• ENPRESAK GAUR
  • Sidenorren Basauriko egoitzan egindako miaketa baliogabetu du Espainiako Auzitegi Nazionalak

Sidenorren Basauriko egoitzan egindako miaketa baliogabetu du Espainiako Auzitegi Nazionalak

Miaketa horretan Jainagaren enpresak Israelgo armagintza konpainia bati eginiko salmenten dokumentazioa erdietsi zen

Argazkia: Sidenor
Argazkia: Sidenor
2026ko apirilaren 16a - 10:56

Pasa den otsailean Espainiako Poliziak ikerketa bat abiatu zuen Sidenorrek Israelgo armagintza konpainia batekin zuen harremana aztertzeko asmoz. Ikerketa horren baitan, euskal enpresak Basaurin duen egoitzan miaketa egin zuen poliziak. Israel Military Industries (IMI) Israelgo armagintza enpresari egindako altzairu salmenta aztertu zuen zehazki.

 

Bada, atzo jakin zen Espainiako Auzitegi Nazionalak baliogabetu egin duela Basauriko egoitzan egindako miaketa, hura baimentzeko zantzu nahikorik ez zegoela argudiatuta.

Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidenteak helegitea jarri zuen miaketa hura baliogabetu zezaten eta apelazio auzitegiak arrazoia eman dio. Epaiaren arabera, Francisco de Jorge epaileak sinatutako autoan ez dago ikertzen ari diren delituei buruzko “zantzu nahikorik”, ez eta “susmo sendorik” ere.

 

Hortaz, aurrera begira, ikerketan ez da kontuan hartuko Basauriko lantegian aurkitutako informazioa. Bi ustezko delitu ikertzen ari dira: kontrabandoa eta gizateriaren aurkako delitu baten konplizea izatea. Miaketa baliogabetzeak Jainaga eta Sidenorreko beste bi arduradun genozidio baten konplize gisa ikertzea eragotziko du.

Gogoratu beharra dago Sidenorrek 40 altzairu bidalketa baino gehiago egin zizkiola IMI konpainiari, 5,8 milioi euroren truke, eta horietatik 33 Gazako genozidioa hasita egin zirela.

Otsailean egindako miaketan erdietsitako dokumentuetan ere agerian geratu zen Sidenorrek saldutako altzairuak armak egiteko erabili zirela, nahiz eta Jainagak epaiketan adierazi zuen ez zekiela materiala zertarako erabiliko zen.

Hori gutxi balitz, auzitegiak ukatu egin dio Reffat Alathamma mediku gazatarrari akusazio partikular gisa parte hartzea. Hasiera batean onartu bazuten ere, auzitegiak esan du ez dituela epaiketan parte hartzeko baldintzak betetzen, ez baitu lotura zuzenik delitua egozten zaion erakundearekin.