Greba egunak deitu dituzte sindikatuek Petronorren azpikontratetan, "langileek urteak baitaramatzate lan-baldintza oso gogorrak jasaten". Halaxe salatu dute ELA, UGT, CCOO, LAB eta ESK sindikatuek, eta grebak abenduaren 1ean, 2an eta 3an egingo dituztela iragarri dute.
Hainbat dira egin nahi dituzten aldarrikapenak: soldata duinak, enplegu-egonkortasuna, atsedenaldi egokiak, laneko arriskuen prebentzioa eta, oro har, lan baldintza duinak. Hori gutxi ez eta sindikatuek egoera larria salatu dute: kontratetako langileek ez dute aldageletan ur berorik izan azken 25 egunetan. "Findegi batean lan egiten duten langileak dira, industria-jarduera gogor batek dakartzan arriskuen eraginpean daudenak, eta ez dute oinarrizko zerbitzu bat ere", gehitu dute ordezkari sindikalek.
Egoera "lotsagarria" izateaz gain, lan egiten dutenekiko "mespretxuaren erakusgarri" ere badela gaitzetsi dute, eta Petronorri erantzunak emateko exijitu diote: "Ez dugu onartuko batzuen irabaziak besteen prekaritatearen kontura lortzea". Izan ere, orain arte izan dituzten negoziazio-bileretan bi aldeak ez dira ados jarri, eta sindikatuaren hitzetan, enpresek uko egiten diote lan-baldintzak hobetzeko aurrerapausoak emateari.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta