beste, langileen txandakatzea eta absentismoa murrizteko.

Enpresa bakoitzaren diagnostikoaz gain, zentroak erakunde desberdinetako datu anonimoak bilduko ditu, ikertzeko talentuaren kudeaketan zein neurrik ematen dituzten emaitza hobeak. Aztergai izango dituzte, besteak beste, lidergo-estiloek langileen irteeran duten eragina eta ekitateak konpromisoan duen garrantzia. Bildutako ezagutzarekin, talentuaren behatokia eta enpresentzako tresna berriak sortzea aurreikusi dute.

 

Ekimena 2026ko udazkenean jarriko dute martxan, proiektua sortzen lagunduko duten hamar enpresarekin. Lehen diagnostikoak eta ekintza-planak egingo dituzte, eta 2027ko otsailean talentuaren kudeaketari buruzko lehen jardunaldi teoriko-praktikoetan parte hartzeko aukera izango dute. Aurretik, abenduaren 1ean, informazio-saioa egingo dute PTGaraian, 09:30etik 11:00etara, interesa duten enpresentzat.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain