• ENPRESAK GAUR
  • Jauregi sailburuak etorkizun "bideragarri eta sendoa" opa dio Tubos Reunidosi

Jauregi sailburuak etorkizun "bideragarri eta sendoa" opa dio Tubos Reunidosi

Konpainiak 50 milioi euroko balioa izanagatik, 250 milioi euroko zorra duela gogorarazi du Jauregik

Enpresa batzordeak 130 kaleratze aurreikusi zituen | Argazkia: Europa Press
Enpresa batzordeak 130 kaleratze aurreikusi zituen | Argazkia: Europa Press
2026eko otsailaren 4a - 15:54

Tubos Reunidos konpainiako gorabeherei adi erreparatu die gaur Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak, eta egoera "konplexua" izan arren, azpimarratu du funtsezkoa dela asmatzea zein den "herrialdearentzat estrategikoa den" proiektuaren etorkizuna bermatzeko bidea.

 

Radio Euskadi irratian egin dioten elkarrizketan sailburuak azaldu du Jaurlaritzak ez duela "erreskate faltsu bat edo aurrerantza ostiko bat" bilatzen, proiektuak etorkizun "bideragarri eta sendoa" izan dezan baizik. "Tubos Reunidosek 50 milioi euroko balioa du, baina ia 250 milioi euroko zorra; arazo hori erronka bat da, zeinari soluzio bat eman behar zaion", adierazi du. 

Enpresa-batzordeak duela pare bat egun jakinarazi zuen konpainiaren lan erregulazio espedienteak 130 kaleratze ekar ditzakeela. Sailburuak lanpostuak mantentzearen alde egin badu ere, kaleratzeak izatekotan "ahalik eta modurik duin eta zuhurrenean" izatea eskatu du, "ahalik eta eragin txikiena izan dezan". Era berean, langileek mobilizazioak egitearekin ados agertu da Jauregi, "mundu guztia librea delako bere eskubideak defendatzeko"; haatik, zalantzan jarri du ea manifestazioek eraginik izango duten eta ea lagungarriak izango diren ala ez. "Hori beste kontu bat da", gehitu du. 

 

Bestalde, atzo Cebekek azaldu moduan, sailburuak azpimarratu du AEBetako muga zergek eta merkatuak eragin handia izan dutela konpainiarengan, eta sektorea "oso ziklikoa" dela esan du. Hala ere, fase hobeago batean sartzeko aukerak aurreikusi ditu: "Behin eta berriz eskatu ondoren, Europatik merkatua babesten ari dira Trumpen arantzelek sortu zuten errebote-efektu horretatik, altzairua eta beste herrialde batzuetako siderurgia-produktuak Europara sartzea ahalbidetu zenetik".

Oraingoz, datorren astelehenera itxaron beharko da, egun horretan aurkeztuko baitizkie zuzendaritzak Bideragarritasun Planeko neurriak enpresa batzordeei.