Jarduera Ekonomiko Jasangarria Errazteko eta Arintzeko Premiazko Neurriei buruzko Legearen aurkezpena egin dute gaur Miñaoko Parke Teknologikoan Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak eta Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzakoak.
2030 Industria Planean jasotakoari jarraiki, lurraldearentzat "estrategikoak" edo "lehentasunezkoak" diren proiektuen administrazio-izapideak bizkortzeko aukera eskainiko du lege horrek, "autobide arautzaile" gisa izendatutakoak. Erraztasun horiek GIPP Goi-mailako Interes Publikoko Proiektu gisa izendatzen diren proiektuei eragingo die, izendapen hori oraindik ere Gobernu Kontseiluak onartu behar badu ere.
GIPPtzat joko dira, batetik, Euskadi 2030 Industria Planaren proiektu eraldatzaileak. Momentuz, bost proiektu aurkeztu dira marko horretan: ITP Aeroren lidergoa izango duen belaunaldi berriko motor aeronautikoko proiektua, I+Medek sustatuko duen nanomedikuntza pertsonalizatuan aplikatzeko hidrogel adimendunen egitasmoa, Danobatgroupen bultzada jasoko duen Roboost, Petronorren ardurapeko erregai berriztagarrien huba, eta Iberdrolaren zuzendaritzapean garatuko den Grid4Indudstry. Proiektu horiekin batera, GIPP izendapena jaso ahalko dute sare elektrikoen jarduketarekin eta hedapenarekin zerikusia duten egitasmoek, energia berriztagarrien proiektuek, zero emisio garbiko teknologien produkzio-instalazioek, funtsezko lehengaien proiektuek, eta hondakinen azpiegituren eta ekonomia zirkularraren proiektuek.
GIPPentzat %30 eta %75 bitarte murriztuko dira administrazio epeak, proiektuen arabera. Alegia, epe hori 2 urtekoa izatetik 6 hilabetekoa izatera igarotzea aurreikusi da, prozesu kopurua gutxitzeari esker —24tik 8ra—. Hori posible egingo duten neurriak dira administrazio-izapideak digitalizatu, burokrazia sinplifikatu eta bikoiztasunak ezabatzea, Jauregik nabarmendutakoaren arabera.
Industriari ez ezik, lehen sektoreari ere eragingo dio neurriak, Barredok azaldu duenez. "Nekazariek, abeltzainek, arrantzaleek, elikagaien industriek eta tokiko erakundeek beren proiektuak arintasun eta segurtasun juridiko handiagoarekin garatu ahal izatea ahalbidetzen du", azpimarratu du.
Legea Europako autonomia estrategikoaren premia eta kontinentearen berrindustrializazioa bizkortzeko beharrean kokatu dute sailburuek. Bestela esanda, ingurumen-arauekin bat etorriko diren administrazio-prozesu arinagoak bultzatzeko aukera eskaini nahi du legeak, sektoreen lehiakortasunari kalte egin gabe.