• ENPRESAK GAUR
  • Udal sektoreko grebak hainbat udal eta zerbitzu itxi ditu

Udal sektoreko grebak hainbat udal eta zerbitzu itxi ditu

Greba egun "arrakastatsua" izan dela adierazi dute ELA eta LAB sindikatuek

Sektoreko langileeak greba egin dute gaur | Argazkia: ELA
Sektoreko langileeak greba egin dute gaur | Argazkia: ELA
2026ko urriaren 8a - 13:12
Eg. 2026ko urriaren 8a - 17:14

Greba egun "arrakastatsua" izan dute gaur EAEko udal langileek; ELA eta LAB sindikatuek gogorarazi dute sektoreko negoziazio kolektiboa blokeatuta dagoela. Haien arabera, Udalhitz mahaian bi urteko negoziazioen ostean, Eudelek negoziazioa amaitutzat jo zuen azken bileran, eta udalerrietako lan-hitzarmenen negoziazioak ere geldirik daude. Sindikatuek diote egoera horren ondorioz udal langileen lan baldintzak okertzen ari direla.

 

Gaurko greba deialdia iraileko bileretan langileen hainbat aldarrikapen jasota ez zeudelako egin dute. Besteak beste, soldaten eta erosahalmenaren galerari aurre egiteko neurriak, euskarari lotutako neurriak, urteko lanaldia murriztea, gazteberritze neurriak aplikatzea eta subrogazio eskubidea eskatu dituzte. Sindikatuek gogorarazi dute aurretik ere mobilizazioak egin zituztela: apirilaren 23an bi orduko lanuztea eta maiatzean eta ekainean egun osoko bi greba.

ELA eta LABek adierazi dute gaurko greban hainbat udal guztiz itxi direla eta udal zerbitzu batzuk baldintzatuta geratu direla. Era berean, Ranzari udal enpresan zerbitzu minimoak ezarri izana salatu dute, eta greba eskubidea urratu dela iritzita, erantzuna emango dutela esan dute, bide judiziala baztertu gabe. Sindikatuek Eudel osatzen duten EAJri, EH Bilduri, PSE-EEri eta alderdi independenteei negoziazioan aurrerapausoak emateko eskatu diete, eta ohartarazi dute datozen hilabeteetan mobilizazioekin jarraitzeko asmoa dutela.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain