• ENPRESAK GAUR
  • Tubos Reunidoseko langileek protesta egin dute; zuzendaritzak bideragarritasun plana defendatu du

Tubos Reunidoseko langileek protesta egin dute; zuzendaritzak bideragarritasun plana defendatu du

Enpresako merkataritza-zuzendariak dimisioa aurkeztu zuen duela bi egun

Argazkia: Europa Press
Argazkia: Europa Press
2026eko martxoaren 4a - 10:44

Tubos Reunidoseko zuzendaritzak eta enpresa batzordeak beste bilera bat egin dute, adostasunera iritsi nahian. Bilera ostean, zuzendaritzak bideragarritasun planaren alde egin du beste behin, eta egindako proposamena onartzeko eskatu die langileei, zeinak kostuak txikitzea, zorra berregituratzea eta finantzazioa bilatzea ahalbidetuko lukeen, enpresako arduradunek diotenez. 

 

Proposamen horrek, baina, orotara 301 langile —Amurrion 274 eta Trapagan 27— kaleratzea ekarriko luke eta Amurrioko lantegiaren itxiera. Sindikatuek guztiz baztertu dute beste behin proposamen hori, nahiz eta enpresak 59 urte baino gehiagokoei aurrejubilazioak eskaini, aldi baterako zeudenei 30 eguneko soldata lan egindako urte bakoitzeko —12 hilabetetan gehienez— eta aintzinakotasuna gordeta, eta martxoaren 10 baino lehen bat egiten duten langileei 38 eguneko soldata enpresan lan egindako urte bakoitzeko —24 hilabetetan gehienez ere—, eta 1.500 euroko lineala —10 urtez gehienez—.

Bilerak egin bitartean, langileak mobilizatzen aritu dira, eta Amurrioko plantan lan egiteari utzi diote beste 24 orduz. Gauza bera egin zuten otsailaren 17an, 23an eta 26an, eta martxoaren 9an ere berdina egitea aurreikusi dute akordiorik lortu ezean. 

 

Bajak zuzendaritzan

Duela bi egun jakin zen Pedro Rodríguez Salor Tubos Reunidoseko merkataritza-zuzendariak dimisioa aurkeztu zuela. Konpainian krisia hasi zenetik zuzendaritza taldean izandako bigarren baja da Rordríguezena, Josu Calvo presidente ez exekutiboak ere urtarrilean alde egin baitzuen enpresatik.