• ENPRESAK GAUR
  • Akordiorik ez Tubos Reunidosen zuzendaritzaren eta sindikatuen arteko azken bileran

Akordiorik ez Tubos Reunidosen zuzendaritzaren eta sindikatuen arteko azken bileran

Amurrioko langileak 24 orduko lanuztea egiten ari dira gaur. Zuzendaritzak lan erregulazio espedientearekin aurrera jarraituko du

Tubos Reunidoseko langileak, protestan | Argazkia: Iñaki Berasaluce/Europa Press
Tubos Reunidoseko langileak, protestan | Argazkia: Iñaki Berasaluce/Europa Press
2026eko martxoaren 9a - 10:19

Bosgarren eta azken bilera izan dute gaur Tubos Reunidoseko zuzendaritzak eta langileen batzordeak, enplegu-erregulazio espedientea negoziatu asmoz. Era berean, eta orain arte egin duten moduan, beharginek protestak antolatu dituzte goizean zhear, eta Amurrioko lantegian 24 orduko lanuztea egiten ari dira.

 

Bada, egun osoa bilduta izan ostean, ez dute akordiorik lortu bi aldeek, eta hartara 301 langileen kaleratzeak aurrera jarraituko du. Bilkura arratsaldeko 17:00ak baino zertxobait lehenago amaitu da eta sindikatuek langileei jakinarazi diete ez dutela akordiorik erdietsi. Zuzendaritzak ez du baztertu nahi izan enplegu-erregulazioko espedientea, eta altzairutegia ixteko asmoa azaldu du. Sindikatuek bozkatu egin dute eta berdinketa atera da. Horrela, kontsulta-aldia ez luzatzea erabaki dute, eta espedientearen baldintzei eutsi zaie.

Beharginak haserre dira sindikatuen arteko desadostasunak direla eta. Kontsulta-aldia ez luzatzearen alde bozkatu duten sindikatuek, halaber, azaldu dute zuzendaritzak ez duela atzera egiteko asmorik, eta euren ustetan, negoziazio aldia luzatzeak ez zuen merezi.

 

Trafikoan mozketak

Euskalduna Jauregian bildu dira beharginak goizeko zortzietan, eta Sabino Arana etorbide ingurutik ibili dira; Spriren egoitzara ere bertaratu dira. Bidean, langileek Bilboko zenbait kale moztu dituzte, eserialdiak egin baitituzte; Trafikoan eragina izan dute Juan A.Zunzunegui etorbidean eta Jesusen Bihotza plazan.

Langileek eserialdiak egin dituzte | Argazkia: Europa Press
Langileek eserialdiak egin dituzte | Argazkia: Europa Press