Tubacexen irabaziak %84 murriztu dira

Konpainia bete-betean jo dute Ekialde Hurbileko gatazkak eta ziurgabetasun komertzialak

Argazkia: Europa Press
Argazkia: Europa Press
2026ko apirilaren 24a - 10:49
Eg. 2026ko apirilaren 24a - 17:24

Tubacexek 1,3 milioi euroko irabazi garbiarekin itxi zuen urteko lehen hiruhilekoa, hau da, %84ko beherakada izan zuen 2025eko epe berarekin alderatuta. Ziurgabetasun geopolitiko eta komertzialak markatutako testuinguru batean izandako jarduera txikiagoari egozten dio jaitsiera hori konpainiak, batez ere Ekialde Hurbileko gatazkak eta Estatu Batuek aldez aurretik altzairuari ezarritako muga-zergak direla eta, erosketa- eta inbertsio-erabakiak geldiarazi baitituzte.

 

Arabako enpresaren salmentak 154,2 milioi eurokoak izan ziren, pasa den urtean baino %15,4 gutxiago, eta ustiapen-emaitza gordina (Ebitda) 20 milioikoa izan zen, %35,4ko jaitsierarekin. Fakturazioak behera egin arren, enpresak %13ko marjinari eustea lortu zuen, dibertsifikazioan eta balio erantsi handiagoko produktuetan oinarrituta.

Konpainiak onartu du ziurgabetasun globalak eskaeren erritmoa baldintzatu duela eta bere negoziorako ingurune zorrotzagoa sortu duela. Datozen hilabeteei begira, Tubacexek aurreikuspen zuhurrari eusten dio, nazioarteko ezegonkortasunak jarraituko duela ikusita. Bilakaera, beren esanetan, inbertsio-erabakiak berreskuratzearen eta ingurune ekonomiko eta geopolitikoan egonkortasun handiagoa izatearen mende egongo da.

 

Gauzak horrela, asteazkenean jakin zen zuzendaritza aldi baterako lan erregulazio espedientea ezartzea planteatzen ari dela.

Hitzarmen kolektiboa adostu dute

Bestalde, Tubacexeko Amurrio eta Laudioko lantegietako lan-hitzarmen berriaren inguruko akordioa ere ezagutu da: lantokien arteko batzordeko gehiengoak (ELA, STAT eta CCOO sindikatuek) 2025-2029 aldirako hitzarmena adostu du, 600 bat langileri eragiten diona. Akordioak KPIaren gainetik dauden soldata-igoerak jasotzen ditu, guztira %4,65era irits daitezkeenak, eta 2.000 euroko ordainsari gehigarria aurreikusten du. Halaber, 603 langileko plantillari eusteko konpromisoa hartu da, errelebu-kontratuak finkotasunez aplikatuz eta inbertsio-plan baten bidez lan-karga bermatuz. Gizarte-neurrien artean, euskara eta ingelesa ikasteko dirulaguntzak eta kontziliazioan hobekuntzak nabarmentzen dira, besteak beste.