• ENPRESAK GAUR
  • Greba eta geldialdi berriak iragarri dituzte Tubos Reunidoseko langileek

Greba eta geldialdi berriak iragarri dituzte Tubos Reunidoseko langileek

Martxoaren 11, 12, 13, 14 eta 15ean lau orduko geldialdiak egingo dituzte

Argazkia: Europa Press
Argazkia: Europa Press
2026eko martxoaren 5a - 14:22

24 orduko bi greba egun eta bost lan-etenaldi egingo dituzte Tubos Reunidoseko Amurrioko langileek. Jakina zen martxoaren 9an lanuztea egingo zutela, hain zuzen ere, enpresa batzordeak zuzendaritzarekin bilera duen azken egunean; jakinarazi dutenez, ordea, martxoaren 10ean ere 24 orduko etenaldia egingo dute. Gainera, hurrengo egunetan (martxoak 11, 12, 13, 14 eta 15) lau orduko lan-etenaldiak egingo dituzte.

 

Martxoaren 9 zein 10ean, greba aurreko eguneko 22:00etan hasiko da. Lehen greba egunean 21:00etatik 22:30era eta 05:00etatik 14:30era piketeak aurreikusi dituzte, baita kontzentrazioa ere goizaldean. Martxoaren 10ean kontzentrazioak Bilboko Máximo Aguirre kalean izango dira, eta 15:30ean Amurrioko lantegiko sarreran asanblada egingo dute.

Datozen egunetan egingo diren lan-etenaldiak txandaka antolatuko dira: 02:00etatik 06:00etara gaueko langileentzat, 10:00etatik 14:00etara goizekoentzat eta 18:00etatik 22:00etara arratsaldekoentzat. Gainera, martxoaren 12an kontzentrazioa egingo dute berriro ere, kasu honetan, Gasteizeko Bilbo plazan, arratsaldeko 18:30ean.

 

Kaleratze “justifika ezinak”

ELA sindikatuak helarazitako prentsa oharrean, gogorarazi dute taldearen zorraren zati handi bat “2008 urtetik datorrela, akziodunek 170 milioi jasotzeko helburuarekin enpresa bera zorpetu izanaren ondorioz”. Sindikatuaren ustez, horrek “arriskuan” jarri zuen konpainiaren etorkizun industriala.

Gaineratu dute azken urteetako kudeaketa “oso txarra” izan dela, eta eskatu dute “adierazpen hutsak alde batera uzteko”, baita “egoeraren benetako errudunak seinalatzeko” ere. Salatu dute egindako bileretan enpresak ez duela informaziorik eman eta “espedientea ez dela justifikatu”.