
Digitalizazioak eragin du diseinugintzan, baina ofizioak betiko metodologia du oinarri oraindik ere: design thinking-a. Hala dio lan egiteko modu hori ondo baino hobeto ezagutzen duen Olaia Irulegi Garmendiak (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1981). Krean Group-en parte den Diaradesign diseinu taldeko zuzendaria da, baita EIDE Euskadiko Diseinatzaileen Elkartearen zuzendaritza batzordeko kidea ere (lehenago presidentea izan zen lau urtez). Diseinatzailearen esparru estrategikoan jarri du azpimarra, galderak egitearen beharra, erabiltzailearen esperientzia hobetzeko eta diseinu bidezko soluzio bideragarriak sortzeko.
Nola definituko zenuke diseinatzaile baten eguneroko lana?
Diseinatzaile baten lana pertsonen beharrak identifikatu eta soluzioak planteatzean datza. Guk produktuak eta zerbitzuak diseinatzen ditugu eta gure asmoa izaten da erabiltzailearen esperientzia hobetzea. Alde batetik, pertsonekiko lotura emozionalak sortzen ditugu, produktu eta zerbitzu horiek erabili nahi izateko, eta, bestetik, arlo teknikoa eta ekonomikoa dago, kontuan izan behar duguna, soluzio horiek bideragarriak izateko.
Behatzen ari gara denbora guztian. Gurea ez da bulego barruan egiten den lana soilik, beti ari gara begiratzen, galdetzen eta beharrak identifikatzen. Gure profil teknikoagatik gaitasuna dugu ikusitakoa soluzio bideragarrietan islatzeko.
Ematen al dio gizarteak diseinuari benetan gure egunerokoan duen garrantzia?
Orokorrean esango nuke ezetz. Badaude herrialde batzuk non diseinuaren kulturak garrantzia duen. Nik Alemanian ikasi nuen eta han bazegoen Bauhaus mugimendua eta diseinuari buruzko ezagutza. Esango nuke herrialde batzuetan gehiago ezagutzen dela diseinatzaile batek egin ditzakeen ekarpenak, baina oraindik egunerokoan esplikatu egin behar dugu zer egiten dugun. Arkitekto edo abokatu baten lana erraz ulertzen da, diseinatzailearena zer den askok eta askok ez dakite.
Mondragon Unibertsitatean ikasi zenuen industria diseinuko gradua eta gero Alemaniara joan zinen.
Lizentziatura bat egin nuen Alemanian, hemen aukera gutxi zegoelako goi mailako diseinuko ikasketak egiteko. Han urte asko zeramatzaten diseinua irakasten.
"Esango nuke herrialde batzuetan gehiago ezagutzen dela diseinatzaile batek egin ditzakeen ekarpenak, baina oraindik egunerokoan esplikatu egin behar dugu zer egiten dugun"
Diseinuaren ofizioa asko aldatu al da azken urteotan?
Diseinatzeko jarraitzen dugun metodologia design thinking-a da, hau da, analisia, sormena, garapena eta merkaturatze prozesua. Hori ez da askorik aldatu. Diseinaitzailearen lana betidanik izan da estrategikoa, diseinuaren bidez produktu edo zerbitzu batek urrats bat eman dezan. Adibidez, Irizarrek 90. hamarkadan Century autobusa diseinatu zuenean, apustu bat egin zen diseinu ekipo batekin lan egiteko, Diaradesign-ekin kasu honetan, eta Irizarren historia zeharo aldatu zuen. Ikuspegi estrategiko hori proiektu askotan ikusten da.
Era berean, digitalizazioa gure bizitzetan sartu denez, diseinatzaile prozesuan ere sartu da. Orain ia 40 urte sortu zen Diaradesign, eta orduan eskuz marrazten zen. Gaur egun erreminta digitalak ditugu bai 2Dan eta 3D formatuan lan egiteko. Honek asko azkartu du gure prozesua, aldaketak egiteko, adibidez. Lehen paperean egiten ziren marrazki horien aldaketak denbora gehiago behar zuten, gaur egun digitalean lan egiten dugunez, azkartu egin da. Adimen artifizialarekin ere bagabiltza lanean, gure sormen prozesuan nola lagundu dezakeen ikusteko, baina momentuz gure hausnarketek esaten digutena da diseinatzailearen sormena, buru estrategikoa eta intuizioa ordezkaezinak direla.
Zein produktu eta zerbitzu diseinatzen dituzue Diaradesign-en?
Estrategiatik hastea gustatzen zaigu eta hori guretzako galderak egitea da. Zertarako? Zeinentzako? Zergatik? Proiektuaren helburuak ondo bideratzeari denbora eskaintzen diogu. Lehen aipatutako design thinking metodologia erabiliz, estrategiak errealitate bihurtzen saiatzen gara. Egia esan, edozein produktu edo zerbitzu diseinatu genezake, baina gure bilakaerak espezializazio batzuetara eraman gaitu. Mugikortasuna aipatuko nuke, non mundu mailan gabiltzan trenak eta autobusak diseinatzen, nazioarteko fabrikanteekin elkarlanean. Horretaz gain, osasun eta industria arloan egiten dugu lana.
"Edozein produktu edo zerbitzu diseinatu genezake, baina gure bilakaerak espezializazio batzuetara eraman gaitu. Mugikortasuna aipatuko nuke, non mundu mailan gabiltzan trenak eta autobusak diseinatzen"
Esku artean duzuen zein proiektu nabarmendu zenezake?
Mugikortasunean oso proiektu interesgarriekin gabiltza momentu honetan, baina konfidentzialak dira eta ikusiko dugu ea noiz hitz egin dezakegun horietaz. Azkenaldian gure bezeroen artean zerbitzuen premia geroz eta handiago bat sumatu dugu. Askotan produktua badute, baina ez da nahikoa izaten. Esaterako, Bexen Cardiorekin orain dela urte batzuk lan egin genuen desfibriladore bat diseinatzen, saritua izan zena, Red Dot Disegn Award bat lortu zuen, eta behin produktua plazaratuta zegoenean, konturatu ginen zerbait gehiago behar zela. Momentu horretan enpresa hainbat soluzio garatzen ari zen, desfibriladorearen bateria monitorizatzeko software bat, formazio eskaintza bat, erreskatadore app bat... Elkarrekin saio kooperatibo batzuk eginez, desfibriladoreak saltzetik espazio kardiobabestuak saltzeko modeloa definitzen lagundu genien.
Horrelako saio kooperatibo gehiago egiten ari gara, non saio bakoitzean helburu zehatz batzuk ezartzen ditugun eta saioz-saio joaten gara aurrerapausoak ematen. Disenaitzaile moduan ere sormen lanean parte hartzen dugu. Bexen Cardiorena produktutik zerbitzuak eskaintzera igarotzearen adibide argia da, non produktua erdigunean dagoen eta ondo diseinatuta egon behar duen, baina balio erantsia eransteko eta posizionamendua ere aldatzeko zerbitzuetan ere pentsatu behar den. Proiektu honen harira “bizitzak salbatzen dituztela” esaten dute orain, beraz, narratiban eta markan ere laguntzen dugu.
Zuen bezeroen zer eskatzen dizuete gehien? Zerbitzuen diseinuak?
Ez, baino gero eta enpresa gehiago datoz guregana zerbitzuak diseinatzeko eskatuz. Horren adibide da mugikortasunean operadoreekin ere bagabiltzala lanean, eta kasu horietan gure ikuspegia zerbitzuetatik dator. Nola hobetu mugikortasunaren esperientzia? Aztertzen duguna da pertsona batek mugitzeko intentzioa duenetik helmugara iristen den arte zer nolako interakzioak dituen. Interakzio horietan daude daude espazioak, produktuak edota esparru digitala. Ez da gauza bera ibilgailu edo autobus bat lehenengo aldiz hartzea edo egunero erabiltzea. Erabiltzaile desberdinen ikuspuntua kontuan hartuta, definitzen ditugu nolakoak izan behar duten esperientzia horiek eta gaitasuna dugu esperientzia hori gauza ukigarrietan ikusarazteko. Dbus, Euskotren edo Bizkaibusekin eta inguruko operatzaileekin ari gara horrelako lanak burutzen.
Zuen bezero gehienak hemengoak dira edo nazioartekoak?
Mugikortasunean gertuko bezeroekin ere egiten dugu lan, baina gehienak kanpokoak dira. Atzerriko enpresekin ari garenean, askotan bisagra lana egiten dugu fabrikanteen eta operatzaileen artean. Adibidez, Singapurreko metroaren diseinua edo Mexikon orain gutxi martxan jarri den tren errailbakarra. Kanpoko eta gertuko bezero horiekin ikuspegi bikoitza dugu nolabait, esperientziaren hobekuntza eta produktuen bidezko soluzio bideragarriak eskaintzea. Osasunean eta industrian Espainia mailakoak dira bezero gehienak.
"Ez da gauza bera ibilgailu edo autobus bat lehenengo aldiz hartzea edo egunero erabiltzea. Erabiltzaile desberdinen ikuspuntua kontuan hartuta, definitzen ditugu nolakoak izan behar duten esperientzia horiek"
Nazioarteko IF Design Award saria jaso zenuten orain bi urte, eta azken edizioetan, gainera, epaimahaikide izan zara. Zer suposatu du honek?
Diseinuaren munduan bi sari garrantzitsu daude: Red Dot eta If Design Award. Bigarren hauetako bat lortu genuen Kiro Robotics fabrikatzailearentzat diseinatu genuen robot batengatik orain urte batzuk. Esparru onkologikorako zen, hau da, robotak medikamentu onkologikoak prestatzen zituen. Lehengo urtean tren batengatik jaso genuen aitorpena, Hangzhouko (Txina) aireportura doan metroarengatik. Fabrikatzaile txinatar batekin egin genuen proiektua eta eta beraiek lortutako lehen sari internazionala izan zen, horrek suposatzen duenarekin.
Bestalde, hiru urte daramazkit IF Design Awardseko epaimahaikide izaten eta hori ere Diaradesign-ekiko errekonozimendua da, mundu osoko ehun lagun baino gehiago izaten dira urtero hautatuak eta hor tartean ni ere egotea poz handia da.
Zenbateko lantaldea duzue Diaradesignen?
Krean-en 300 lankide inguru gara elkarlanean ingeniaritza, arkitektura eta, Diaradesign-en kasuan, diseinuan, 15 pertsonako lantalde espezializatu eta finkoarekin. Horretaz gain, kolaboratzaile sare zabal bat dugu.
Nola ikusten duzu Diaradesign-en etorkizuna? Nondik joko du zuen jarduerak?
Mugikortasunean jarraituko dugula argi daukat. Pandemiak ere erakutsi digu osasunak zer nolako garrantzia duen eta hor ere proiektuak izango ditugula uste dut, baita industrian ere. Erronka moduan, hurrengo urteetara begira, diseinuaren paper estrategiko hori gehiago errekonozitzea nahiko nuke. Dagoeneko ari gara horrelako proiektuetan, baina gehiago egin nahi ditugu. Diaradesignen malgutasuna dugula erakutsi dugu azken 40 urte hauetan eta eraldatzen joan gara, etor daitezela beste 40 urte. Merkatua oso-oso presente dugu, bezeroen beharrak ondo ulertu eta identifikatzen saiatzen gara, beraien lehiakortasuna indartu eta pertsonen bizitzak hobetzeko.
"Diseinatzailearen profila geroz eta zabalagoa da. Produktua diseinatzailea, grafikoak, markak, zerbitzuak, esperientziak, arlo digitala, fisikoa, espazioak... hor badago diseinu hitzaren edo profesioaren zabaltze bat"
Eta diseinuaren ofizioak, oro har, nondik joko du?
Nik uste dut diseinuaren esparrua zabaltzen ari dela. EIDE Euskadiko diseinatzaileen elkartean hasieratik gaude eta presidentea ere izan nintzen lau urtez, 2020 eta 2024 artean. Diseinatzailearen profila geroz eta zabalagoa da. Produktua diseinatzailea, grafikoak, markak, zerbitzuak, esperientziak, arlo digitala, fisikoa, espazioak... hor badago diseinu hitzaren edo profesioaren zabaltze bat, jada ez dago hain kategorizatuta, eta beharrak identifikatu eta sormena garatzeko soluzioetan bide desberdinak ireki dira.